Euskara, praktikatzera!

Guaixe 2020ko urt. 20a, 09:51
Sakanako Mintzakideko hainbat talde.

Gaur egun Mintzakideko 14 talde daude martxan eta Uharte Arakilen eta Etxarri Aranatzen talde bana martxan jarri nahi dira.

Elkartean, tabernan, okindegian, liburutegian… Halako tokietan elkartzen dira Mintzakide programako taldeak Sakanan. Baina izan daiteke ere, pasio bat emateko, zinemara joateko, mendira, bizikletan ibiltzeko… Kontua da talde txiki bat elkartzea eta haien artean euskaraz hitz egitea. Mintzakiden izena ematen duten gehienek euskara badakite, edo ikasten ari dira, baina ez dute praktikatzeko aukera handirik. Antzeko egoeran dauden beste pertsonekin talde txikietan elkartzean gehiago hitz egiteko aukera sortzen zaie. Gainera, aldamenean, euskaraz aritzeko joera duen euskaldun bat dute beti. 

Sakanan bederatzi herritan Mintzakideko 14 talde daude martxan gaur egun. Astean behin ordu batez euskaraz hitz egitera elkartzen dira. Sakanako Mintzakideko Aitor Irigoienek esan digunez, aurten Uharte Arakilen eta Etxarri Aranatzen talde bana osatu nahiko lukete. Gainerako herrietan talde berriak sortzeko aukera ere badagoela esan digu. Irigoienek azaldu digunez, “ikasi dugun euskara praktikan jartzea oso garrantzitsua da mingaina askatzeko, berdin da euskara perfektu bat ez hitz egitea. Mintzakide programak mingaina euskaraz askatzea du helburu; modu horretan euskarari bultzada eta geure buruari konfiantza ematea lortuko dugu”. Gaineratu duenez, “mintzakide taldeak erabakitzen duela euskara nola praktikatu: tabernan mahai baten inguruan, elkartean errezeta bat prestatzen, paseoan... ez dago mugarik!” 

Dohainik 
Mintzakiden parte hartzeak ez du kosturik. Izena eman nahi duenak 600 482 024 telefono zenbakira hots egin dezake, sakana_mintza@aek.eus e-posta idatzi, Facebook-eko Sakanako Mintzakideak profilean sartu edo AEKren Itsasi euskaltegitik (Altsasuko Gartzia Ximenez 46. zenbakia) pasa daiteke.

Sakanako Mintzakide taldeak
Herria Eguna Ordua Tokia
Irurtzun Astelehenetan 18:00 Iratxo elkartea
  Asteazkenetan 09:00 Pikuxar euskal txokoa
  Ostiraletan 18:00 Pikuxar euskal txokoa
Irañeta* Astelehenetan 19:00 Txapel azpi elkartea
Lakuntza Asteazkenetan 18:45 Gure Nahia elkartea
Arbizu Astearteetan 18:00 Aralar taberna
Iturmendi Astelehenetan 17:00 Aritzaga elkartea
Urdiain Ostegunetan 19:00 Liburutegia
Altsasu Astelehenetan 16:00 Koxka taberna
  Asteazkenetan 11:30 Espejo taberna
  Ostegunetan** 20:00 Lezea taberna
  Ostiraletan 09:00 Alde zaharreko okindegia
Olatzagutia Ostegunetan 17:00 Agedi taberna
Ziordia Astearteetan 16:00 Liburutegia
       
*Astelehen Zoriontsuak. Hilabetean behin biltzen dira.
**Altsasuko euskalkia lantzeko taldea bi astean behin elkartzen da.