Abiadura Handiko Trenak (AHT) bidaiariak eta merkantziak garraiatzeko balioko duela diote azpiegitura hori sustatzen duten erakundeek eta alderdiek. Sustrai Erakuntza fundazioko kide Martin Zelaiak dioenez, “hauteskunde guztietan gai hori propaganda gisa agertzen da. Estatuan AHTko trenek ez dute merkantziarik garraiatzen. Eta Nafarroan egiten ari diren AHT linearekin hainbat puntutan arazoak izanen dira”.
Fundazioak emandako datuen arabera, estatuan tren bidez merkantzien % 4,6 inguru garraiatzen da eta Europaren bataz bestekoa % 18koa da. Nafarroan, berriz, trenbide bidez merkantzien % 1,2 besterik ez da eramaten. Klima larrialdiak eta erregai fosilen agortzeak trenbidea merkantziendako aukera egokia bihurtzen dutela gaztigatu dute fundaziotik. Egun Sakanatik pasatzen diren merkantzia trenek gehienez 500 metro dituzte (550 baimen bereziarekin). AHTrekin “500 km-ko ibilbideetarako luzera optimoa 675 metrokoa litzateke”.
Zelaiak nabarmendu duenez, “soilik bidaiariendako tren eredua sustatzen ari dira AHTrekin, ohiko trenbidearen kaltetan, bere azpiegituretan mantentzea falta delako, eta zaharkitzen ari delako. Hala ere, ohiko trenbidea da lurraldea egituratzen duena, merkantziak eta bidaiariak garraiatzen dituena, eta landa- eta hiri-guneei zerbitzua ematen diena”. Gaztigatu dutenez, merkantziak garraiatuko lituzkeen AHT bat eraikitzea % 30 garestiago litzateke, irizpideak askoz zorrotzagoak baitira.
Teknika arazoak
Trenak elkarri aurreratzeko, bat gelditu eta bestea pasatzeko, plataformak eginen dira AHTko ibilbidean. Halako gune bat Arbizu parean egitea aurreikusi dute. “Halako hainbat egin beharko lituzkete”. Zelaiak gaztigatu duenez, merkantziak eta bidaiariak eramaten dituzten bi tren gurutzatuko balira, “bat azkar doa, bestea mantsoago, hainbat haize korronte sortzen dira eta mugimenduak eragiten dituzte; autoak kamioia aurreratzen duenean bezala. Konponbide bakarra da gurutzatzerakoan bidaiarien AHT-ak abiadura moteltzea”. Bestetik, kargatutako merkantzia trenak pasako balira errailen mantentzea zailduko litzateke, “AHTk paraleloak diren errailak behar baititu”.
Fundazioko kideek susmoa dute “AHT eginez gero bi azpiegiturak mantenduko dituztela: AHT bidaiariendako eta egungo trenbidea merkantziendako eta bidaiarien aldirietako bidaietarako geldituko litzateke; azken hori, gero eta gutxiago. Horrek mantentze lan gutxiago izanen du, dirua AHT-k eramanen baitu”.
Zelaiak Ipar eta Hego Kataluniako mugako adibidea eman du, han merkantziak garraiatzeko AHT tarte bat baitago, estatuko bakarra. “Baina oso gutxi erabiltzen da. Bartzelonako portura iristen diren merkantziak Frantziara ohiko trenbidetik garraiatzen dira, AHT oso garestia delako. Bidaiariak garraiatzen dituen AHTri pasa uzteko hainbatean gelditu behar dute merkantziak daramaten AHT-k . Horregatik, nahiago dute ohiko trenbidea erabili. Hura kudeatzen zuen enpresak porrot egin zuen”.
Bestetik, txostenean hainbat erakunderen iritziak ere jaso dituzte, “AHT merkantzien trenbide garraiora ez dela egokitzen” diotenak. Tartean CEOE, Fedea edota Centro Español de Logistica.
Nafarroa
Zelaiak dioenez, Nafarroako AHT bidaiariendako pentsatuta dago. “2004an onartu zen proiektua, bidaiariendako soilik. Ondoren proiektuari aldaketak egin dizkiote. Kontu Ganberak dio kostuak handitu direla, baina ez dagoela argi merkantziak eraman daitezkeen edo ez”. Bestetik, gaur egungo trenbidea bikoiztea AHT egitea baino merkeagoa izanen litzateke. “Hala dio Cener enpresak Nafarroako Gobernuarendako egindako txostenak”. Sener enpresaren txostenak dio gaur egungo trenbidean “justu-justu gabiltzala, tren gehiago ezin sartu. Baina trenbidea bikoizten bada tren gehiago sartzeko aukera genukeela dio, tren kopuru bikoitza sartu daitekeela dio”. Zelaiak laburbildu duenez, “diru-, ingurumen- eta gizarte-kostuak kontuan izanda”, fundazioak egungo trenbidea bikoiztearen eta AHT egitasmoak baztertzearen alde egin du. Txostena eskutan, Sustrai Erakuntza fundazioak bilerak eskatu dizkie Nafarroako Parlamentuan ordezkatuta dauden alderdi guztiei, baita sindikatuei ere.
AHT eta Sakana
Iruñea eta Gasteiz Sakanan barna lotzeko egitasmoa aurkeztu zuen ministerioak eta hari makina bat alegazio aurkeztu zitzaizkiola gogorarazi du Zelaiak. “Egitasmoa ez dago geldirik. Madrilen gobernurik ez denez egon, Gasteizko eta Iruñeko gobernuekin egin beharreko bilera atzeratu da. Orduan erabakiko dute Sakanatik nondik pasatzen den AHT: Gasteizen edo Ezkio-Itsason bukatzen duen”. Hiru gobernuen arteko bilera hori “edozein momentutan egin daiteke eta orduan larri ibiliko gara, proiektua izanen baitugu, eta berehalakoan mugitzen hasi beharko dugu”.
Zelaiak uste du AHT egitasmoa Nafarroan gelditzea posible dela, “oso lan gutxi egin direlako. Sakanakoa egiteko Iruñera artekoa egin behar da. Erribera aldeko plataforma besterik ez dago egina. Iruñerrian oraindik proiekturik gabe daude. Sakanan zein proiektu eginen den erabaki gabe dago. Egungo Sakanako trenbidea ona da eta erraz bikoiztu daiteke. Pentsatzen dut oso zaila dela AHT egitea. Baina borrokatu beharko dugu”.