Txakurkrosa

134 partaide Etxarri Aranazko Txakurkrosean

Guaixe 2020ko urt. 10a, 09:54
Igor Lanz satrustegiarra eta bere txakurra ahalegin betean. Argazkiak: Mundutik Begietara eta Aitor Karasatorre.

Inoizko parte-hartzaile gehien izan zituen abenduaren 22an Etxarri Aranazko kanpinean antolatutako lasterketak. Igor Lanz Rapun satrustegiarra izan zen proba osatu zuen sakandar bakarra eta 11. postuan sailkatu zen bikejoringean

Abenduaren 22an III. Etxarri Aranazko Txakurkrosa jokatu zen Etxarri Aranazko kanpinean, Triku Trail Taldeak eta Euskanikross taldeak hainbat babeslerekin antolatuta, hiru kategoriatan: txakurkrosa, txakurrari lotuta korrika egitea; patina, kirolaria bizikleta normal baten tamainako gurpilak dituen patin moduko batean joatea, eta txakur bat edo gehienetan bi patinari tiraka; eta bikejoringa, parte-hartzailea bizikletan joatea eta txakurra hari lotuta. Hiru modalitateak kontuan hartuta guztira 134 partaide aritu ziren, orain arteko kopururik handiena. 

Goizetik hasita hasi ziren albaitariak lanean, txakurrak behar bezala zeudela egiaztatzeko. Izan ere, txakurren ongizatea eta segurtasuna, hori bermatzea da txakurkrosaren funtsetako bat. Eguraldi fresko baina paregabearekin jokatu zen proba, Beheko Basotik, Artxaneko pinudiaren atzealdetik eta Haritzen ibilbidetik pasatzen zen ibilaldi eder eta bikainetik barna. Guztira 6 km-ko ibilbide teknikoa prestatu zuen antolakuntzak, ibilbide entretenigarria, errebolta, putzu, erreka eta gorabeherez betetakoa. Horrela, lokaztuta baina oso pozik iritsi ziren parte-hartzaileak Etxarri Aranazko kanpineko helmugara. 

Patinen mailan 4 partaidek osatu zuten ibilbidea eta Sesmako Jon Gonzalez izan zen azkarrena, 6 kilometroak ia ordu laurdenean eginez (14:52). Bigarrena Xabier Agirre aizarnazabaldarra izan zen (18:12) eta hirugarrena Pedro Etxeberria zumaiarra (18:42). Juan Bautista Urtasun urdiaindarrak irteera hartu zuen baina ezin izan zuen proba bukatu, erretiratu egin behar izan zen, eta patinetan ez zen emakumezkorik aritu. Bikejoring modalitatea 12 partaidek osatu zuten eta Josu Varona donostiarra izan zen azkarrena, hiru kategoriak kontuan hartuta azkarrena, 14 minututik behera osatu baitzuen proba (13:53). Bigarrena Ekaitz Erauskin hondarribitarra izan zen (13:53) eta hirugarrena Daniel Arenas galdakaoarra (16:13). Igor Lanz Rapun satrustegiarrak 11. postuan despeditu zuen lana (24:39), proba bukatu zuen sakandar bakarra. Eta emakumezkoetan, frantziar estatuko Salles herriko Elsa Dubois gailendu zitzaion (18:26) Maite Erauskin donostiarrari (23:59). 

Partaide gehienak txakurkrosean aritu ziren. 111 partaide eta euren txakurrak iritsi ziren helmugara, Portugaleteko Iñigo Zarate buru zela (19:14). Lasterketa oso estua izan zen, bigarrena David Neira burlatarra izan zen (19:23), 9 segundora, eta hirugarrena Pedro Etxeberria zumaiarra, 14 segundora (19:28). Eta emakumezkoetan Sarah Ugarte tolosarra gailendu zitzaien (20:37) Huescako Tamara Vazquezi (22:41) eta Irungo Aida Maria Malesi (22:52). Guztiek gozatu ederra hartu zuten eta probaren edertasuna eta antolakuntza bikaina nabarmendu zituzten, baita sare sozialetan ere. 

Egun “arrakastatsua”
Etxarriko Txakurkrosean antolatzaile lanetan ibili zen Igor Artieda etxarriarrak probaren balorazio bikaina egin du. “Izugarri arrakastatsua izan zen eguna, eguraldiaren aldetik, parte-hartzearen aldetik, giroarengatik, antolakuntzatik ere oso ongi aritu ginen... 134 izena-emate izan ziren 3 diziplinak kontuan hartuta, eta gurea inguruan egiten diren probetatik izen-emate gehien izaten dituen proba izatera pasa da. Horrek erakusten digu urtetik urtera, eta nahiz eta proba gaztea izan, aurtengoa 3. edizioa izan baita, egonkortua dagoela, egutegian jendeak data gordea duela Etxarrira etortzeko. Hori nabarmen ikusi genuen egunaren emaitzarekin eta entzun genituen aipamen, iritzi eta ekarpen guztiekin. Oso kontentu gaude eta datorren urterako ideia berriak ditugu eta gogotsu gaude beste horrelako egun borobil bat antolatzeko” adierazi digu Artiedak. Partaideen jatorrian ere aldaketak izan dira. “Gehienak bertakoak dira, baina lehen aldiz estatu frantsesetik parte-hartzaileak etorri ziren, 11 inguru, Kataluniatik iaz ere egon ziren baina aurten gehiago etorri dira, eta baita ere Huescatik, Madrildik, Zaragozatik, Errioxatik, Asturiastik... kanpotik ere geroz eta jende gehiago etortzen da” gaineratu du.