Pilota

Binakakoa: Ezkurdiak eta Martija Elezkano izango dute aurkari Altunaren ordez

Guaixe 2020ko urt. 10a, 10:12
Labrit pilotalekua atzera ere bete egingo da bihar.

Amezketakoak eskumuturra minduta du eta asteburu honetan atseden hartuko duela adierazi du Aspek

Asteburu honetan Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako bigarren itzuliari ekingo diote pilotariek. Beraz, beste 7 jardunaldi daude jokoan.

Gaur, ostiralean, Getarian, Artolak eta Imazek Laso eta Albisu izanen dituzte arerio (22:00, ETB1). 

Bihar, larunbatean, Etxebarrin, Jaka eta Zabaleta Irribarriaren eta Rezustaren kontra ariko dira (17:45). Jaka eta Zabaleta dira faboritoak, baina orain arte berea eman ez duten Irribarriarekin eta Rezustarekin kontu handia izan beharko dute. 

Eta bihar ere, baina Iruñeko Labriten, Ezkurdiak eta Martijak Altuna ordezkatuko duen Elezkano eta Ladis Galarza hartuko dituzte (17:45, ETB1). Aspek atzao azaldu zuenez, Altunak ez du jokatuko ezker eskumuturra minduta duelako, eta horregatik gipuzkoarrak atseden hartzea erabaki dute. Hortaz, Elezkanok hartuko du bere tokia. Jakina denez, Ezkurdiak eta Martijak 4 puntu dituzte eta Altunak eta Ladis Galarzak 5, eta, hortaz, jokoan dagoen puntua “oso garrantzitsua” dela aipatu zuten bi bikoek asteazkenean eginiko material aukeraketan. 

Bukatzeko, igandean, Zumaian, Olaizolaren eta Urrutikoetxearen kontra ariko dira Bengoetxea eta Mariezkurrena (17:00, ETB1).