Ongi Etorri futbol topaketa solidarioaren balorazio “zoragarria” egin du Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko teknikari Begoña Zestau Baraibarrek. Iturmendiko frontoiak hartu zuen topaketa horretan Iturmendi, Urdiain eta Altsasuko gazteek parte hartu zuten. Baita gizarte hezitzaileen eskolako ikasleak ere. Eta haiekin batera aritu ziren Iturmendin bizi diren adingabekoak ere. Guztiak guztiekin nahasiz taldeak egin eta areto futbolean jokatzen aritu ziren, talde guztiak elkarren kontra neurtuz. 10:00etatik 14:00ak aldera arte aritu ziren, “goiz ederra” pasa zutela jakinarazi digu Zestauk.
Ondoren, Iturmendira bizitzera etorritako gazteek, haien egindako giltzariak banatu zizkieten parte-hartzaileei. Topaketa despeditzeko iturmendiar berriek auzate anitza prestatu zuten. 14:30 aldera despeditu zen topaketa, baina Zestauk jakinarazi digunez, “parte-hartzaile askok heldu den hilabetean beste bat ezta?” galdetu zuten akaberan. Teknikariak jakinarazi duenez, “horrek argi utzi zuen gustukoa izan zela ekimena, eta erein dela benetako harremanerako hazia. Ekimen gehiago ekarriko ditu”. Hala ere, ez du zehaztasunik eman nahi izan. Azkenik, Zestauk esker ona eman zizkien “Iturmendiko alkateari, udalari, herriari eta sakandar orori, baita egun hori posible egin zuten guztiei”.