Herri-egutegiak zintzilik

Guaixe 2020ko urt. 11a, 12:42
Uharte Arakilgo egutegiaren azala.

Lau herrietako etxeetan bertan sortutako egutegia dute zintzilik.

Herriko argazkiak protagonista dituzten egutegiak daude Uharte Arakilgo, Arbizuko, Bakaikuko eta Ziordiko etxe askotan. Ondare taldea laugarrenez argitaratu du Uharte Arakilgo egutegia. Joan den urtean uhartearrei argazki zaharrak eskatu zizkieten. Taldekideek ere bilketa egin zuten eta elkartu zituzten artean 20 bat egutegian daude ikusgai. Orain arte gaur egungo argazkiak erabili izan dituzte. Bestalde, Arbizuko Udalak estreinakoz egin eta banatu du herriko egutegia. Migel Anjel Reparaz, Ander Reparaz eta Xabier Asaren argazkiak ditu. Baita Miren Berastegik, Garbiñe Petriatik eta Gemma Insaustik egindako bilketako kantu, esaera eta bestelako testuak ere. Bakaikun seigarrenez argitaratu dute herriko egutegia. Ekimen horrek lau urte bete  ditu Ziordian. Kultura batzordeak ziordiarrei argazkiak eskatu zizkien eta haiekin osatu dute herriko egutegia. Hala egin zuten duela bi urte ere. 2019ko irudiak, berriz, Javier Legazenak ziren. 

Sakanan bestelako egutegiak ere sortu dira. Esaterako, Irurtzungo Pikuxar euskal txokoaren egutegian protagonistak bere bazkide guztiak dira eta irudiak egoitza berrian kokatuta daude. Etxarri Aranatzen V. Zama doinuz arinduz elkartasun musika jaialdia izanen da igandean eta antolatzaileek egutegia salgai jarri dute. Altsasukoak Aske plataformak ere urte berriarekin auziari buruzko egutegia argitaratu du. Eta gauza bera egin du Mila Kolore elkarteak ere.