Mendia

Mugimendu handia gure mendietan

Guaixe 2020ko urt. 10a, 12:00
Irurtzunen Ergara Igo abenduaren 31n. Argazkia: Itziar Matxain.

Abenduaren 22an Mendigoizale Eguna ospatu zen Aralarren, eta urtea despeditzeko eta urteari hasiera emateko mendira jo dute sakandar ugarik

Abenduaren 22an Nafarroako mendi talde guztiek Aralarren topo egin zuten. 55. Mendigoizale Eguna ospatu zen, hildako mendizaleak oroitu, aspaldiko lagunak ikusi eta urtea despeditzeko egun oso berezia. Egunak 1964. urtean du jatorria; urte horretan hildako hiru mendizale gogoratzeko ekitaldia egin zen Aralarren eta hortik aurrera urtero egitea erabaki zen, Mendigoizale Eguna izenarekin, zendutako mendizaleak gogorarazteko. Hortaz, igandekoa festaren 54. edizioa izango da. Festa antolatzeko txandakatu egiten dira Nafarroako mendi klubak eta aurten Boscos taldeari eta Amaya klubari egokitu zitzaien. 

Uharte Arakildik, Lakuntzatik, Madotzetik, Lizarrustitik, Iribastik eta Lekunberri aldetik igo ziren Aralarrera mendizaleak. Santutegian, zendutako mendizaleen aldeko meza entzun eta mendi materiala bedeinkatu ondoren, hamaiketakoa hartzera bildu ziren. Salda beroa dastatu zuten, 70 litro guztira, eta gazta, txistorra, urdaia eta urdaiazpikoa. Goiza freskoa zen eta indarrak berreskuratzeko eta gorputza berotzeko eskertzekoa izan zen auzatea, eta bertan aspaldiko lagun mendizaleekin elkartzeko aukera izan zuten Aralarren bildutakoek, eta trikitixaren doinuei jarraiki dantza eta kantatzeko aukera izan zuten. 

Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko presidente Martin Montañesek azaldu zuen oso garrantzitsua dela belaunaldi berrietan mendizaletasuna sustatzea. Ildo horretan, mendizale beteranoen artean Muthiko Alaiak taldeko 32 gazte eta Mendillorri taldeko 55 gazte bildu ziren Aralarren. Halaber, Montañesek azaldu zuen aurreko urtean 11.062 mendi lizentzia egin zirela Nafarroan, aurreko urtean baino 600 gehiago, eta aurten lizentzia horiek gainditzea espero dutela. Mendigoizale Eguna eguna “mendizaleendako oso berezia” dela nabarmendu zuen. 

Erga, Aralar, Beriain, Urbasa, Txindoki...
2019ko azken egunean mendira jo zuten sakandar ugarik. Irurtzunago Iratxo eta Pikuxar elkarteek antolatuta, Ergako Trinitate gainean despeditu zuten eguna irurtzundarrek eta arakildarrek. Lakuntzan, Zabalarte elkarteak antolatutako deiari segiz, makina bat mendizale hurbildu zen Aralarrera, Lakuntzaskoarrira. Bailara guztia lainotuta baina goialdean sekulako eguraldia izan zuten lagun. Eta Burunda aldean Altsasuko Mendigoizaleak taldearekin eta Olaztiko Sutegirekin bat egin zutenek Aizkorrin despeditu zuten urtea. Eta Urbasa, Andia eta Aralar mendizale askoren bilgune izan ziren. 

2020ko lehen egunean ere mendira joan ziren makina bat sakandar. Eta Sakanako Mendizaleak taldearen urteko lehen irteera, ohitura denez, Beriainera izan zen, Errege Egunean.