Ziklo-krosa

Gorka Izagirrek irabazi zuen Ormaiztegiko Ziklo-krosa

Guaixe 2020ko urt. 7a, 12:56
Argazkia: Goierriko Hitza.

Jaioterriko proban Izagirre anaiak izan ziren nagusi

Ilbeltzaren 5ean jokatu zen XLIX. Ormaiztegiko Ziklo-kros lasterketa ezaguna, 2,5 kilometroko zirkuitu gogor eta lokaztuan jokatutakoa. Ormaiztegiarrek festa konpletoa ospatu zuten, garaipena etxean geratu baitzen, Astana Pro Team taldean dabiltzan Gorka eta Ion Izagirre Insausti anaien artean erabaki baitzen lasterketa. Azkenean, Ziordian bizi den Gorka Izagirre (1:00:10) gailendu zitzaion anaiari jaioterrian, 13 segundoko aldearekin. 

Nahia Imaz hirugarrena
Junior mailan Ekin taldeko Aitzol Sasieta gailendu zen (40:20) eta Quesos Albeniz taldeko Iker Mintegi 13. sailkatu zen. Sakana Group-Aralar taldeko Jon Erdozia 32. iritsi zen eta Quesos Albenizko Jon Chamorro eta Oihan Etxeberria 33. eta 34. postuan. Kadeteetan, Lyuando taldeko Gabriel Ibañezek irabazi zuen (30:35) eta Quesos Albenizko Mikel Uncilla podiumera igotzear egon zen, laugarrena sartu baitzen. Sakana Group-Aralar taldeko Aimar Tadeo 8. postuan iritsi zen, Quesos Albenizko Mikel Regil 23. eta Sakana Group-Aralarko Aritz Oiarbide 26. Eta emakumezkoen kadete mailan Arabarrak taldeko Maria Modenes izan zen txapelduna (35:46) baina Nafarroa Ermitagaña taldeko Nahia Imaz altsasuarra podiumera igo zen, hirugarrena sailkatu baitzen (38:01).