Sakana enpresen lehiakortasuna handitzeko Europako proiektu batean

Guaixe 2020ko urt. 14a, 11:44

Sakanako Garapen Agentziako ordezkariak (ezkerretik 2.a eta 4.a) abenduko bileran.

Europako zazpi eskualdek parte hartzen dute 4.0 ready proiektuan, enpresak 4.0 industriaren erronkarako prestatzeko. Nafarroako lan taldeko kide da Sakanako Garapen Agentzia.

Enpresa txiki eta ertainei (ETE) lehiakortasuna handitzen laguntzeko eta eta 4.0 industriaren erronkarako prestatzeko Europako zazpi eskualde elkartu dira, Nafarroa barne. Interreg Europe Programaren laugarren deialdian 4.0 ready proiektua onartu diete. 4.0 Ready proiektuaren bitartez, eta esperientziak trukatuta, parte hartzen duten eskualdeen helburua da 4.0 industriak dakartzan aldaketa teknologikoei, kulturalei eta antolamendukoei aurre egin nahi dieten ETEei laguntzeko eskualdeko tresnak hobetzea.

4.0 Ready proiektuak beste helburu tematiko batzuk ere jorratzen ditu, esaterako, ingurumena eta energia-eraginkortasuna, karbono gutxiko ekonomiarako trantsizioa eta ikerketa eta garapena. 4.0 industria Europa osoan zehar hedatzen ari denez, estrategiak garapen digital integratuaren lerro berriarekin koherenteak izatea bermatu nahi dute eskualdeek. Gainera, ETEek horretan parte hartzea eta haiendako onuragarriak izatea lortu behar dute. ETEetan biltzen dira, besteak beste, ekintzaileak, jabeak, zuzendaritza-karguak edota maila guztietako langileak, industriako erronka berriak bere gain hartzeko prestatuta egon behar baitute.

Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Departamentuko Industria Sustatzeko Zerbitzuak Nafarroako proiektuko parte-hartzaileekin aurreneko bilera abenduaren 26an egin zuen. Han ziren Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterola Matxain eta Aintzane Iriberri Berrostegieta. Guztiek elkarlanean ETEk 4.0 industriaren arloan dituzten premiak identifikatzeko lan eginen dute. Premia horien artean daude, besteak beste: langileak beharrezko gaitasun digitaletan trebatzea, enpresen eraldaketa digitalerako estrategiak lantzen laguntzea, trebatzaile teknologikoak eskaintzea edota inbertsioak egiteko laguntzak ematea.

Bazkideak 
Italiako Toscana eskualdea buru dutela, elkarlanean honako eskualdeak ariko dira: Helsinki-Uusimaa Regional Council (Finlandia), Public Service of Wallonia (Belgika), Silesiako Gobernua (Polonia), Buchares, Ilfov Region (Errumania), FSEko Agentzia (Lituania) eta Nafarroa. 

Proiektuan foru erkidegoko honako erakundeek parte hartzen dute: Nafarroako Enplegu Zerbitzua-Nafar Lansare, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua, Nafarroako Enpresarien Konfederazioa, Nafarroako Merkataritza Ganbera, Nafarroako Industria Elkartea, Sodena, Nasertic, Naitec, Dedalo Fundazioa, Nafarroako Industria Fundazioa, Ezagutzan oinarritutako Zerbitzuen Enpresa Elkartea-ANAIT, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Klusterra-CLAVNA eta Sakanako Garapen Agentzia.