Desberdintasunei begira

Guaixe 2020ko urt. 21a, 09:03
Lizarragako ostatua mustu zenean jendea poleki elkartu zen.

Nafarroako Gobernuak makina bat datu ematen ditu txostena argitaratu du, despopulazio-prozesuei aurre egiteko proiekzio gisa balio dezaketenak, etorkizuneko politikak garatzeko. Sakanari buruzko hainbat datu jakingarri bildu ditu txostenak.

Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak "Nafarroako lurralde-desberdintasunen diagnostikoa: erronkak eta proposamenak" txostena argitaratu zuen astelehenean. Lan horrek Nafarroako eskualdeetako lurralde-, demografia-, lan-, gizarte- eta lehiakortasun-desberdintasunak aztertzen ditu. Azterketa gizartearen aldetik hiru desberdintasunetan oinarritu da: despopulazioa, enplegua eta gizarte-politikak. Hala ere, desberdintasunean alderdi gehiagok hartzen dute parte. 

Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Zirizak aurkezpenean esan zuenez, “nahiz eta, oro har, Nafarroan biztanle-kopurua igotzen ari den, eta despopulazioaren arazo larriaz hitz egin ezin badezakegu ere, badira zona ahulagoak, biztanleriaren atzerapena jada izaten ari direnak; esate baterako, Pirinioetan eta Ameskoan. Beraz, funtsezkoa da guk zerbait egitea”. Bestetik, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusi Luis Camposen arabera aldagai guztietan ikusten da “lurralde-kohesioa ez dagoela bermatuta eta batzuetan, gainera, ahultasun-egoerak nabari direla politika espezifikoak eta sektorialak eskatu behar lituzketen lurralde batzuetan, aukerak gehiago zatitu ez daitezen”.

Eskualde batzuen despopulazio-prozesuek eragin erabakigarria izanen dute haien etorkizunean eta erronka berrietara egokitzeko duten benetako gaitasunean. Zenbait eskualdek, oraingoz, nolabaiteko kanpo-monitorizazioa eskatuko dute, haien gainbehera saihestu nahi badugu, eta horrek ekar litzakeen ondorio kolektiboak, ingurumenekoak eta gizarte-kohesiokoak saihestu nahi baditugu.

Lurralde eta demografia mailako desberdintasunak
Nafarroa biztanleria-gune batzuen arabera egituratzen da, Iruña eta Iruñerria (Nafarroako populazioaren % 54,1 2018an) eta eskualdeetako buruak nabarmentzen dira. Azken horiek, batik bat komunikazio-ardatz estrategikoekin lotuta daudenak eta garapenari eusten diotenak. Neurri batean, ardatz horietan aurkitzen ez direnek dituzte lurralde-mailako ahultasun gehien. Esaterako, Irurtzun, Altsasu eta Olatzagutia erregio kudeaketa gune gisa hartzen ditu azterketak, eta Lakuntza, Arbizu eta Etxarri Aranaz, berriz, azpieremuko egituraketa gune gisa. Azterketan diotenez, Nafarroan “halako polizentrismoa” dago. 

Aski ezaguna da Sakanaren geografia-kokapena nabarmentzen dutela. Sakandarren % 17,8ak du egituraketa gune gisa hartzen den herriren bat bost minutura, Nafarroako bataz bestekoaren (% 19,6) azpitik ia bi puntu. Iruñerriaren ondoren (% 2,4) Sakana da egituraketa guneak gertuen dituen bigarren eskualdea. Beste muturrean Pirinioak daude, populazioaren % 61,4 herri nagusietatik urrun bizi dena. 

Nafarroan biztanleriak gora egin badu ere, “badira ahulagoak diren eskualdeak”. Sakanaren populazio dentsitatea Nafarroakoaren parekoa izan zen 2018an, 66,1 biztanle km2-ko eta 67,4.  Europar Batasunaren arabera, despopulazio-arriskua kilometro karratu bakoitzeko 12,5 biztanleko dentsitatea dagoenean gertatzen da. Sakanan Ergoiena maila horren oso azpitik dago, km2-ko 8,9 pertsona besterik ez baitira bizi. Eta badira despopulazio-arrisku maila horretatik gertu dauden udalerriak ere: Arakil (17,82) eta Arruazu (19,19). Biztanleria-dentsitatea kontuan ibarrean lehentasunezko jarduerako udalerri dira. 

