Tren geltokiko txarteldegia itxita

Guaixe 2020ko urt. 10a, 14:01
Bidaiaria trenera igotzen Altsasuko geltokian.

Gaur egun trenek soilik Uharte Arakilgo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko tren geltokian eta azken horren geralekuan besterik ez dira gelditzen. Bakar batean ere ez dago txarteldegirik.

Renfek eta trenbideak kudeatzen dituen Adif enpresak Altsasuko tren geltokiko txarteldegia itxi zuten ilbeltzaren 1ean. Renfek bi irizpide izan ditu kontuan txarteldegia ixteko: egunero bataz beste ehun bidaiari baino gutxiago eta urtean 250.000 euro baino fakturazio txikiagoa izatea. Altsasun bidaiarien bataz bestekoa 27koa da. Erabaki horrekin Sakanan gelditzen zen tren txarteldegi bakarra itxi da, bai Uharte Arakilen bai Etxarri Aranatzen urteak baitira txarteldegiak itxi zituztela. Bietako batean ere ez dago komuna publikorik eta bidaiariek estalopeetan itxaron behar dute trena. Azken neurri horrekin, Sakanako tren geltokietan edo Altsasuko geralekuan trena hartu nahi dutenek www.renfe.com web orrian, 912 320 320 telefonoan, Renfe Ticket mugikorrendako aplikazioaren bidez, Irurtzungo eta Altsasuko Correos bulegoetan, bidaia agentziatan edo trenean bertan erosi beharko dituzte txartelak. 

Alkateak 
Gauzak horrela, Castejongo David Alvarez, Tafallako Jesus Arrizubieta eta Altsasuko Javier Ollo Martinez alkateak Iruñean elkartu ziren joan den ostiralean. Hirurek ere euren tren geltokietako txarteldegiak ixtearen kontra azaldu dira: “ez ditugu partekatzen ez arrazoiak ezta ondorioak”. Azken horien artean honakoak zerrendatu dituzte: kalitatezko zerbitzua ematea, enplegua mantentzea, ohiko trenaren defentsa eta eskualdeen despopulazioan zerbitzu faltak duen eragina. Eta erabaki zuten Nafarroako Gobernuko presidente Maria Chiviterekin eta Lurralde Kohesiorako kontseilari Carlos Zirizari premiazko bilera eskatzea. Aldi berean, Renferi hiru geltokietako txarteldegiak berehala zabaltzeko eskatu zioten. 

Enpleguaren mantentzea arriskuan jarri eta despopulazioa errazten duten neurrien kontra ere egin zuten. Renferen eta Adifen erabakiaren berri gutun bidez urtea bukatu baino egun gutxi batzuk lehenago jaso zutela jakinarazi zuten alkateek, “elkarrizketarako batere tarterik eskaini gabe, txarteldegiak ilbeltzaren 1etik geldi baitaude. Aldez aurretik pentsatutako erabakia izan da, edozein erantzun saihesteko”. Zirizak azaldu duenez, Altsasun eta Tafallan ez da lanposturik galduko, txarteldegian zeuden langileen egitekoetako bat zelako hori eta bestelakoak badituztelako. 

Erreakzio gehiago 
Erabakiari aurreneko erantzuna kalean Castejonen eman zioten igande eguerdian. 400 pertsonak baino gehiagok tren geltokian egindako kontzentrazioan parte hartu zuten. Jakinarazi zutenez, txarteldegien itxieraren kontrako sinadura bilketa eginen dutela. Castejongo txarteldegia azkenik ez da itxiko 141 bidaiarik erabiltzen dutelako bataz beste. 

Geroa Baik Nafarroako Parlamentuan mozioa aurkeztu du. Haren bidez Nafarroako Gobernuari eskatu dio kaltetutako hiru udalekin batera lan egin dezala elkarrekin konponbideak bilatu eta udalen aldarrikapenak laguntzeko eskatu dio. 

EH Bilduk tren sozialaren eta herri bizien aldeko jarrera azaldu zuen. Koalizioak herritar guztien zerbitzura egonen diren azpiegiturak aldarrikatu ditu. 

