Futbola

Liga bueltan da eta preferenten derbia jokatuko dute Lagun Arteak eta Etxarrik

Guaixe 2020ko urt. 10a, 10:17
Aurreko urtean Lagun Arteak eta Altsasuk Zelai Berrin jokatutako derbia. Igandean Etxarriren kontra ariko dira lakuntzarrak.

Gabonetako geldialdiaren ondoren preferente, erregional eta emakumeen erregional mailako liga bueltan da eta preferente mailan Lagun Arteak eta Etxarrik derbia jokatuko dute Lakuntzan

Gabonetako oporrak baino lehen, abenduaren 21ean eta 22an jokatu zen Nafarroako Futbol Ligako azken jardunaldia. Preferente mailan 13. jardunaldia egon zen jokoan. Lagun Arteak Iruñean jokatu zuen Amigó taldearen kontra eta garaipen oso garrantzitsua lortu zuten lakuntzarrek, 1 eta 2 irabazita. Lehen zatian Amigók agindu zuen gehiago, eta markagailuan aurreratzea lortu zuten. Baina bigarren zatian lakuntzarrek buelta eman zioten egoerari, gol aukera gehiago sortu zituzten eta, azkenean, 1 eta 2 irabazi zuten, Davilak eta Unaik sartutako golei esker. 

Eta Etxarri Aranatzek sailkapenean bigarrena den Beti Casedano hartu zuen San Donato futbol zelaian. Lehen zatian Etxarrik gehiago merezi izan zuen, partida dominatu baitzuen, baina gol aukera argiak huts egin zituen. Aldiz, izandako gol aukera bakarra baliatu zuen Betik eta aldeko gol betekin joan zen atsedenaldira Casedako taldea. Bigarren zatia hasi eta berehala bigarren gola egin zuen Betik eta hortik aurrera Etxarrik behera egin zuen eta, azkenean, 0 eta 4 gailendu zen Beti Casedano. 

Arrotxapea da preferente mailako liderra (25 puntu). Beti Casedano da bigarrena eta Lagun Artea hirugarrena, biak 24na punturekin. ETa Etxarri Aranatz 14. postuan dago, 14 punturekin. Igandean Lagun Artearen eta Etxarri Aranatzen arteko derbia hartuko du Lakuntzako Zelai Berrik, 16:00etan. Derbi borrokatua izango da, Lagun Arteak goiko postuei eusteko garaipena behar duelako eta Etxarrik beheko postuak atzean utzi nahi dituelako. 

Iruña B izango du aurkari Altsasuk
Erregional mailako 13. jardunaldian Altsasu saiatu zen, baina ezin izan zuen Amayaren kontra eta 2 eta 3 galdu zuten altsasuarrek. 0 eta 2 aurreratu zen Amaya eta Goñik Altsasu 1 eta 2 gerturatzea lortu zuen, baina Amayak hirugarren gola sartu zuen eta nahiz eta Irisarrik Altsasuren bigarrena lortu, hiru puntuek Dantzalekutik ihes egin zuten. 

Erregional mailako sailkapenean Universidad de Navarra da liderra (31 puntu) eta Altsasu 10.a da, 10 punturekin. Larunbatean, 16:30ean, sailkapenean 8. den Iruña B taldearen kontra ariko da Altsasu, Iruñean. 

Zalduak Bidezarra du arerio
Elomendiko futbol Txapelketan abenduaren 21ean 11. jardunaldia jokatu zen eta Zalduak atseden jardunaldia izan zuen. Barasoain da liderra (27 puntu), Unziti bigarrena eta Zaldua hirugarrena, biak 22na punturekin. Larunbatean 19 punturekin sailkapenean 5. den Bidezarraren kontra ariko da Zaldua, Noainen. 

Emakumeak: Altsasu Peña Sporten kontra
Emakumezkoen erregional mailan ez da partidarik jokatu. Azken jardunaldia 15.a izan zen, abenduaren 15ean jokatutakoa, eta Mutilberaren kontra 0 eta 1 galdu zuen Altsasuk Dantzalekun. Emakumezkoen erregional mailako sailkapenean Castejon taldeak jarraitzen du lider (40 puntu) eta Mutilbera da bigarrena (36 puntu). Altsasu 7. postuan dago, 24 punturekin. Igandean, 15:30ean, 31 punturekin sailkapenean laugarrena den Peña Sport taldearen kontra ariko da Altsasu, Tafallan.