Pentsiodunen eskaerak Parlamentura eta Altsasuko udaletxera

Guaixe 2019ko abe. 23a, 08:47
Sasoiak Irurtzunen pentsio duinen alde deitutako kontzentrazioa. Gaur, 12:00etan, Altsasuko udaletxe parean eginen da beste kontzentrazio bat.

Pentsio duinen aldeko mugimenduak bere eskaerak Nafarroako Parlamentura eta Altsasuko Udaletxera eraman zituen aurreko astelehenean.

Elkartasunean eta banaketan oinarritutako pentsio sistema publikoa, egungo pentsiodunendako baita etorkizunean pentsioak izanen dituzten gaurko langileendako eta ikasleendako ere. Horixe aldarrikatzen du pentsio duinen aldeko mugimenduak. Eta aldarrikapen horiek astelehenean Nafarroako Parlamentura eta Altsasuko udaletxera eraman zituzten. 

Mugimenduko kideek nahi dute Gizarte Segurantzaren aurrekontuak Estatuko Aurrekontu Orokorretan sartzea horrela 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortzeko, pentsioak automatikoki eta iraunkorki balioa har dezan, iraunkortasun faktorea indargabetzeko eta 2011 eta 2013ko pentsioen erreformaren alderdi atzerakoienak indargabetzeko. 

Aldi berean, mugimenduak genero arrakala murriztu dadin enplegu eta pentsioen atalean neurri zuzentzaileak susta daitezela nahi du. Aldi berean, emakumezkoak familia-etxean ematen dute denboraren aitorpena sustatu behar da, 65 urtetik aurrerako kotizazio gabeko pentsio-mota gisa, arduraldi-urte kopuruaren arabera. 

Neurri horiek indarrean ezartzea eta lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea aldarrikatu zuten astelehenean pentsio duinen aldeko mugimendukoek. Nafarroak aldarrikapen horiek betetzeko bitartekoak dituela eta eskuduntzak horretarako baliatzea eskatu zuten.