Pilota

Binakakoan sakandarrak bikain

Guaixe 2020ko urt. 7a, 11:46
Sakandarrek primeran ekin diote Binakakoari.

Binakako final-laurdenetako aurreneko itzulia despedituta, sailkapenaren goialdean daude pilotari sakandarrak, azken partidak irabazi eta gero. Larunbatean Jakak-Zabaletak Irribarria-Rezusta izango dituzte aurkari Etxebarrin eta Ezkurdia-Martija Altuna-Ladis Galarzaren kontra ariko dira Labriten

Binakako Txapelketako lehen ligaxkako aurreneko itzulia bukatuta, sailkapeneko goialdean daude pilotari sakandarrak. Erik Jaka eta Jose Jabier Zabaleta dira sailkapeneko liderrak, jokatutako 7 partidetatik 6 irabazita, 6 punturekin. Eta Ezkurdia eta Martija hirugarren postuan daude, 4 punturekin. Azken jardunaldietan garaipenaren bidean daude gure pilotariak eta finalerdietan egoteko hautagai sendoak direla erakusten ari dira. 

Jaka eta Zabaleta, geldiezinak
Igandean, Tolosako Beotibarren, Jakak eta Zabaletak Artola eta Imaz izan zituzten aurkari. Jakak eta Zabaletak seigarren puntua lortu nahi zuten, eta bosgarrena, aldiz, Artolak eta Imazek. Partida paretsua espero zen eta hala izan zen hasieran. 1 eta 2 aurreratu ziren Artola eta Imaz, baina 5 eta 4 aurreratu ziren segidan Jaka eta Zabaleta, eta hortik aurrera aldea ateratzen hasi ziren Lizartzakoa eta Etxarrengoa. Zabaleta bikain aritu zen atzeko koadroetan; bere kolpearekin partida dominatu zuen, pilota bikain mugitu zuen, pilotakada luzeak eta motzak tartekatuz, eta 5 tanto egin zituen. Eta bere aldetik, zituen aukerak bikain probestu zituen Erik Jakak. Horrela, bosgarren tantotik aurrera Artola eta Imaz baino askoz gehiago izan ziren eta merezitako garaipena lortu zuten, 22 eta 10. 
Jaka eta Zabaleta txapelketako onenak dira, momentuz. Soilik partida bat galdu dute, eta hura 21 tantora iritsita. Horrela jarraituz gero, txapela lortzeko hautagai oso serioak dira. 

Ezkurdia eta Martija, goranzka
Eta astelehenean sekulako erakustaldia egin zuten Ezkurdiak eta Martijak Eibarko Astelenan Aimar Olaizolaren eta Mikel Urrutikoetxearen kontra. Partidaren lehen zatia oso gogorra izan zen eta parez pare aritu ziren bi bikoak, eta Ezkurdiak eta Olaizolak tanto ikusgarriak egin zituzten. Biko batek aldea hartu, segidan hurbiltzen zen bestea. Baina Ezkurdiak hartu zuen batuta, partidaren erritmoa igo zuen – soilik Martijak erantzun ahal izan zion arbizuarrak ezarritako martxari– eta hor hasi zen biko sakandarraren festa. Sei tanto egin zituzten segidan sakandarrek, 16 eta 10 jarri ziren aurretik eta horrek partida guztiz baldintzatu zuen. Azkenean, goitik behera gailendu ziren Ezkurdia eta Martija, denetariko tantoak eginez: boleaz, pilota txokoan utzita, bi paretaz… Lan ikusgarria egin zuen Ezkurdiak, Martijak atzeko koadroetan ederki biribildu zuena. Behetik gora egin zuen Etxeberriko pilotariak. Aldiz, Mikel Urrutikoetxeak behera egin zuen azken txanpan, eta Ezkurdiaren kontra ezer gutxi egin ahal izan zuen Olaizolak. Horrela, merezitako garaipena lortu zuten Ezkurdiak eta Martijak, 22 eta 13, eta Binakako hautagai serioak direla erakutsi zuten. 

Sailkapena
Binakako lehen ligaxkako 7 partida jokatuta, Jaka-Zabaletak 6 puntu dituzte, Altuna-Galarzak 5 puntu, Ezkurdia-Martijak eta Artola-Imazek 4 puntu, Laso-Albisuk eta Irribarria-Rezustak 3 puntu, Olaizola-Urrutikoetxeak 2 puntu eta Bengoetxea-Mariezkurrenak puntu 1. Orain bigarren itzuliari ekingo diote pilotariek.

8. jardunaldiak dakarrena
Ostiralean, Getarian, Artolak eta Imazek Laso eta Albisu izanen dituzte arerio (22:00, ETB1). Larunbatean, Etxebarrin, Jaka eta Zabaleta Irribarriaren eta Rezustaren kontra ariko dira (17:45), eta egun berean, Labriten, Ezkurdiak eta Martijak Altuna eta Ladis Galarza hartuko dituzte (17:45, ETB1). Eta igandean, Zumaian, Olaizolaren eta Urrutikoetxearen kontra ariko dira Bengoetxea eta Mariezkurrena (17:00, ETB1).