Abenduaren 23an eta atzo Nafarroako Parlamentuaren parean kontzentrazioak egin zituzten haur eskolen politika “kaka bat” dela salatzeko. Gehiegizkotzat jotzen dituzten ratioak jaistea eta soldatak igotzea aldarrituko dute. Plataformako kide Eider Gardek azaldu digunez, 0-3 zikloko ikastetxeek egiturarik ez dutela salatu du: “haur eskola batzuk Hezkuntza Departamentuak finantzatzen ditu, besteak, berriz, Gizarte Politiketako Departamentuak. Nahiz eta 2007tik dekretu bat dugun 0-3a hezkuntza dela”. Horrek “opakotasuna” edo zenbateko aurrekontua bideratzen den jakitea ezinezko bihurtzen du plataformakoendako. Eta gogorarazi du haur eskolak udalenak direla. Tokiko administrazioak Nafarroako Gobernutik jasotzen duten finantziazioarekin lan egiten dute. Nahiz eta udalek soldatak osatu, esaterako, antzinatasuna pagatuz. Gastu bat bere gain hartuz.
Gardek jakinarazi digunez, “aurreko legegintzaldi hasieran Geroa Baik 0-3aren diagnosia egin zuen. Zenbat zentro mota dauden identifikatu zuten edota langileek jasotzen dituzten soldatak (batetik bestera desberdinak). 0-3 zikloaren doakotasunak zenbat balioko zuen, horren estimazioa ere egin zuen Geroa Baik. Baina informazio hori ez dute publiko egiten, eskatu eta eskatu ari bagara ere”. Gobernu aldaketarekin PSNk 0-3 zikloarekiko zein jarrera izanen duten ez dakite. “Madrilen doakotasuna aipatzen ari dira. Baina PSNren aldetik ez dugu inolako diagnosirik”. Bitartean euren ahotsa entzunarazteko Parlamentu parean 15ean behin kontzentrazioak eginen dituzte. “Astero egin behar badira, eginen dira. Eta, bukatzeko, greba egin behar bada, eginen dugu”.
Doakotasuna
Langileak euren eta haurren eskubideak aldarrikatzen ari dira mobilizazio horiekin. Plataformako kideen iritziz, “oso larria da Nafarroan Haur Hezkuntzako lehenengo zikloa, publikoa izanda, doakoa ez izatea, garestia izatea, profesionalek antzinatasuna ez dugu kobratzen, BPGa gaurkotu gabe dugu, lan egonkortasunik gabe, ratio jasangaitzak eta arriskutsuekin egunero bizi behar izateak. Arduradun politikoek ziklo horrekiko ezartzen duten indarkeria salatzen jarraituko dugu”.
Aldi berean, nabarmendu dute joan den urtean Nafarroako itunpeko irakaskuntzak 133.679.000 euro jaso zituen bitartean 0-3 publikoak 9.576.000 zituela. “Kontraesan horri bukaera eman behar diote politikariek, haur hezkuntzako lehenengo ziklo publiko duinak behar duen finantzazioa babestu behar dute pribatuetara dirua bideratu baino lehen”.