Pilota

Binakakoa: sakandarrek garaipen garrantzitsuak lortu zituzten

Guaixe 2020ko urt. 13a, 12:49

Jakak eta Zabaletak lider jarraitzen dute Irribarriari eta Rezustari 16 eta 22 irabazi eta gero eta Ezkurdia eta Martija bigarrenak dira Elezkanoren eta Ladis Galarzaren kontra garaipena lortu eta gero (22 eta 18)

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkako 8. jardunaldia jokatu zen asteburuan eta pilotari sakandarrek garaipen garrantzitsuak lortu zituzten. 

Larunbatean, Etxebarrin, Iker Irribarriaren eta Beñat Rezustaren kontra aritu ziren Erik Jaka eta Jose Javier Zabaleta. 9 eta 1 aurreratu ziren Irribarria eta Rezusta, eta Zabaleta ez zen azkenaldian bezain fin ibili. Horrela, kasu honetan Erik Jakak partidatik tira egin behar izan zuen. Liderrak suspertu egin ziren, Irribarria eta Rezusta hustu, eta liderrek euren zazpigarren garaipena lortu zuten, 16 eta 22 irabazi eta gero. 

Bestalde, larunbatean, leporaino beteta zegoen Labriten Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak Altunaren tokia hartu zuen Danel Elezkano eta Ladis Galarza izan zituzten aurkari. Ezkurdia ez zegoen bere onenean, egun pare bat gripeak jota egon ondoren jokatu zuen eta ez zen aurrekoetan bezain fin ibili. Horrela, sakandarrei ederki sufritzea tokatu zitzaien, iazko txapeldun Danel Elezkano ikusgarri aritu baitzen. Baina eusten jakin izan zuten sakandarrek eta ez zuten etsi. 

Elezkanok eta Ladis Galarzak hartu zuten aurrea hasieratik; 10 eta 16 aurreratu ziren. Elezkanok oso fin dabilela erakutsi zion enpresari, eta Ladis Galarza ere primeran zebilen atzean. Baina Ezkurdiak eta Martijak ez zuten amore eman, eta nahiz eta Ezkurdia bere onenean ez egon, bi pilotariek lana gogotik egin zuten 16ra berdintzeko. Partida izugarri gogorrean, bukaeran Ladis Galarzak behera egin zuen nabarmen, akats nabarmenak egin zituen, eta Ezkurdiak eta Martijak 22 eta 18 irabaztea lortu zuten. Horrela, sailkapenean Altunarekin eta Ladis Galarzarekin puntutara berdintzea lortu dute Ezkurdiak eta Martijak. 

Binakako sailkapenean Jaka eta Zabaleta dira liderrak, jokatutako 8 partidetatik 7 irabazita, 7 punturekin. Bigarrenak Ezkurdia eta Martija dira eta hirugarrenak Altuna eta Ladis Galarza, 5na punturekin. 4 puntu dituzte Artola-Imazek eta Laso-Arbizuk, 3 puntu Irribarria-Rezustak eta Olaizola II.a-Urrutikoetxeak eta bakarra Bengoetxea-Mariezkurrenak. 

Datorrena
Binakako hasierako ligaxkako 9. jardunaldian Ezkurdia eta Martija Irribarriaren eta Rezustaren kontra ariko dira ostiralean Buñuelen (20:00, ETB1). Bigarren postuari heldu nahi diote sakandarrek, eta txapelketan aukerak izateko puntuatu beharra dute, aldiz, gipuzkoarrek. Larunbatean, Mungian, Olaizola II.a-Urrutikoetxeak eta Artola-Imazek elkarren kontra jokatuko dute (17:30, ETB1) eta larunbatean ere, baina Labriten, Bengoetxea VI.ak eta Mariezkurrena II.ak Laso eta Albisu izango dituzte aurkari. Azkenik, igandean, Eibarren, Jaka eta Zabaleta Altuna III.aren eta Ladis Galarzaren kontra ariko dira (17:00, ETB1). Jakak eta Zabaletak lidergoa sendotu nahi dute, eta Altuna III.ak eta Galarzak, aldiz, seigarren puntua lortu.