Atletismoa

Sergio Garcia Eulate eta Izaskun Beunza Altsasuko San Silvestreko txapeldunak

Guaixe 2020ko urt. 10a, 13:04

600 korrikalari baino gehiagok parte hartu zuten 41. Altsasuko San Silvestrean

Abenduaren 31n, korrika eginez despeditu zuten urtea 600 korrikalari baino gehiagok Altsasun. Hasteko, 100 neska-mutiko baino gehiagok parte hartu zuten kategoria txikiko lasterketetan –aurrebenjaminak, benjaminak, kimuak eta haurrak–, eta ondoren, 14 urtetik gorako 495 korrikalarik ekin zioten Altsasuko 41. San Silvestre proba nagusiari, Nafarroako proba beteranoenari. Aipatu proba Mario Lopez de Uralde Memoriala izendatu zuten, bertan 17 urtez gailendu zen korrikalari altsasuarraren omenez. EH Bilduko diputatu Bel Pozuetak eman zion irteera probari, eta gero batu egin zen lasterketara. Jone Belarra, Unidas Podemos taldeko Altsasuko beste diputatua ere gonbidatua zegoen probari irteera ematera, baina ezin izan zen bertan egon. 

Dantzaleku Sakana klubak eta Sakana Triatloi Taldeak antolatutako lasterketak 5 km inguru izan zituen; Altsasun antolatutako zirkuituari 3 itzuli eman zizkioten korrikalariek, laino artean eta hotz izugarriari aurre eginez. Hasieran, Beñat Katarain mendi korrikalari lakuntzarrak hartu zuen aurrea, baina Sergio Garcia Eulate altsasuarrak erritmoa bizkortu eta Katarain aurreratzea eta proba irabaztea lortu zuen (16:00), lakuntzarrari 4 segundo aterata. Bere seigarren San Silvestrea irabazi zuen Garcia Eulatek. Hirugarrena Ruben Mendieta atleta olaztiarra izan zen, 31 segundora (16:31). 

Emakumezkoetan, Izaskun Beunza olaztiarrak ez zuen areriorik izan eta bera gailendu zen, nagusitasun osoz (18:11). Seigarren aldiz irabazi zuen ere korrikalari olaztiarrak. Leire Estarriaga etxarriarra (19:45) bigarrena izan zen, eta Haizea Ramirez de Alda altsasuarra (20:01) hirugarrena. 

Urtea ongi bukatu zuen Sergio Garcia Eulate altsasuarrak herriko San Silvestrea irabaziz eta urteari ere primerako hasiera eman zion Altsasuko korrikalariak, ilbeltzaren 5ean jokatutako Azkoiengo Erregeen Krosa irabazi baitzuen.