Atletismoa

Agur 2019! korrika

Guaixe 2019ko abe. 27a, 15:44

Altsasuko San Silvestreak 41 urte beteko ditu, Olaztiko Lasterketak 18 urte eta Irurtzungoak 3 urte. Eta Uharte Arakilen II. San Silvestre Traila prestatu dute

Abenduaren 31n zapatilak jantzi eta 2019. urtea korrikan despeditzera gonbidatu gaituzte Altsasun, Olaztin, Irurtzunen eta Uharte Arakilen. San Silvestreak probarik herrikoienak eta kuttunenak dira korrikalariendako, urteari agur esateko modu polita. Sakanan lau lasterketa izango dira: Nafarroako proba zaharrena den Altsasuko San Silbestreak 41. edizioa beteko du, Olaztiko San Silvestreak, aldiz, 18. edizioa izanen du, eta III. Pikubestre lasterketa antolatu du Irurtzunen Pikuxarrek. 
orretaz gain, Uharte Arakilen II. San Silvestre Traila antolatu dute. 

Altsasun 41 urte korrika
Dantzaleku Sakana klubak eta Sakana Triatloi Taldeak antolatuta, aurten 41. edizioa beteko du Nafarroako proba beteranoena denak. Aipatu proba, Mario Lopez de Uralde Memoriala izendatu zuten, bertan 17 urtez gailendu zen korrikalari altsasuarraren omenez. 

Abenduaren 31n, asteartearekin, arratsaldeko 18:00etan emanen zaio hasiera Altsasuko San Silvestreari, gaztetxoenen lasterketarekin. Aurrebenjaminak (buelta bat), benjaminak (bi buelta), kimuak (3 buelta) eta haurrak (lau buelta) plaza inguruetan antolatutako zirkuituan ariko dira. Gainontzeko kategoria guztiek, kadeteetatik aurrera, 19:00etan Altsasuko udaletxe paretik abiatuko den proba nagusian (5 km) parte hartuko dute. 

Korrikalariek Altsasun barna prestatutako zirkuituari hiru buelta eman beharko dizkiote. Aurreko urteko ibilbide bera da aurtengoa, eta soilik lehendabiziko hiruren denborak hartuko ditu antolakuntzak. Bukaeran sari ematea izango da.  

Aurreko urtean 640 korrikalarik hartu zuten parte 40 urte bete zituen Altsasuko San Silvestrean, eta 40 urte luze hauetan zendutako korrikalariak eta bazkideak –Juan Jose Igual, Hodei Iturrioz, Esteban Martinez, Iker Borrega, Daniel Ziordia, Goizeder Azazeta, Javier Martirena eta Mario Lopez de Uralde– izan zituen gogoan Dantzaleku-Sakana klubak, baita 40 urte hauetan proba irabazi zuten lau emakume altsasuarrak ere: Silvia Zulet, Loli Mendoza, Marijo Arza eta Jone Pelaez. Guztira 640 korrikalari aritu ziren, kategoria txikiak ere kontuan hartuta, eta helduetan Sergio Garcia de Eulate eta Izaskun Beunza gailendu ziren, euren 5. garaipena lortu zuten biek.  

Antolatzaileek aurten ere urtea korrikan despeditzera animatu dute, primerako giroa izaten baita. Izena ematea dohainik da, eta aurretik egin daiteke, www.dantzalekusakana.com web orrian. Bestela, egunean bertan eman daiteke izena. 

Olaztiko San Silvestrean lau lasterketa

San Silbestre lasterketaren 18. edizioa jokatuko da urteko azken egunean Olatzagutian, 18:00etatik aurrera, Sutegi elkarteak antolatuta. 17:00etan zabalduko da izena ematea, Olaztiko frontoian. Urtero moduan, 4 kategoriendako lasterketak antolatu dituzte: txikiak, 7 urtera artekoak (300 m), 8-11 urte bitartekoak (600 m), 12-15 urte artekoak (zirkuituari itzuli bat, 1.240 m) eta helduak, 16 urtetik gorakoak. Kasu honetan herri gunean antolatutako zirkuituari 4 bira eman beharko diete korrikalariek, 5 km inguru osatzeko. Probak frontoia izango du irteera eta helmuga, eta giro ederra sortzen da bertan. Bukaeran sari ematea izango da. 

III. Pikubestrea Irurtzunen

Irurtzungo Pikuxar Euskal Txokoak, Piku Gabonak egitarauaren barruan antolatuta, herri lasterketa antolatu du San Silvestre egunerako, III. Pikubestrea. Gernika plazatik abiatuta, 16:30ean haurrak ariko dira –6 urte bitartekoek 150 metroko proba izanen dute eta 6 eta 14 urte artekoek 300 metroko proba– eta 17:00etan, aldiz, helduak (4,2 km). Herrian barna zirkuitu polita antolatu dute Pikuxarrekoek, korrikalariak behin eta berriz animatu ahal izateko.
Irurtzungo proban aritzeko 15 urtetik gorakoek 2 euro ordaindu beharko dituzte, eta hortik beherakoek, aldiz, dohainik dute parte-hartzea. Bukaeran, korrikalari guztien artean opari ederrak zozketatuko ditu antolakuntzak. Izena ematea zabalik dago honako helbidean, abenduaren 31ko 12:00ak arte: http://xurl.es/PikubestreInscrip. Bestela, proba hasi baino lehen, Gernika plazan. 

II. San Silvestre Traila Uharte Arakilen
Uharte Arakilgo Aralar Mendi taldeak basoan eta mendian korrika egiten despeditu nahi du urtea. Horrela, II. San Silvestre Traila antolatu dute, Itxesi parkea abiapuntu hartuta jokatuko dena, abenduaren 31n, 16:00etatik aurrera. Hiru kategorietan jokatuko da: benjaminak (6-9 urte) 16:00etan 400 metroko proba izanen dute aurretik; haurrak (10-13 urte) 16:10ean abiatuko dira, 800 metroko lasterraldia egiteko; eta, azkenik, kadeteak eta helduak, 14 urtetik gorakoak, 16:30ean San Vicenteko Bira osatuko dute (4.500 metro). 
Izena ematea egunean bertan egin beharko da, Uharte Arakilgo igerilekuetako tabernan, 15:30etik aurrera. Kategoria txikienak dohain dute parte-hartzea eta kadeteek eta helduek, aldiz, 2 euro ordaindu beharko dituzte. Lasterketaren ondoren auzatea eta txikienendako txokolate-jana izanen dira