Ziklo-krosa

Izagirre, Arrieta, Erdozia, Mintegi, Uncilla, Regil, Tadeo eta Imaz Espainiako Txapelketetara

Guaixe 2020ko urt. 10a, 11:30
Nafarroako Ziklo-kros selekzioa. Igor Arrieta falta da. Argazkia: Burunda.

Asteburuan Espainiako Ziklo-kros Txapelketak jokatuko dira Pontevedran eta bertan ariko dira gure txirrindulariak

Asteburuan Espainiako Ziklo-kros Txapelketak jokatuko dira Pontevedran eta bertan lehiatuko dira gure txirrindulariak, Nafarroako selekzioarekin. Junior mailako selekziorako Sakana Group taldeko Igor Arrieta eta Jon Erdozia eta Quesos Albeniz-Burundako Iker Mintegi deitu dituzte, gizonezkoen kadete mailarako Sakana Group taldeko Aimar Tadeo eta Quesos Albenizko Mikel Uncilla eta Mikel Regil, eta emakumezkoen kadete mailarako Nafarroa Ermitagaña taldeko Nahia Imaz. Bestalde, Gorka Izagirre (Astana) eliteen mailan ariko da eta faboritoen artean dago. 

Egunotako probatan, sakandarrak podiumean
Abendu bukaeran eta ilbeltza hasieran makina bat ziklo-kros lasterketa eta txapelketa jokatu dira eta primerako maila eman dute gure txirrindulariek. Egindakoa ongi etorriko zaie, asteburu honetan, Espainiako Txapelketetan aritzeko. 

Nafarroako txapelketan Igor Arrieta, Mikel Uncilla eta Nahia Imaz txapeldunak
Abenduaren 21ean Iruñeko Ziklo-Krosa jokatu zen Lezkairun, Nafarroako Txapelketa. Maila nagusian Ermuko taldeko Aitor Hernandez gailendu zitzaion Astana taldeko Gorka Izagirreri, nagusitasun handiz (58:06). Minutu bat eta 35 segundo atera zizkion Ziordiko txirrindulariari. Baina junior eta kadete mailan txirrindulari sakandarrak igo ziren podiumaren gorenera. Junior mailan Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta uhartearrak irabazi zuen aparteko arazorik gabe (45:54), bigarren sailkatutako El Casesrio taldeko Adrian Losarcosi bi minutu pasa atera eta gero. Quesos Albenizko Iker Mintegi 13. sailkatu zen, Sakana Group-Aralarko Jon Erdozia 20. eta Quesos Albenizko Oihan Etxeberria 24. Eta kadeteen gizonezkoen mailan Quesos Albenizko Mikel Uncillak igo zen podiumaren gorenera (34:57), Arabarrak taldeko Oier Ruiz de Arkauteri 7 segundo aterata. Sakana Groupeko Aimar Tadeo 6. sartu zen, Quesos Albenizko Mikel Regil 16. eta Sakana Groupeko Aritz Oiarbide 22. Bukatzeko, emakumezkoen kadete mailan Nafarroa Ermitagaña taldeko Nahia Imaz altsasuarra izan zen txapelduna (28:52), Arabarrak taldeko Maria Modenesi 33 segundo aterata. 

Hurrengo egunean, abenduaren 22an, Aiarako Ziklo-krosa jokatu zen, Arabako Txapelketa, eta helduetan Gorka Izagirre hirugarrena sailkatu zen. Kadeteetan Mikel Uncilla 23. postuan sartu zen eta Aritz Oiarbide 30. tokian. 

Euskadiko Txapelketa Gorka Izagirrerendako, eta Arrieta txapeldunorde
Abenduaren 29an Euskadiko Ziklo-Kros txapelketa jokatu zen Lezaman, 2,6 km-ko zirkuitu gogorrean. Helduen proban Gorka Izagirrek lehia ederra izan zuen Aitor Hernandezekin eta Xabier Muriasekin, baina azkenaurreko itzulian aurrea hartu zuen Ziordikoak eta Euskadiko txapelduna izatea lortu zuen, Garai eta Abadiñoko lasterketak irabazi eta Nafarroako Txapelketan bigarrena izan eta gero (57:10). Astana taldekoak 9 segundo atera zizkion 23 urtez azpiko mailako Gela taldeko Xabier Muriasi. 

Juniorren mailan, Ekin taldeko Aitzol Sasieta izan zen txapelduna (38:51), ordura arte jokatutako ziklo-kros lasterketa guztiak irabazi zituen Igor Arrietari 5 segundo atera eta gero. Azkena atera zen Arrieta, eta nahiz eta postuak aurreratzen joan, ezin izan zuen Sasieta harrapatu. Iker Mintegi 23. postuan sartu zen eta Jon Chamorro 26. eta Oihan Etxeberria 44. postuetan. 

Kadeteetan El Proex taldeko Markel Olabek irabazi zuen (25:59), Mikel Uncilla 8. postuan sartu zen, Mikel Regil 12.ean eta Aritz Oiarbide 24.ean. 

Aimar Tadeo bigarrena Vera del Moncayon
Abenduaren 29an Tarazona eta El Moncayo Eskualdeko Ziklo-Kros txapelketa hartu zuen Vera de Moncayoko zirkuituak, Aragoin. Bertan aritu zen Sakana Group-Aralar taldeko Aimar Tadeo txirrindulari lakuntzarra. Kadete mailan bigarrena sailkatu zen Aimar, Turiaso taldeko Cesar Gonzalez irabazlearengatik 18 segundora. Eta ilbeltzaren 4an jokatutako VI. Torrelavega Hiria Ziklo-Krosean, kadete mailan 9. postuan sailkatu zen Aimar Tadeo, Mario Grande irabazlearengatik 2 minutu eta 7 segundora. 

Jaioterrian Gorka Izagirre garaile
Ilbeltzaren 5ean XLIX. Ormaiztegiko Ziklo-kros lasterketa ezaguna jokatu zen. Ormaiztegiarrek festa konpletoa ospatu zuten, garaipena etxean geratu baitzen, Gorka eta Ion Izagirre Insausti anaien artean erabaki baitzen lasterketa. Azkenean, Ziordian bizi den Gorka Izagirre (1:00:10) gailendu zitzaion anaiari jaioterrian, 13 segundoko aldearekin. 
Juniorretan Ekin taldeko Aitzol Sasieta gailendu zen (40:20) eta Iker Mintegi 13. sailkatu zen. Jon Erdozia 32. iritsi zen eta Jon Chamorro eta Oihan Etxeberria 33. eta 34. postuan. Kadeteetan, Lyuando taldeko Gabriel Ibañezek irabazi zuen (30:35) eta Mikel Uncilla podiumera igotzear egon zen, laugarrena sartu baitzen. Aimar Tadeo 8. postuan iritsi zen, Mikel Regil 23. eta Aritz Oiarbide 26. Eta emakumezkoen kadete mailan Arabarrak taldeko Maria Modenes izan zen txapelduna (35:46) eta Nahia Imaz altsasuarra hirugarrena (38:01).