Idazle berriendako lehiaketan beteranoak

Guaixe 2020ko urt. 13a, 11:57
Literatur Lehiaketaren irabazleak, Nerea Balda eskuinetik lehenengoa. IRUÑEKO UDALA

Bi sakandarrek saria irabazi dute Iruñeko Udalak duela 29 urte antolatzen duen literatur sariketan. Joxe Aldasorok aipamen berezia jaso du narrazio laburrean eta Nerea Baldak olerki sailean bigarren saria irabazi du

Idazle Berrientzako Literatur Lehiaketa ongi ezagutzen dute Joxe Aldasoro etxarriarrak eta Nerea Balda irurtzundarrak. Iruñeko Udalak antolatzen duen euskarazko literatur lehiaketak hiru modalitate ditu, narrazio laburra, olerkia eta bertso-papera, eta modalitate bakoitzean hiru sari banatzen dira. Aipamen bereziak ere baditu lehiaketak. Neurri aldetik ere "polita" dela esan du Baldak: "Parte hartzeko aukerak ematen ditu". Gainera, sariak "inportanteak" dira: 1.500, 1.000 eta 500 euro atal bakoitzean, eta 250 euro aipamen berezia. "Lehiaketa guztiak bezala, badakizu norbaitek testuak irakurriko eta baloratuko dituela", esan du Aldasorok. Sariketaren 29. edizioa izan da 2019. urtekoa, eta hori ere parte hartzeko orduan baloratzekoa dela azaldu du Aldasorok: "Polita da". Urte amaieran lehiaketaren sariak banatu zituzten: Baldak olerki sailean bigarren saria irabazi zuen eta Aldasorok narrazio laburrean aipamen berezia. 

Bi idazle sakandarrak beteranoak dira literatur lehiaketan. Nerea Baldak olerki sailean bigarren saria irabazi du Asmo dekalogoa poesiagatik. 2018ko edizioan Baldak bi lehenengo sari jaso zituen narrazio laburra eta olerkia modalitatean. "Aurreko bi urteetan banituen prest aurkezteko moduko bi lan txukun bai narrazioan bai poesian, eta bietara aurkeztu nintzen". 2019ko ediziorako "hortxe ibili naiz" eta aukeratu beharra zuela ikusi zuen: "Bien artean errazago ikusi nuen poesia lana bukatzea eta horri heldu nion". 

Asmo dekalogoa da saritutako olerkia. Baldak poema batzuk idatzita zituen: "ikusi nuen guztietan bazegoela aholku modukoak, agintera bazuten, baina aldi berean gauzak aldatzeko asmoak zeuden horren atzean". Ildo bat zuten: "Dekalogo bat zirudien eta hortik jo nuen". Epaimahaiaren arabera, gehiago irakurtzen jarraitzeko gogoak ematen ditu irurtzundarrak sortutako olerkiak: "Dekalogoa hamar esan nahi du, baina gutxiago ziren eta arau bakoitzari lotutako poemak zeuden. Hortik luzatzeko aukera bazegoela esaten zuten". 

Poesia urtean zehar idazten du Baldak, eta gero poemak bildu eta "bidali" lehiaketara bidali zituen. Beste batzuetan, iazko narrazioa kasu, lehiaketarako propio sortu ditu lanak. "Ideia bat nuen buruan eta lehiaketara egokitzen zela ikusi nuen". Betidanik idatzi izan ohi du Baldak, "baina ez dut inoiz serio hartu". Duela zenbait urte "fundamentuzko" zerbait egiteko gogoak sartu zitzaizkion, eta horretara jarri zen. Idazteko maniarik ez du, baina bai idatzi aurretik "prozesu mentala" izan ohi duela aitortu du. "Paseatzera ateratzen naiz eta pentsatzen aritzen naiz". Idazten jartzen denean "poliki" idazten duela esan du. 

Joxe Aldasororen sortze prozesua, aldiz, "kaotikoa" da. "Idei pila bat daukzat eta zirriborro bat egiten hasten naiz, agian ez du balio eta alde batera uzten dut...". Forma hartzen duenean "errazagoa" dela azaldu du. Idazle Berrientzako Literatur Lehiaketan aipamen berezia jaso du etxarriarrak bigarren urtez. "Aurkeztu naizen lehiaketetan garrantzitsuenetarikoa da Iruñekoa". Lanak idazten dituela eta lehiaketetara bidaltzen dituela esan du: "Batzuetan sariren bat jasotzen dut, beste askotan ez". 

Familia izan ohi da Aldasororen narrazioen "aitzakia edo tresna"; gai bat hartzen du eta "arazoei edo problemei" buruz hitz egiteko modu "inkonszientean" familia erabiltzen du: "Zorionez edo zoritxarrez familiak oso presente daude". "Zorionez" ere gaur egun familia modelo asko daudela esan du. 

Moldakaitza Iruñeko Udaleko literatur lehiaketan narrazio laburrean aipamen berezia jaso duen lanean, beraz, etxarriarrak haurrak hezitzeko modu desberdinak, iritzi desberdinak eta sortzen diren arazoak jorratzen ditu: "Hezkuntzaren ingurua sortzen diren arazoak edo konfliktoak", ama hiltzen den familia bat oinarri dela.