Sakanako populazio dentsitatea (2019)
  Biztanleria Azalera (km2) Dentsitatea
Altsasu 7.443 26,805 277,67
Arakil 933 52,36 17,82
Arbizu 1.104 14,304 77,18
Arruazu 110 5,733 19,19
Bakaiku 362 11,7 30,94
Ergoiena 372 41,811 8,90
Etxarri Aranatz 2.483 33,021 75,19
Irañeta 172 8,396 20,49
Irurtzun 2.233 3,522 634,01
Iturmendi 403 9,909 40,67
Lakuntza 1.279 11,033 115,92
Olazagutia 1.489 19,617 75,90
Uharte Arakil 805 37,941 21,22
Urdiain 653 15,081 43,30
Ziordia 348 14,389 24,19
Sakana 20.189 305,622 66,06

Landa eremuak husteak hainbat eragin dakartza berarekin. Ekonomia ikuspegitik lehen sektorea desagertzea eta zerbitzuak murriztea. Aldi berean, historia- eta arte-ondarearen segurtasuna galtzen da. Ingurumen eraginen artean daude baso suteak handitzeko aukera eta erabileren aldaketagatik paisaia-inpaktua sortzea. Horrekin batera, populazio faltagatik gizarte zerbitzuak murriztea. Aldi berean, udalak bi aukerekin gelditzen dira: zerbitzuak mankomunatzea edo haiek galtzea. Populazio galeraren azken ondorioak kulturarekin, erabileren eta ohituren galerarekin zerikusia du. 

Azterketak argi uzten du Nafarroako landa eremua husteko eta hura zaurgarri bihurtzeko arrazoiaren oinarria desberdintasunak direla. Nafarroaren lurralde egituraketa eta aukera berdintasuna bermatzeko sareko polizentrismoa garatzea egoki jotzen dute azterketan. Horretarako, kontuan hartu beharreko elementuak zerrendatzen ditu: enpleguaren sorrera deszentralizatua, landa eremuetako bizigarritasuna sustatu eta zerbitzuak hobetzea, komunikazioak eta konektagarritasuna hobetzea, ikastetxeak eta teknologia zentroak hedatzea, baliabide endogenoak baliatzea, sareko kooperazioa eta eskualdeko estrategiak lantzea. Horrekin guztiarekin batera, “aparteko garrantzia dute komunikazio eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia (IKT) azpiegiturek”. 

Landa eremuek aurrera egiteko smart villages edo herri adimendunak ekimena sustatzea proposatzen du txostenak. Horiek “erresilientzia hobetzeko konponbide berritzaileak erabiltzen dituztenak, tokiko indarguneak eta aukerak aprobetxatuz. Parte hartzeko ikuspegian oinarritzen dira, beren baldintza ekonomikoak, sozialak edota ingurumena hobetzeko estrategia garatu eta ezartzeko, bereziki teknologia digitalek eskaintzen dituzten soluzioen mobilizazioaren bidez. Herri adimendunak landa eta hiri eremuetan aritzen diren beste komunitate eta eragileekin lankidetzan eta aliantzak eginez baliatzen dira. Estrategien hasiera eta ezarpena lehendik dauden ekimenetan oinarritu daiteke, eta iturri publiko eta pribatu ugariren bidez finantzatu daiteke”.

Zahartzeaz
Zahartzen ari den gizartea gero eta gehiago zahartuko da heldu diren urteetan. 2018an sakandarren % 20,8k 64 urte baino gehiago zituen, % 23,2 emakumezkoa eta % 18,5 gizonezkoa (Nafarroan % 19,5, % 21,7 eta % 17,4). Aurreikuspenek diote 2037rako nafarren % 25 65 urte baino gehiago izanen dituela. 2018an Nafarroako zahartze indizea (64 urtetik gorako herritarrak zati 15 urte beherakoengatik) % 124,9koa zen; Sakanakoa, berriz, % 134,5ekoa. Gehiegi zahartzeari buruzko indizea (85 urte edo gehiagoko herritar kopurua zati 64 urte eta gehiagokoak) Nafarroan % 17,7koa da eta Sakanan % 18,6koa. Senilarekiko mendekotasun-indizea (64 urte baino gehiagoko populazioa zati 15 eta 64 urte arteko populazioa) Nafarroan % 30,1ekoa da, Sakanakoa, berriz, % 32,6koa. Zahartze datu handienak dituzten eremuak bat datoz despopulazio maila handiena dutenekin. Bestetik, jaiotze tasa txikia izateak Nafarroako demografiak “etorkizun oso konprometitua” izatea ekarriko du. 

