Txirrindularitza

La Vueltak Sakana zeharkatuko du

Guaixe 2019ko abe. 18a, 10:05

Atzo aurkeztu zuten 2020ko Espainiako Vuelta. Abuztuaren 19an jokatuko den 5. etapa Iruñean hasi, Lizarraino heldu, Urbasatik Olaztira sartu eta Uharte Arakilgo pistatik Aralarko San Migel igoko du, Lekunberrin despeditzeko

Atzo aurkeztu zuten, Madrilen, 75. Espainiako Vuelta, txirrindularitzaren izar handiak bertan zirela. Vuelta orain arteko internazionalena izango da, Holandan, espainiar eta frantziar estatuetan eta Portugalen etapak izango baititu. Holandan, Utrecht hirian abiatuko da Espainiako Vuelta, abuztuaren 14an, eta irailaren 6an despedituko da, Madrilen. Tartean, Tourmalet eta Angliru ikusgarrietan despedituko dira bi etapa, eta Javier Guillen Vueltako zuzendariak nabarmendu zuenez “Vuelta berezia izango da, ausarta eta dibertigarria”. 

Urbasatik Olaztira jaitsi eta Uhartetik San Migelera igoko da
Zurrumurruak konfirmatu ziren eta Vuelta Sakanatik pasako da. Abuztuaren 19an izango da, asteazkenarekin jokatuko den 5. etapan. Etapa Iruñean hasiko da, Etxaurirantz joko du, eta Girgillanoko portua (3. maila) gainditu eta gero Lizarrara helduko dira txirrindulariak. Ondoren, Urbasako portua igo (3. maila) eta Olaztira helduko dira. Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Arbizu, Lakuntza eta Arruazu pasa eta gero, Uharte Arakilen Aralarko San Migelera daraman porlanezko pistan sartu eta santutegiraino igoko dira (1. maila), handik Lekunberriraino jaisteko. 151 km-ko etapa izango da, antolakuntzaren esanetan “malkartsua”. Antolakuntzaren web gunean Fernando Escartin txirrindulari ohiak dioenez “lehenengo zatia laua da, eta 1. mailako Aralarko San Migeleko portuak erabakiko du. Porlanezko pista honek lasterketa gogortuko du, heltzeko duen zailtasunagatik. Portua igota, Lekunberriraino jaitsiera azkarra izango da; hortaz, diferentzia guztiak portuak zehaztuko ditu”. 

Hurrengo etapa, Vueltako 6.a, Lodosan hasi eta Sorian despedituko da, Vinuesako Laguna Negran. 

2014ko zaborrak
Gogoratu beharra dago 2014ko irailaren 3an Espainiako Vueltako 11. etapa Aralarko San Migel santutegian despeditu zela. Milaka pertsona bildu ziren Fabio Aruk irabazitako etapa ikusgarria jarraitzera, baina askoren jokabidea ez zen behar bezalakoa izan eta Uharte Arakilgo pista eta santutegiaren inguruak zaborrez beteta utzi zituzten. Egoera okertzeko, zaborrak garbitzeko lanak ez ziren berehala hasi eta horrek haserrea piztu zuen. Antolakuntzak emandako irudia ez zen batere ona izan, zaborrez beteta gelditu baitzen dena eta horren irudiak berehala hedatu ziren sare sozialetan. Asteazkenarekin jokatu zen etapa eta Unipublicen langileak 2 egun beranduago hasi ziren garbiketak egiten, ostiralarekin. Antolakuntzak hurrengo urterako finago ibili beharko du.