Areto futbola

Ziordiko areto futbol torneo solidarioan 10 talde ariko dira

Guaixe 2019ko abe. 26a, 11:03

Abenduaren 29an jokatuko da eta jasotakoa Rett sindromea duen Zuriñe neskatilarendako izango da

Eguberritako Areto Futbol Torneo solidarioa antolatu dute Ziordian. Z
izurren bizi den Zuriñek Rett sindromea du eta gaixotasunari aurre egiteko makina bat tratamendu behar ditu, eta familia honi ahalik eta laguntza gehien ematea da abenduaren 29an jokatuko den Ziordiko Eguberritako Futbol Torneoaren helburua. 

10 taldek eman dute izena bertan aritzeko –talde bakoitzak 30 euro ordaindu ditu, Zuriñeren alde–. Bost talde nafarrak dira: Bayer de los Caidos (Altsasu) eta Peña glande, LSN, Amonal eta melocoton caliente, Zizurkoak, eta gainontzeko bostak arabarrak: Astralabio, Bar Edu eta Euskalorros, Gasteizkoak; Jai Alai kafetegia, Aguraingoa; eta Rochling, Araiakoa. 

12 orduko torneoa
Torneoari dagokionez, goizeko 9:00etan hasiko da lehen jardunaldia. Hasieran ligaxka jokatuko dute taldeek. Guztira 5 jardunaldi izanen dira, eta 17:45ean despedituko dira partidak, gutxi gorabehera. Ondoren, final laurdenei ekingo zaie, 17:50etik aurrera, eta finalerdiak 19:30ean hasiko dira. Bukatzeko, 20:20ean 3. eta 4. postuak zehazteko partida jokatuko da, 10 minutu iraungo dituena, eta final handia 20:35ean hasiko da. Arbitroak Futsaraba areto futbol ligakoak izango dira, torneo solidarioarekin bat egin nahi izan dutelako. 

Zuriñeren aldeko zozketa erraldoia
Torneoan Zuriñeren aldeko zozketa erraldoia eginen da; futbol eta saskibaloi talde eta jokalari ezagunek utzitako kamisetak eta taldeetako produktuak eta makina bat sari eta opari zozketatuko dira, 60 sari guztira. Zozketako txartelak salgai daude eta dagoeneko 4.000 txartel baino gehiago saldu dira. Torneoaren egunean bertan ere salgai jarriko dira. 

“Torneoaren helburua gutxienez 5.000 euro lortzea da, Zuriñek beharrezkoak dituen komunikadore eta eta molde batzuk erosi ahal izateko. Hainbat modutan lagundu daiteke: zuzenean Zuriñeren aldeko diru ekarpena eginez; torneoko parte-hartzaileendako produktu sorten ekarpena eginez; elkartasun zozketa erraldoirako produktu edo opariren bat eginez; zozketako txartelak erosiz; eta, jakina Ziordiko Gabonetako Areto Futbol Torneoan parte hartuz” adierazi digu Jose Ramon Ramirez antolatzaileak.