Zahartzeak kultur eta gizarte ohiturak dakartza, zahartze aktiboa eta bere eskubideak aldarrikatzen dituzten adinduak, ekonomia eta kultura baldintza hobeak dituztenak. Aldi berean, adinduak familietan zaintzeko joera aldatzen ari da eta, azterketaren arabera, gizarte eta osasun premia berriei aurre egitea ekarriko du. Biztanleria gero eta zaharragoa izatearen ondorioz, gizarte eta osasun beharrak handituko dira. “Are gehiago osasun eta ekonomia baldintza hobeek etxean egoteko denbora luzatzen dutenean. Hori guztia inbertsio sozial gisa hartu behar da”. 

Europar Batasunetik bideratzen diren politiken asmoa da IKTek Gizarte eta Osasun Laguntzaren kostuen igoera jasangarri egitea, eta, era berean, pertsonen bizi-kalitatea hobetzea. Horretarako, arreta egokia emanen duen zaintza jarraiturako sistemak garatzea, zaintzaz arduratzen diren familiako kideendako babesa hobetzea, heriotza duina izateko zainketa aringarriak eskaintzea eta jarduera eta espazio lagungarriak sustatuz adinduak gizartean integratzea. 

Euskarri biztanleria da bizi den eremuko egitura sozial, demografiko eta ekonomikoa jasaten duena, ekonomia sortzen duena eta, era berean, seme-alaben eta adinduen zaintza bere gain hartzen duena. 40 eta 54 urte bitarteko pertsonak dira euskarri biztanleria. Nafarroan oraindik ere adin-tarte hori handitzen ari da, baina aurki demografian pisua galduko du eta adinduen multzora pasako dira. Nafarren % 24 euskarri biztanleria zen 2018an, Sakanan, % 23,4. Bitarteko adin horretako pertsonak egotearen menpe daude landa eremuen hazkundea eta garapena. 

Generoari erreparatuta, Nafarroako euskarri biztanleriaren % 51,2 gizonezkoa zen eta % 48,8 emakumezkoa. Sakanan, berriz, % 54,2 eta % 45,8koa. Azterketan nabarmendu dutenez, “landa-inguruneen kasuan, maskulinizazioa errealitatea bada, euskarri biztanleriaren kasuan prozesu hori askoz nabarmenagoa da”. Datuetan oinarrituta, txostengileek diotenez, “emakumezkoak haien bizitza aktiboa eta lan-bizitza egitera profesionalki garatzeko aukera hobeak eskaintzen dizkieten espazioetara joan dira”.

Migrazioa 
Migrazioa beste faktore erabakigarria da gure udalerrietako egitura demografikoak osatzerakoan. “Migrazio ekonomikoa da batez ere, eskualdeen sozioekonomikoa eta ekoizpen oinarriak populazioa erakartzeko ezinbesteko eragilea da”. Nafarroako populazioaren % 14,3 atzerrian jaiotakoa da, ibarrekoa, berriz, % 9,5ekoa. Haietatik % 38,9 Europar Batasunekoak dira, % 1,9 gainontzeko Europako herrialde batekoak, % 32,9 Magrebekoak,  % 7,6 Afrikakoak,% 15,9 Latinoamerikakoak eta % 2,4 beste herrialdeetakoak. 

Azterketan azaldu dutenez, “demografia txikien duten eskualdeetara migratzaile gutxiago joaten da”. Eta gaineratu dutenez, “kultura-jatorriek eta kokalekuek gero eta eragin handiagoa izango dute gizarte-kohesioan”. Migratzaile batzuk sorterrira bueltatuko badira eta beste batzuek euren migrazio proiektua beste nonbaiten segituko badute ere, “gehienak hemen geldituko dira, familiak osatuz eta euren bizi proiektuak bertan garatuz”. 