Izquierda-Ezkerrak txarteldegiak ixteko erabakia “guztiz arbuiatzen” duela esan du. Eta aldirietako eta distantzia ertaineko tren zerbitzuetarako inbertsioak aldarrikatu ditu. “Ulergaitza da inbertsioa murriztea eta guztion mugikortasuna bermatuko duen zerbitzu publiko bat desegitea”. Txarteldegiko langileen egoeragatik kezka azaldu du I-Ek. Koalizioko kideen iritziz, “horrelako neurriek ibilgailu pribatuaren erabilera sustatzen dute, ingurumen eta ekonomia kalteak dakartzana”. Aldi berean, Nafarroako Gobernuari gaiaren inguruan galdera eginen zion Nafarroako Parlamentuaren atzoko bileran. 

CCOOko kideek erabakiaren kontra azaldu da, “guztiz, tren zerbitzu publikoaren okertzea baitakar”. Txarteldegiak ixteko neurria “ohiko tren zerbitzua desegiteko aspaldidanik gobernu guztiekin pairatzen ari garen politikaren zati da, abiadura handiko trenaren (AHT) alde egiten da apustu soilik”. Sindikatuak jakinarazi duenez, hiru tren geltokietan Adifen zirkulazioko langileak izanen dira, nahiz eta ez duten txartelik eta informaziorik emateko aukerarik izanen. CCOOk salatu dutenez, erabakiaren berri ez zaio Adifen enpresa batzordeari jakinarazi. Tren enpresetan langileria falta dagoela nabarmendu du CCOOk eta Renfeko eta Adifeko lantaldeak handitzeko eta gaztetzeko deia egin du. 

Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroan bi gertaera batu direla gaztigatu du: “Alde batetik, AHTren obrek abiadura handian egiten dute aurrera, ekonomia gastu eta ekologia suntsipen handia eraginez. Eta, bestetik, erabat iraunkorra den garraiobide bakarrari lotutako zerbitzuen desagerpena eman da”. Fundaziotik gaztigatu dutenez, “oraintxe bertan AHTko obrak martxan daude 15 km inguruko bi zatitan, Villafranca eta Tafalla artean. 30 kilometro baino gehiago, Nafarroan inoiz ikusi ez dena!” 

Txarteldegiak ixteak zerbitzu hori ematen duten lanpostuen suntsitzea eta informazioa eta zaintza zerbitzuak desagertzea ekartzen dutela nabarmendu dute Sustrai Erakuntzako kideek. Eta nabarmendu dutenez, “Nafarroan Iruñerriko eta Tuterako geltokietan bakarrik gelditzen dira bidaiariendako zerbitzuak”. Fundazioko kideen iritziz, Adifek eta Renfek hartutako erabakiarekin “trenbide konbentzionala eraisteko urrats bat gehiago egin da, trenbidea igarotzen den eskualdeak egituratzeko balio duen landa-trenean”. Eta gaztigatu dute tren-erregionalek Nafarroako dozena bat tren-geltokietan gelditzen dutela, “baina beldur gara txarteldegien itxiera hori trena bera desegitearen hasiera izan daitekeela”. 

Sustrai fundazioko kideen iritziz, “Nafarroan daukagun trena, desegiten ari dena, berotegi-efektuko gasik isurtzen ez duen eta ekosistemetan txikizio handirik eragiten ez duen pertsonen eta salgaien garraiorako irtenbide bideragarri bakarra da”. Haien iritziz, herrietako tren geltokietan gelditzen diren trenen “desagerraraztean hainbat gobernu eta botere publiko eta pribatu” ari dira. “Zerbitzuak handitu beharrean, igarotzeko maiztasunak handitu beharrean, eta ibilbide berriak lortu beharrean, joera uzkurra da, landa trenaren itxiera progresiboarena. Justu Klima Larrialdiaren testuinguruan behar dugunaren kontrakoa”. AHT baztertzea eta garraio iraunkorraren alde egiteko deia luzatu zuten. 

Azkenik, Espainiako presidentea izendatzeko negoziazioen baitan Teruel Existe alderdiak gaia mahai gainean jarri zion PSOEri. Azken horrek konpromisoa hartu zuen estatuko 142 txarteldegiak ixteko prozesua eteteko eta trenak lurralde egituraketan duen garrantzia urte erdian aztertzeko.

Bestalde, Arabako Aleak jakinarazi duenez, Altsasu eta Miranda arteko tren sozialaren aldeko sinadurak bilduko dituzte. Abiadura Handiko Trenaren kontrako plataformek Araban “kalitatezko trenbide zerbitzua” lortzeko helburuz sustatu dute. Plataformek gaur egungo korridorea erabiltzea, trenen maiztasuna areagotzea, geltokien sarea hobetzea eta landa-guneak hiriarekin lotzea proposatzen dute.