Ziklo-krosa

Igor Arrieta Espainiako txapelduna

Guaixe 2020ko urt. 17a, 11:27
Igor Arrieta, podiumaren gorenean. Argazkia: Espainiako Txirrindularitza Federazioa.

Junior mailako Espainiako Ziklo-kros Txapelketa irabazi zuen uharte arakildarrak Pontevedran. Elite mailan Gorka Izagirre hirugarrena sailkatu zen

Asteburuan Espainiako Ziklo-kros Txapelketa jokatu zen Pontevedrako Illa das Esculturasen (3,1 km). Bertan 7 txirrindulari sakandar aritu ziren Nafarroako selekzioarekin –Igor Arrieta, Iker Mintegi eta Jon Erdozia juniorrak eta Aimar Tadeo, Mikel Regil, Mikel Uncilla eta Nahia Imaz kadeteetan– eta horretaz gain, Aritz Oiarbide kadetea bere kabuz aritu zen, Sakana Group-Aralar taldeko kide, eta elite mailan Gorka Izagirre ziordiarra Astana taldeko ordezkari ibili zen. Aipatzekoa da sekulako maila eman zutela txirrindulari sakandarrek. 

Horren isla, gizonezkoen junior mailako urrezko domina Sakanara etorri zen. Nafarroako selekzioarekin lehiatu zen Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta Lizarragak merezitako garaipena izan zuen, helmugara bakarrik iritsi eta gero (46:13). Irteera ona egin zuen Uharte Arakilgo txirrindulariak, lehenengo postuan kokatu zen, eta lehen itzulian Aitzol Sasieta, Alain Suarez, Sergio Diego, Miguel Diaz eta Jorge Fernandezekin batera taldetxoa osatu zuen lasterketa buruan. Hirugarren itzulian Arrietak erritmoa bizkortu eta tartea atera zien gainontzeko txirrindulariei; azkenean, Uharte Arakilgo txirrindulariak ez zuen inolako arazorik izan buruari eutsi eta garaipena lortzeko. Arrietak 31 segundo atera zizkion Euskadi selekzioko Aitzol Sasietari eta 33 segundo Cantabriako selekzioko Alain Suarezi. Iker Mintegi 38. postuan sartu zen (51:43) eta Jon Erdozia 67. postuan (47:17). 

Igor Arrieta Lizarragak sekulako ziklo-kros denboraldia ondu du. Aritu den lasterketa guztiak irabazi ditu, Nafarroako Txapelketa tartean, Lezaman jokatutako Euskadiko Txapelketan izan ezik. Proba horretan gaizki kokatu zen uhartearra, eta txapeldunordea izan zen, Aitzol Sasietaren atzetik. Denboraldiari Espainiako txapelketako urrezko dominarekin jarri zion ginda. “Oso lasterketa azkarra izan da hasieratik. Banekien irteera oso garrantzitsua zela, zubi arriskutsua zegoelako. Ongi atera eta aurrean kokatu naiz, eta taulak saltatu ondoren tartetxoa zabaldu dudanean, nire erritmoa hartu eta lasaitasunez egin diot aurre lasterketari” azaldu zuen Igor Arrietak Espainiako Ziklo-kros Txapelketa irabazi eta gero. Oso pozik dagoela aitortu digu uhartearrak eta ez da gutxiagorako. Orain atseden hartuko du errepideko denboraldia hasi baino lehen. Aurten juniorren 2. urteari ekingo dio Arrietak. 

Kadeteetan Tadeo eta Imaz lehen sakandarrak
Kadeteen mailan ere ongi ibili ziren gureak. Gizonezkoetan Valenciako selekzioko Ivan Gomar gailendu zen (32:10). Aimar Tadeo lakuntzarra izan zen lehen nafarra, 17. postuan (33:57), 1:47ra, lan ederra egin eta gero. Mikel Regil 31. tokian iritsi zen helmugara (35:00) eta Mikel Uncilla 38. (35:32). Sakana Group taldeko kide moduan lehiatu zen Aritz Oiarbide etxarriarra, Nafarroako selekziotik kanpo, eta 63. postuan sartu zen (37:06). Emakumezkoetan Galiziako Laura Maria Mira izan zen onena (28:36), eta Nahia Imaz altsasuarra 23. tokian iritsi zen helmugara (31:18). 

Nafarroako Ziklo-kros selekzioan oso pozik daude euren txirrindulari guztiek egindako lanarekin. 

Gorka Izagirreren brontzezko domina
Eliteen mailako Espainiako Ziklo-kros Txapelketa igandean jokatu zen. Felipe Orts (Teika) zen faborito nagusia eta , Kevin Suarez (Nesta) eta Gorka Izagirre (Astana) txirrindularien artean erabaki zen podiuma, aurreikusten zen bezala. Felipe Orts zen faborito nagusia eta bera gailendu zen, nagusitasun osoz (1:03:59). Bere atzean lehia estuagoa egon zen, eta, azkenean, Kevin Suarez bigarrena 34 segundora sartu zen, eta Gorka Izagirrek brontzezko domina lortu zuen, 51 segundora sartu eta gero. Berria egunkarian azaldu zuenez “ez dut irabazi, baina lasterketa txukuna eta egokia egin nuen, akats handirik gabekoa. Lasterketa polita izan zen, eta bigarren eta hirugarren posturako lehia handia egon zen”. 

Izagirrek amaitutzat eman du ziklo-kros denboraldia. Munduko Txapelketara joateko eskaintza egin diote, otsailaren 2an gizonezkoen eliteko proban aritzeko, baina ezetz erantzun du. Guztira 11 ziklo-kros lasterketetan aritu da eta 4 irabazi ditu, tartean Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak, baina Berria egunkarian gaineratu zuenez “ni errepideko txirrindularia naiz eta hau gehigarri bat da. Hala ere, lasterketetan dena ematen dut”.  Ziklo-krosa neguko prestaketaren zatitzat hartzen du Izagirrek, baina errepidea eta ziklo-krosa oso ondo uztartu behar direla dio.