Horregatik, hainbat erronka zehaztu dituzte txostengileek: enplegurako sarbidea (langabezia tasa handiagoa dute, prestakuntza txikiagoa, prekarietate handiagoa, pobrezia maila handiagoa…), Ongizate Estatuko tresnak eskuratzeko aukera (haur pobrezia handiagoa, etxebizitza kalitate eskasagoa, hezkuntza emaitza kaxkarragoa, ikastetxe jakinetan kontzentratzea…), ekonomia eragina (ekonomia hazkundeari ekarpena, euren lanpostuak ekonomia zikloei sentsibleagoak dira, mendekotasuna duten zaintzaile dira…) eta gizarte bizitzako parte-hartzea (migrazioa ez da bertakoen kezka nagusia, haiekiko estereotipoak, politika parte-hartze txikiagoa…).

Baina migratzaileak ez dira bizitokiz aldatzen duten bakarrak, jendea ikastera edo lanera joaten baita. Edota jubilatu ondoren sorterrira. Badira aisialdiagatik, turismoagatik edo osasunagatik bizitokiz ere aldatzen dutenak. Mugikortasun horregatik biztanleak irabazten ditu Iruñerriak. Sakanara 2018an 708 pertsona etorri ziren (Nafarroako mugikortasunaren % 1,44) eta 654 ibarretik joan ziren (% 1,33). Azterketaren egileek mugikortasun horren atzean ere landa eremuaren maskulinizaziorako arrazoiak ikusi dituzte. Izan ere, emakumezko gazteek eta adin ertainekoek hezkuntza maila handia dute eta eskualdean lanari dagokion aukera berdintasunik ez dute. 2018an Sakanaren maskulinitate indizea 105,5ekoa zen, Nafarroakoa 98koa. 

Lan-arloko desberdintasunak
Nafarroako eskualde bakoitzak demografia dinamika eta produkzio-espezialitate desberdinak ditu eta, ondorioz, eremu bakoitzak enplegu ezaugarriak desberdinak ditu. Esaterako, lehen sektoreak indar gehiago du Erriberan eta industriak Sakanan. Txostengileek diotenez, “krisiak eta handik ateratzeak eskualde bakoitzaren ahulguneak eta indarguneak agerian utzi dituzte. Sakana bezalako eskualdeetan, manufaktura-industria tradizionalki jorratu den lekuetan, enplegua asko berreskuratu da azken urteetan. Hala ere, ia erabat industria-sektorean oinarritu da, eta hori maskulinizatuta dago neurri handi batean”. 

Nafarroako gizartea urtetsua da, eta biztanleria aktiboa nabarmen jaitsi da; 59,09koa da eta Sakanakoa 56,57koa. Aurreikuspenak egiteko biztanleria aktiboaren ordezkapen-indizeari erreparatu behar zaio. Adierazle horrek kontuan hartzen du aurki jubilatu behar den biztanleria (60 eta 64 urte bitartekoak) eta lan merkatura sartuko dena (20 eta 24 urte artekoa). Indize hori Nafarroan % 85,4koa da eta Sakanan % 74,2koa. 

Txostengileek gaztigatu dutenez, “genero kontuetan lan-merkatuko desberdintasun iraunkorraren ebidentzia” dira bildutako datuak. “Gizonezkoekin alderatuta emakumezkoen presentziak lan merkatuan eskasa izaten segitzen du”. Demografia dinamikengatik aparte, bi arrazoi eman dituzte:  historikoki emakumezkoen bizkar izan den pertsonen zaintza (ordaindu gabeko lana) eta lanerako adinean dauden emakume askok enplegu bat nahi, opatu ez eta langabetu gisa bukatzen dutenak. Horiek horrela, lana opatzeko “emakumezkoek zailtasun gehiago izanen dituzte, are gehiago zaharkitutako inguru batean”. 

