Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak hilaren 30erako deitutako grebarekin bat egin dute Sakanako gazte asanbladek. Gazte erakundeek gogorarazi dutenez, “aurreko greba orokorrak 2008ko krisiaren testuinguruan kapitalak aurrera eramaten ari zuen ofentsibari aurre egiteko egin baziren, nekez esan daiteke berau gelditzea lortu genuenik. Aitzitik, langile klaseak zuen antolakuntza eta borroka gaitasun eskasagatik, ofentsiba horrek ez du etenik izan”. Eta hor kokatu dituzte lan erreformak, murrizketak, mozal legea, abortuaren kontrako legea eta beste.
Sakanako gazte asanbladako kideen iritziz, “kapitala ez dago prest hainbeste urteko borrokaren ondorioz eskuratutako garaipenak bermatzen jarraitzeko, ofentsiban ssakontzeko lursaila prestatzen ari da burgesia. Ongizate estatua deitu izan denak etorkizun laburra du”. Gazte erakundeek gaztigatu dutenez, “langile klaseak inoiz ezer lortu badu ez da etsaiaren opari izan, antolakuntza propioak ematen zion indarraren fruitua baizik”. Horregatik, langileak, eta bereziki gazteak, antolatzera eta borrokatzera deitu dituzte, “Euskal Herriko langile klaseak elkartasunean oinarritutako botere propio batekin soilik egin diezaiokete aurre ofentsibari”.
Nabarmendu dutenez, “etorkizun ilun horren aurrerapena gazteok jada bizitzen ari gara”. Haiek bizi dutena zerrendatu dute: urte luzez ikasten egon beharra, ordaindu gabeko praktikak, miseriazko soldatak, kontraturik gabe lan egitea, lanpostu prekarioak edo emantzipatu ezina. Gazte asanbladetako kideen iritziz, hori guztia “etorkizunean langile klase osoari eskaintzen zaion iragarpena baizik ez da”.
Ostirala
Sakanako gazte asanbladek egun horretarako manifestazioa deitu dute Altsasun, ostiralean, 19:00etan. Aldi berean gazteak, eta langile klasea, greban eta deialdietan parte hartzera deitu dituzte.