Emakume gehienok joaten gara ile-apaindegira, sarritan ez bada, noizean behin. Ordu bat, bi ordu edo gehiago egiten ditugu bertan joaten garen bakoitzean; badugu, hortaz, tartea berriketarako zein irakurketarako. Mota askotako emakumeak hurbiltzen gara bertara, adina tarteko (haurrak, gazteak, adinekoak); gustu, iritzi, pentsamolde askotakoak. Ile-apaindegietako bezeroen artean halako aniztasuna badago ere, ileapaindegietan eskaintzen zaizkigun irakurgaiak mota bakarrekoak direla esanen nuke (baliteke oker egotea), gehien partean, prentsa arrosaren ingurukoak, orrazkerari eta modari buruzkoak, eta jakina, ia guztiak gaztelaniaz. Horrek pentsatzeko bidea ematen dit.
Badirudi, bat, ile-apaindegira joaten garen emakume guztioi aldizkari horiek irakurtzea gustatzen zaigula, eta, bi, irakurgai horiek direla ile-apaindegian irakurri daitezkeen aldizkari bakarrak. Horren harira, galdera batzuk datozkit burura: zergatik mantendu identifikazio hori, alegia, ile-apaindegia, prentsa arrosa (gaztelaniaz) eta emakumea? Zergatik mugatu irakurgai horietara bakarrik? Zergatik, bestalde, hezkuntza arlotik, neskato gazteen artean STEAM karrerak eta lanbideak (zientzia eta teknologiaren arlokoak) sustatzeko ahalegin eta egitasmo handi samarrak (beharrezkoak) jartzen dira martxan eta ez dira osatzen beste ahalegin xumeago baina, apika, eragiteko eremu handi samarra izan ditzaketen beste batzuekin? Zergatik ezin dira euskarazko aldizkariak edo irakurgaiak ere ile-apaindegietan egon?
Ez dut uste oso zaila denik era askotako irakurgaiak ile-apaindegietara zabaltzea. Euskaraz aukera egon badago, batzuk aipatzearren, Elhuyar aldizkaria (Zientzia eta teknologiari buruzkoa), Gaztezulo (gazteek irakurtzeko modukoa), Guaixe, Argia... edota komikiak, ipuinak. Irakurgai eta aldizkari horiek ile-apaindegietara eramateko modua ere egon badago, herri gehienetan ditugun liburutegien bidez maileguan hartu baitaitezke.
Hortxe ba, esanda dago!