Hala, Nafarroan 16 eta 64 urte arteko 100 gizonezkoetatik 63,44 aktiboak dira (langabezian edo lanean daude; emakumezkoak, berriz, 54,88. Sakanaren kasuan gizonezko aktiboak 60,32 dira eta emakumezkoak 52,56. Generoari erreparatuta krisiaren ondoren, tasak parekatzera jotzen ari dira Nafarroan. Baina txostena egileak harritu egin dira Sakanan ematen delako langabetuen generoen arteko alderik handiena (2018an): guztira % 10,99ko langabezia tasa, gizonezkoena % 7,48koa da eta emakumezkoena 15,3koa. 7,76 puntuko aldea. Nafarroan langabezia % 10,3koa da, gizonena % 9,09 eta emakumezkoena % 11,09. 

Sakanako langabezia-tasa Nafarroakoaren bataz bestekoa baino handiagoa da alderaketarako aukeratutako hiru urteetan. Baina gaur egunera zenbat eta gehiago gerturatu bien arteko aldea txikitzen ari da. 

Langabeen ezaugarri sozio-demografiko nagusiak
    Sakana Nafarroa
  Guztiaren % % 2,7 % 100
Generoa Gizonezkoa % 38,4 % 41,2
Emakumezkoa % 61,6 % 58,8
Guztira % 100 % 100
Adina < 25 % 10,0 % 9,5
25-34 % 16,6 % 18,9
35-44 % 20,8 % 23,7
45-54 % 23,1 % 23,0
>=55 % 29,5 % 24,8
Guztira % 100 % 100
Naziotasuna Espainiarra % 87,7 % 80,1
Atzerritarra % 12,3 % 19,9
Komunitarioa % 3,5 % 6,4
Komunitarioa ez % 8,7 % 13,4
Guztira % 100 % 100
Enplegu-, jarduera- eta langabezia-tasak
  Enplegua Jarduera Langabezia
Sakana 50,35 56,57 10,99
Nafarroa 53,17 59,09 10,03

Azterketan jaso dutenez, 2019ko lastailean nafar langabetuen kopurua aurreko hamarkadakoa baino % 16,3 handiagoa zen. “Sakanan ere krisiak eragin handia izan zuen, eta 2008. urteaz geroztik langabezian zeuden pertsonen kopurua % 17,5 igo zen, baina azken urteotako suspertze handienarekin batera, langabezia-tasa % 10,8 jaitsi da”. Baina eskualdeetan langabeziak dituen ezaugarriei ere erreparatu diete: “bereziki deigarria da Sakanan, duela gutxi enplegu asko berreskuratu den eskualdean, emakumeen langabezia handiagoa izatea, % 61,6. Era berean, Sakanan 55 urte edo gehiago dituzten langabeen bigarren ehuneko altuena dago (% 29,5); Nafarroan, berriz, % 24,8 dira”. Oinarrizko hezkuntza duten langabetuak Nafarroan % 70,4 dira, Sakanan % 64,9. Iraupen luzeko langabeziari dagokionez, ibarrean 2019an % 33koa zen erkidegoan, berriz, % 34,6koa. 

Eskualdeka ere enplegua desberdina da Nafarroan. Erkidegoko enplegu tasa 53,17koa da, eta ibarrean 50,35ekoa dugu. Aurreko guztia kontuan hartuta, ez da harritzekoa eskualde bakoitzaren enpresa garapenean eragina izatea. “Populazio dentsitate handiagoa dago enpresa kontzentrazio handiagoak dituzten eskualdeetan eta egiturazko guneetan”. Sakanan 2019an 1.155 enpresa zeuden foru erkidegokoen % 3,08. Baina 2013 eta 2019n urteen artean % 6,1 enpresa gutxiago zeuden ibarrean, denbora tarte berean Nafarroan % 2,1eko hazkundea izan zen. Erkidegoan egoitza duten enpresei erreparatuta, Sakanan industria % 14,6 da, eraikuntza % 12,8, merkataritza % 24,6 eta zerbitzuak % 48. Nafarroan, berriz, % 9,1, % 11,7, % 23,1 eta % 56 da. 2019a 2013koarekin alderatuz gero Sakanan industria enpresen % 20,3 galdu da, eraikuntza enpresen % 26,7, merkataritzaren % 6,9 eta zerbitzuen % 8,4. 

