Xakea

Ziordiak hartuko du, bihar, Sakanako XX. Xake Txapelketa

Guaixe 2019ko abe. 20a, 12:45

Mank-ek antolatutako txapelketa bihar jokatuko da, abenduaren 21ean, 10:00etatik aurrera, Ziordiko Errekakartea elkartean

Eguberritako bezperetan urtero xakearekin hitzordua izaten da Sakanan, Sakanako Mankomunitateak antolatutako Sakanako Xake Txapelketa baitago jokoan. Aurten 20. edizioa izanen da eta Burunda aldean jokatuko da, Ziordian hain zuzen ere. Proba antolatzeko, Sakanako Zaldi Beltza Xake taldearen, Nafarroako Gobernuaren eta Ziordiko Udalaren eta elkartearen laguntza izan du Mank-ek. Ziordiko Errekakartea elkarteak hartuko du aipatu txapelketa, bihar, abenduaren 21ean, larunbatean, goizeko 10:00etatik aurrera.  

XX. Sakanako Xake Txapelketa, aldi berean, Nafarroako Txapelketa izanen da, 1.900 ELO puntutik behera. Metodologiari dagokionez, txapelketa 20 minutuko 8 partidara jokatuko da. Sariei dagokienez, helduen mailako lehenengo zazpiek saria jasoko dute eta gazteen mailako lehendabiziko hirurek.

Aurreko urtean Satrustegin jokatu zen XIX. Sakanako Xake Txapelketa eta 39 xakelarik hartu zuten parte, tartean 8 sakandarrek. Txapelduna Jabier Habans izan zen, Axel Roviralta, Daniel Mugika, Diego Moral, Gregorio Sola, Mikel Otxoa eta Unai Ruizen aurretik. 16 urtetik beherako kategorian 10 urteko Oier Lacruz gailendu zen, Haimar Leone eta Pablo Mugikaren aurretik. Eta sakandarren artean Mikel Castellano izan zen finena.

Izena emateko
Txapelketan aritu nahi dutenek 9:30etik aurrera eman beharko dute izena, Ziordiko elkartean (Prezioa, 5 euro).