Lakuntzako, Etxarriko eta Altsasuko eskolei kalitate saria

Guaixe 2019ko abe. 19a, 19:23
Lakuntzako eskolako Irene Arretxe eta Izar Razkin, Etxarriko San Donatoko Ana Mazkiaran, Oihana Urdangarin eta Kontxi Kolina eta Altsasuko Zelandi eskolako Amaia San Roman eta Toñy Lopez.

Hezkuntza kontseilariaren eskutik jaso zuten kalitate zigilua atzo. Irakasleen, ikastetxetako eta Kalitate Negoziatuko zuzendarien eta Departamentuko Hezkuntzako Ikuskaritza Zerbitzuaren ahalegina aitortu du kontseilariak.

Lakuntzako Herri Eskolak, San Donato eskolak publikoak eta Zelandi eskola publikoak Hezkuntza Departamentuak emandako kalitate-sariak jaso zituzten atzo, Nafarroako beste 27 ikastetxe publikorekin batera. Aurrenak Kalitatearekiko konpromisoa aitortza jaso zuen, eta gainontzeko biek Kalitate-zentroa izendapena. Kalitatearen Kudeaketa Sistema (KKS) SGCC 2013 araua ezartzeagatik jaso dute aitortza 30 ikastetxeek. Arau hori departamentuak berak sortu du, nazioarteko kudeaketa arauetan eta ereduetan oinarritua eta Nafarroako hezkuntzaren errealitate espezifikora egokituz.

Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno Gurpegik ikastetxeak zoriondu zituen, “hezkuntza-arreta etengabe hobetzeko duten konpromisoarengatik, hori ikasleen, familien eta hezkuntza-komunitate osoaren onerako baita”. 

Kalitate-sareak
Kalitatea Kudeatzeko Sistemak ezartzeko Programa ikastetxeetako zuzendari batzuen ekimenez sortu zen 1998-1999 ikasturtean. Horrela, koordinatzaileek eta hezitzaileek aholkatutako ikastetxeen sareak sortzen joan ziren, eta jada 2005ean, Hezkuntza Departamentuak bere gain hartu zuen Programaren lidergoa, eta SGCC Arauaren arabera ezartzeko baliabideak jarri zituen.
Gaur egun, Nafarroako geografia, etapa eta hizkuntza-eredu guztietako 128 ikastetxe (ikastetxe publikoen %52a) kalitateko 19 saretan daude. Ikastetxeen sarea hazten joan da urteen joanarekin. 

SGCCa ezartzeko Programari esker, zuzendaritza-taldeen lidergoa eta ikastetxeetako taldeen lana indartu ahal izan dira, irakasleak arrakastaren funtsezko faktore moduan nabarmendu ahal izan dira, sormena eta berrikuntza bultzatu dira, ikasleen premiak hezkuntza-jardueraren ardatz nagusi bilakatzeaz aparte.

Argazkian: Lakuntzako eskolako Irene Arretxe, zuzendaria, eta Izar Razkin, ikasketa burua, Etxarriko San Donatoko Ana Mazkiaran, zuzendaria, Oihana Urdangarin, ikasketa burua eta Kontxi Kolina, kalitate arduraduna, eta Altsasuko Zelandi eskolako Amaia San Roman, zuzendaria eta Toñy Lopez, kalitate arduraduna.