Futbola

Hastapeneko futbol ikastaroa, hastear

Guaixe 2019ko abe. 20a, 09:46
Sakanako Futbol Topaketen iazko azken jarduna.

Hainbat saiotan banatuta, abenduaren 26an hasiko da eta martxoaren 8an bukatu

Ostegunean, abenduaren 26an hasiko da Hastapeneko futbol ikastaroa. Futbolaz gain, euskararen erabileran eta hezkidetzan trebatuko dira parte-hartzaileak. Antolakuntzatik adierazi dutenez, derrigorrezkoa da ikastaroa osotasunean egitea eta bukaeran aipatu hiru arloetan diploma jasoko dute ikasleek. 

Egutegiari dagokionez, abenduaren 26an hezkidetza ikastaro presentziala jasoko dute ikasleek, Urtxintxaren eskutik, Sakanako Mankomunitatean, Lakuntzan, goizeko 10:00etatik 14:00etara. Abenduaren 27an, “Hezitzaileak asko egin dezake” saioa eskainiko du Ttakunek, goizeko 10:00etatik 14:00etara, Mank-en egoitzan. Hurrengo saioa ilbeltzaren 2an eta 3an izanen da, futbol ikastaro espezifikoa, presentziala. Bi egunetako ordutegiari erreparatuz, goizeko 10:00etatik 14:00etara Otadiako Kristo Deuna Gazte Aterpean ariko dira, Altsasun, eta arratsaldean 16:00etatik 19:30era Dantzaleku futbol zelaian edo Zelandi kiroldegian, Altsasun, eguraldiaren arabera. Hurrengo saioa otsailaren 8tik martxoaren 8ra izanen da, futbol ikastaro bateratua, on-linekoa. Aurkezpena otsailaren 7an izanen da, presentziala, Altsasun.