Futbola

Preferentea: Derbiko puntuak Lakuntzan geratu ziren

Guaixe 2020ko urt. 13a, 13:46

Preferente maila. 14. jardunaldia: Lagun Artea 3 – Etxarri Aranatz 1

Preferente mailako 14. jardunaldiak Lagun Artea eta Etxarri Aranatz taldeen arteko derbia ekarri zuen. Horrela, ikusle asko bildu ziren Lakuntzako Zelai Berrin euren taldeak animatzera, eta derbietan gertatu ohi den bezala, partida oso lehiatua izan zen eta harmailetako giroa, ona. 

Hasieran Etxarri Aranatzek dominatu zuen partida, baina lakuntzarrek ongi eutsi zuten eta 29. minutuan Unai Zubiriak sartutako golarekin markagailuan aurretik jarri zen Lagun Artea. Atsedenaldiaren ondoren Lagun Artea partida agintzera pasa zen, eta Unai Zubiriak txurien bigarren gola egin zuen 78. minutuan. Partida nahasi egin zen, eta atzera ere Unai Zubiriak Lagunen hurrengo gola lortu zuen, 83. minutuan, penaltiz. Hat-trick ederra jokalari lakuntzarrak lortutakoa. Etxarri Aranatzek ez zuen etsi eta partida bukaera aldera Javierrek gorrien lehen gola sartu zuen, baina ez zen gehiagorako tarterik egon eta Lagun Arteak 3 eta 1 irabazita despeditu zen partida. Arbitroak txartel hori ugari atera zituen, 3 Lagun Arteari eta 6 Etxarriri, eta Etxarriko talde teknikoko kide bat kanporatu zuen. 

Sailkapen orokorrean Beti Casedano da preferente mailako lider berria (27 puntu) eta Lagun Artea bigarrena da, puntu berberekin. Etxarri Aranatz, aldiz, 15. postura jaitsi da (14 puntu). Hurrengo jardunaldian 15 punturekin sailkapenean 11. den Huarte B taldearen kontra ariko da Lagun Artea, Uharte Iruñean, eta Etxarri Aranatzek etxean jokatuko du, San Donato zelaian, 21 punturekin sailkapenean 7. postuan dagoen Beriain taldearen kontra.