“Euskal presoen auziaren konponbidea jartzeko garaia da”

Guaixe 2020ko urt. 10a, 14:09
Arbizuarrak larunbateko manifestazioan paret hartzera deitzen.

Hala dela uste du Sarek. Bihar, 17:00etan, Bilboko La Casillatik Orain presoak leloa duen manifestazioa abiatuko da.

Sare herritar plataformak urte hasierarako manifestazioa antolatu du Bilbon. Helburua bikoitza da. Alde batetik, “urrunketa politika krudelaren aurrean” euskal presoen senideei milaka pertsonek babesa adieraz diezaietela. Bestetik, Espainiako Gobernu berriari argi uztea milaka herritarrek espetxe politika desberdina, salbuespen politikarik gabekoa nahi dutela. Politika aldaketa horrek  bertako gehiengo sozial, politiko eta sindikalaren adostasuna duela gobernu berriari azaltzea. 

Manifestazioa deitu dutenen nahia da “Madrilgo politikariek hemen konpondu gabeko arazo bat denaren kontziente egin daitezela, eta elkarbizitzarako konponbidea ezinbestekoa dela ulertzea. Sanchez presidenteak duela urte eta erdi espetxe politika aldatzeko asmoa iragarri zuen, ETAren desegitearen ostean zentzurik ez zuela eta. Hitz ederrak, ekintzak ordea ez horrenbeste”. Salbuespen politika horren parte jo dituzte, besteak beste, presoak urrunduta izatea, presoen % 80 lehen graduan egotea (erregimen itxian), larri gaixo dauden presoak aske ez egotea edota baimenik ez ematea. 

Akabera
Espainiako Gobernuak “pauso txikiak” eman dituela aitortuta ere, Sareko kideek “ausardia eta erabakitasuna eskatzen diegu botere politiko eta judizialei, presoen salbuespen-erregimenari akabera emanen dion espetxe-politika bat aplikatzea eta etapa bati bukaera emateko eta presoak etxera itzultzeko bide-orria diseinatzeko aukera izatea ekarriko duen prozesu baten hasiera izan daitezen pauso txiki horiek”. Sareko kideek adierazi dutenez, “bake justu eta iraunkor bat nahi dugulako, konbentziturik presoen gaiak ez diela kalte egiten biktimei”. 

Sarekideek “argi” dute “elkarbizitzarako ezinbestekoa dela bai biktimen, baita presoen ekarpen, hausnarketa eta parte hartzea”. Horregatik, jakinarazi dutenez, “ herri honek jasandako indarkerien biktima diren bi emakumezkok ahotsa eman nahi izan diotela manifestazio akaberan irakurriko den testuari”. Rosa Rodero, ETAko biktima eta Asun Lasa, GALen biktima izanen dira azken mezua irakurriko dutenak. “Eman diezaiogun guztion artean akabera prozesu honi, gertatutakoa berriro errepika ez dadin. Horretarako, irtenbide justu eta iraunkorra eraiki ahal izateko, dagokien errespetua eta erreparazioa eskaini behar zaie biktima guztiei eta espetxeetan preso eta senideek jasaten duten eskubideen urraketarekin behin betiko bukatu”.