Industriak Gizarte Segurantzaren afiliazioan duen pisuari erreparatzen badiogu, Nafarroan % 23,3koa den bitartean Sakanan 36,3koa da. Nekazaritzako elikagaien industriaren kontratazioaren pisua Nafarroan % 12,5ekoa da; gurean, berriz, % 6,1ekoa. Nafarroako eskualde guztietan egiten diren kontratu gehienak aldi baterako dira. 

Horri guztiari aurre egiteko honako proposamenak egin dituzte: balio erantsia duten jarduera berriak sustatzea enplegu galera handiena duten eskualdeetan, gehiegi espezializatutako eskualdeen dibertsifikazioa erraztu, enpresa garapena sustatzeko ekintzailetza eta Gizarte Ekonomia bulkatzea, eskualdeen arteko elkarlana sustatu eta haien arteko lehiakortasuna txikitu, eskualdearen ekonomia garapenaren beharretarako pertsonak egokitzeko baliabideak jartzea eta tokiko enplegu baliabideak indartu eta egokitu. 

Gizarte desberdintasunak 
Pobrezia arriskua 
Beste erkidegoekin alderatuta, Nafarroak tradizionalki pobrezia indikatzaileetan maila baxua du. Baina foru erkidegoko eskualdeen artean desberdintasun nabariak daude. Nafarroako pobrezia arriskuaren tasa % 21,71ekoa zen 2017an, Sakanakoa, berriz, % 17,30ekoa zen. 2008tik beherako joera izan du, orduan % 21,77koa baitzen, % 3,6ko jaitsiera (Nafarroan % 25,81 eta % 4,1eko jaitsiera). Urte artean Sakanako etxeko errentaren bataz bestekoa Nafarroakoaren parekoa zen, 32.910 euro eta 33.106 euro; 2008tik 2017ra ibarreko etxeko errenta maila % 5 igo zen, foru erkidegokoa % 5,6 jaitsi zen bitartean. Jakina, eskualdeak zenbat eta etxeko errenta maila baxuagoa izan, orduan eta handiagoa da pobrezia arriskua. Horri gehitu behar zaio lanpostuen tipologia eta migrazioaren presentzia handiagoa eta txikiagoa. 

Pobrezia arriskuak Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileen kopuruan du isla. Sakana hartzen duen ipar-mendebalde eskualdean harrera eta gizarte orientazio programan % 10,7 pertsona zeuden 2018an (Nafarroan % 9,91), norberaren autonomia sustapena eta dependentziarako arreta programan % 1,21 zeuden (foru erkidegoan % 0,53), haurrei eta familiei arreta programan % 5,8 (Nafarroan % 6,22) eta gizarteratze programan 2017an % 4,51 (erkidegoan % 7,05). 

Bestalde, oro har, krisia hasi zenetik kotizaziopekoak ez diren prestazioek gora egin dute, kontribuziokoak baino gehiago, eta prestazio guztien % 28 izatetik % 40,6 izatera pasa da. Iraupen luzeko langabeziaren hazkundeak berekin dakar, ezinbestean, lehenik, kotizaziopeko prestazio agortzea, eta, ondoren, kotizazio gabeko prestazioak, gizarte-bazterkeriaren arrisku argian dauden pertsonen kolektiboa sortuz. Horregatik, Bermatutako Errentak garrantzia hartu du, nahiz eta langabezia jaitsi. 2016 eta 2019 urteen artean nafarren % 6,9 uneren batean Bermatutako Errenta jaso zuten, sakandarren kasuan % 4,5 izan zen. 

Pobreziaren feminizazioa ere badago eta hala erakusten dute Errenta Bermatuko hartzaileen datuak: Sakanan emakumezkoak % 52,2 ziren eta % 48,8 gizonezkoak, Nafarroan, berriz, % 52,7 eta % 47,3. 

