Gimnasia erritmikoa

Iskizako gimnasten Gaboneko ikuskizuna, etzi

Guaixe 2019ko abe. 20a, 11:32

Igandean, goizeko 11:00etan hasiko da, Altsasuko Zelandi kiroldegian, Iskiza Sakana eta Olaztiko Eguberrietako ikuskizuna

Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikako Eskolan egun mugituak dira hauek. Igandean Eguberrietako erakustaldia egingo dute eta guztia behar bezala ateratzeko koreografiei azken ukituak ematen ari dira Iskiza Sakanako eta Olaztiko Sutegiko gimnastak eta haien irakasleak. Altsasuko Zelandi kiroldegiak hartuko du erakustaldia, igandean, goizeko 11:00etatik aurrera. 

“Olaztiko Sutegi gimnasia erritmikoko taldeak eta Iskiza Sakanako gimnasia erritmikoko eskola zein txapelketako taldeek hartuko dute parte igandeko erakustaldian” azaldu digute Iskiza taldetik. Aurten 60 gaztetxo ari dira gimnasia erritmikoan trebatzen Iskiza Sakana taldean, eskola mailan 30 haur eta lehiaketa mailan beste 30 gaztetxo. Eskola mailako irakasleak Ainhoa Imaz eta Aitziber Agirre dira, eta txapelketa mailakoak Olaia Granizo, Maria Remolina eta Olaia Agirre. 

Aurten Nafarroako Kirol Jolasetako Nafarroako Gimnasia Erritmikoko Txapelketan ariko dira Iskizakoak. “Banakako zein taldekako txapelketatan arituko gara. Taldekako txapelketan lau talde aurkeztuko ditugu: 4. mailan benjamin, kimuen eta haurren taldeak eta 3. mailan –Nafar Kirol Jolasetako maila gorena– kadeteen taldea. Banakako txapelketan hainbat kategoriatako 13 gimnasta aurkeztuko ditugu” gaineratu dute. 

Beraz, ikasturte honetan nahikoa lan dute aurretik Iskiza Sakana taldekoek. Igandean orain arte landutakoa praktikan jartzeko aukera paregabea izango dute Eguberrietako erakustaldiarekin. Taldeka, banaka, gimnasia erritmikoko elementuekin… denetariko koreografia ikusgarriez gozatzeko aukera izango da. Polita izango da, dudarik gabe, igande goiza pasatzeko modu ederra.