Pala

Sakanako Nesken Pala Txapelketa finaletara begira

Guaixe 2019ko abe. 20a, 10:48

Asteburu honetan txapelketako azken jardunaldia dago jokoan Olaztin, promozio mailan finalerdiak. Gure Pilota XV. Sakanako Nesken Pala Txapelketako final handiak abenduaren 28an erabakiko dira, goizeko 10:00etatik aurrera, Etxarri Aranatzen

Azaroaren 30ean hasi zen Sakanako Mankomunitateak eta Etxarri Aranazko Gure Pilota elkarteak antolatutako XV. Gure Pilota Sakanako Nesken Pala Torneoa eta asteburu honetan 4. eta azken jardunaldia jokatuko da, Olaztin. Final handiak, aldiz, abenduaren 28an erabakiko dira, goizeko 10:00eatik aurrera, Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan. 

Bi mailatan jokatzen ari da XV. Gure Pilota Sakanako Nesken Pala Torneoa, gaztetxoen eta helduen mailan. Gaztetxoetan 5 kategoriatan lehiatzen ari dira palistak: tximeletak, pottokak, usoak, kattagorriak eta txitoak. Eta, helduetan, bi mailan: eliteak eta promozio mailakoak. Larunbat goizetan jokatzen da txapelketa: goizetan kategoria txikikoak aritzen dira, eta arratsaldez helduak. Sakanako hainbat frontoitan aritu izan dira, Etxarrin eta Arbizun, tartean, eta larunbatean azken jardunaldia jokatuko da, Olaztin. Kategoria bakoitzean jokatutako ligaxkako onenak sailkatuko dira abenduaren 28an Etxarri Aranatzen jokatuko diren finaletarako, baina helduen promozio mailan asteburu honetan finalerdiak daude jokoan eta bi finalistak sailkatuko dira finalerako. 

Nabarmentzekoa da palisten maila bikaina dela, helduetan bereziki. Punta-puntako palistak dabiltza astebururo gure frontoietan lanean, bertako onenak, eta finalak ere maila handikoak direla aurreikusten da. Elite mailan dabilen Irati Igoak azaldu zigunez, “Sakanako txapela garesti dago, baina etxekoa lortzen saiatuko gara”. Ea horrela den. 


Sakanako Pala Txapelketa
Azken jardunaldia, larunbatean, 10:00etan, Olaztin
Promozioa (finalerdiak):
Olatz Zulaika-Naroa Otxoa / Enara-Uxue Mendinueta
Ekhiñe Balerdi-Paula Gorostiaga / Elai Gomez-Andrea Lusarreta

Eliteak:
Uxue Murillo-Irati Igoa / Amaia Espinal-Maider Ardanaz
Irati Saragueta-Maite Ruiz de Larramendi / Amaia Irazustabarrena-Leire Azanza

Orain arteko emaitzak
Azaroaren 30eko emaitzak:
Promozioa: 
Balerdi-Gorostiaga 30 / Eizmendi-Senosiain 22
Gomez-Lusarreta 30 / Arbizu-Urdangarin 11
Eliteak:Irazustabarrena-Azanza 30 / Espinal-Ardanaz 22

Abenduaren 7ko emaitzak:
Promozioa:
Nahia Eizmendi-Ane Senosiain 16 / Olatz Zulaika-Naroa Otxoa 30
Eliteak:
Amaia Irazustabarrena-Leire Azanza 27 / Uxue Murillo-Irati Igoa 30

Abenduaren 14ko emaitzak:
Promozioa:
Olatz Zulaika-Naroa Otxoa 30 / Ekhiñe Balerdi-Paula Gorostiaga 25
Elai Gomez-Andrea Lusarreta 30 / Enara-Uxue Mendinueta 23
Eliteak:
Irati Saragueta-Maite Ruiz de Larramendi 30 / Amaia Espinal-Maider Ardanaz 28