Pilota

Larunbatean Labriten jokoan dagoen puntua "oso garrantzitsua" dela diote Ezkurdiak eta Altunak

Guaixe 2020ko urt. 9a, 10:35

Ezkurdiak eta Martijak 4 puntu dituzte eta Altunak eta Ladis Galarzak 5, eta, hortaz, jokoen dagoen puntua oso gozoa da bi bikoendako

Atzo Ezkurdiak eta Martijak eta Altunak eta Ladis Galarzak larunbatean Binakako Txapelketako 8. jardunaldian jokatuko duten partidarako material aukeraketa egin zuten Iruñeko Labrit pilotalekuan.  Materialaren inguruan ez zen kexarik egon eta bi bikoek pilota baxuagoak hautatu zituzten. Ezkurdiak eta Martijak 4 puntu dituzte eta Altunak eta Ladis Galarzak 5, eta, hortaz, Binakakoan aurrera egiteko jokoan dagoen puntua oso garrantzitsua da bi bikoendako. Altunak eta Ladis Galarzak sailkapeneko bigarren postua lortu nahi dute, Jaka eta Zabaleta koska bat gorago baitaude, eta Ezkurdiak eta Martijak, hirugarren postuari eusteko borrokatu. Beraz, lehia oso estua espero da goraino betea egongo den Labriten. 

Jokin Altunak azaldu zuen partida “gogorra” espero dutela, baina ez dela izango aurrekoak baino “errazagoa ez zailagoa”. Garaipena lortzea garrantzitsua izango dela aitortu zuen Amezketakoak, “finalerdietan sailkatzeko aurrera pausua” litzatekeelako. “Partida oso garrantzitsua da larunbatekoa, guk 5 puntu ditugulako eta beraiek 4, eta aurrera pausu handia litzateke eurei jokoan dagoen puntua kentzea” adierazi zuen Altunak. Arerioak bikain ikusten ditu Altunak. “Ezkurdia pilotari totala da eta Martija, atzean, bizitza-asegurua da”. 

Joseba Ezkurdiak ere larunbatekoa partida “oso garrantzitsua” dela azaldu zuen. “Irabazten badugu Altunari eta Ladisi berdinduko diegu. Partida zaila izango da, beraiek joko oso onarekin daudelako. Partida oso ona egin beharko dugu irabazteko aukera izateko. Gure helburua da lehen fasea despeditzeko gelditzen diren 7 partidatan berdin jarraitzea, partida guztietan lehiakorrak izatea. Puntu asko daude oraindik jokoan eta finalerdietan egoteko borrokan egon beharra dugu, partidaz-partida” nabarmendu zuen aurrelari arbizuarrak. 

Gaur dute hitzordua Jaka-Zabaletak eta Irribarria-Rezustak
Larunbatean, Etxebarrin, Jakak eta Zabaletak Irribarria eta Rezusta izango dituzte aurkari eta gaur, ostegunean, goizeko 11:00etan egingo dute pilota aukeraketa bi bikoek. Jaka eta Zabaleta txapelketako bikoterik onena da momentuz. Soilik partida bat galdu dute eta hori 21 tantorekin, eta ikusgarri dabiltza. Aldiz, Irribarria eta Rezusta ez dabiltza oso fin. Bikote garrantzitsuenetako bat izango zirela espero zen, baina momentuz ez dute euren onena eman eta jokatutako 7 partidetatik 3 irabazi dituzte. Txapelketan aukerak izaten jarraitzeko irabazi beharrean daude gipuzkoarrak, eta, aldiz, euren lidergoa sendotzeko beste garaipen bat nahi dute Jakak eta Zabaletak. Ea zer gertatzen den.