Ekintzaileen eskutik 14 enpresa berri

Guaixe 2020ko urt. 15a, 10:47

Cederna Garalurrek Sakanako Garapen Gunean, Utzuganen, antolatutako ikastaroa.

Cederna-Garalurrek 34 ekintzaile lagundu zituen joan den urtean. Haietako 17k autonomo gisa alta eman dute eta hala 14 enpresa sortu dira.

Cederna-Garalur Nafarroa Ekintzailea sareko kide da eta ekintzailetza sustatzeko zerbitzua eskaintzen du. Zerbitzu horren bidez Garalurrek 34 ekintzaileri babesa eta aholkularitza eman zien joan den urtean. Haietako 20 emakumezkoak ziren eta gainontzeko 14ak gizonezkoak. Garalurren aholkularitza horri esker 14 enpresa sortu ziren eta 17 langilek autonomo gisa izena eman zuten joan den urtean. Lege formari dagokionez, 11 banakako enpresari gisa ari dira eta beste hirurak sozietate irregular gisa eratu ziren. Garalur kide den Nafarroa Ekintzailea sarea Nafar Lansarek, La Caixa eta Caja Navarra fundazioek finantzatzen dute.  

Bestalde, Garalurrek bi urte baino gutxiago dituzten 13 enpresari babesa eta aholkularitza eman die.  Eta zerbitzu bera jaso dute bi urte baino gehiago martxan daramaten beste hiru enpresek. Aldi berean, Garalurrek “ekintzaile esperientziak lehen pertsonan” tailerra eman zuen. Bestetik, Sakanan ekintzailetza esperientziak zabaltzeko eta dinamizatzeko laguntza eman zuen Garalurrek. Horri lotuta, besteak beste, Nafar-Lansarek antolatutako ekintzailetzarekin lotutako jardueretan parte hartu zuen. Azkenik, ekintzaileendako bi tailer eskaini zituen, ogasunari aurkeztu beharreko paperak antolatzeko bata eta, bestea, ogasunarekin tramiteak Internet bidez egiteko Ziurtagiri Digitalari eta fakturen diseinuari buruzkoa. 

Harremanetarako
Arbizuko industrialdean dagoen Utzugane, Sakanako Garapen Zentroan, dauka Garalurrek egoitza. Astegunetan 08:00etatik 15:20era, pasa daiteke egoitzatik. Ekintzailetza zerbitzuan, hitzordua eskatuta, Altsasun astelehenetan ematen dute laguntza eta aholkularitza. Harremanetan jartzeko 948 567 010 telefonora hots egin edo sakana.admon@cederna.es e-postara idatz daiteke.