Langabezia-tasa eta bariazioa
  2018 2015 2013
Sakana 10,99 17,03 21,78
Nafarroa 10,33 13,83 17,93

Langabeziaren aurkako babesa
Enplegua izateak dagoeneko ez du bermatzen zaurgarria ez izatea. Baina bazterketa egoera gehienak langabeziari lotutakoak izaten segitzen dute. Horregatik dute garrantzia langabeziaren kontrako babes neurriak. Azterketak agerian uzten du Nafarroak estaldura baxuena duen erkidegoetako bat dela (% 54,2koa estatukoa % 61,8koa denean), eta 15.425 langabe nafar estaldurarik gabe daudela. Babes hori eskualdeen arabera aldatu egiten da. Sakanan 2019an langabeziagatik babesa zuten langabeak % 55,8 ziren eta babes gabeak % 44,2; Nafarroan % 49,3 eta % 50,7. Langabeziaren aurkako babesak 2008 eta 2019 urteen artean 8,2 puntu egin zuen behera Sakanan eta 21,9 Nafarroan. 

Gizonezko sakandarren % 57,8k langabezia-estaldura du, emakumezkoen kasuan % 54,4 (Nafarroan % 53 eta % 46,8). Adinari erreparatuta, 24 urte baino gutxiago duten gazte langabe sakandarren % 17,2k besterik ez du langabezia-estaldura (Nafarroan % 22,5). 25 eta 39 urte artekoen langabezia estaldura % 54,7koa da (% 45,2), 40 eta 54 urte artekoena % 45ekoa (44,8) eta azkenik, 55 urte edo gehiagoko sakandarren langabezia estaldura % 82,1ekoa da (% 70,5).  

Desgaitasuna eta mendekotasuna 
Gizarte eskaera espezifikoak ere badaude, eta eskualdeka eragin desberdina dute. Desgaitasuna Nafarroan % 5,3koa da (34.639 pertsona) eta Sakanan % 5,9koa (1.195 pertsona). Desgaitasuna duten pertsonen adinari dagokionez, Sakanan % 43,5 33 eta 44 urte artean dituzte (Nafarroan % 41,5), 45 eta 64 urte artean % 17,2 (% 17,1), 65 eta 74 urte artean % 20,9 (% 22,8) eta, azkenik, desgaitasuna duten 75 urte baino gehiagoko sakandarrak % 16,4 dira (% 18,5). 

Zaharkitutako gizarte batean mendekotasunak eragina du. Hala, Nafarroan, eta Sakanan, populazioaren % 2,5ek ofizialki aitortua du mendekotasun mailaren bat. 75 urte edo gehiago eta mendekotasuna dute sakandarrak % 17 dira (Nafarroan % 18,4). Adin horietan mendekotasunak ere emakumezko aurpegia du Sakanan % 21,3, eta gizonezkoa % 11 (foru erkidegoan % 21,8 eta % 13,2). 

Zahartzea eta bakardadea 
Nafarroako etxebizitzen % 27,6an pertsona bakarra bizi da, % 14,5 emakumezko eta % 13,2 gizonezkoak. Bakarrik bizi dira sakandarren % 28,6, haietatik gizonezkoak % 16 dira eta emakumezkoak % 12,6. 65 urte edo gehiago izan eta bakarrik bizi diren nafarrak % 11,3 dira, haietatik % 7,8 emakumezkoak eta % 3,6 gizonezkoak. Adin tarte horretan sakandarren % 12,1 bizi da bakarrik, haietatik % 7,6 emakumezkoak eta % 4,5 gizonezkoak. Eta 80 urte edo gehiago izan eta bakarrik bizi diren nafarrak % 5 dira, % 3,9 emakumezko eta % 1,1 gizonezko. Sakanaren kasuan, adin horretan bakarrik % 5,6 bizi da bakarrik, % 4,2 emakumezko eta % 1,5 gizonezko. 

2003 eta 2019 artean bakarrik bizi ziren nafarren etxebizitza kopuruak % 45,3 egin du gora, Sakanan % 54,4. Adinari erreparatuta, bakarrik bizi diren 65 urtetik gorakoen hazkundea % 55ekoa zen ibarrean eta % 51,8 foru erkidegoan. Eta 80 urtetiko gorakoen artean gora egin zuen, % 87,9 Sakanan eta % 73 Nafarroan. 

Pertsona bakarreko etxebizitzak gora egiten duten bitartean, jendea bizi diren etxeen kopuruak behera egiten duen garaian. Sakanan 2018an 10.476 etxebizitza zenbatu zituzten eta haietako 7.726 bizi zen jendea, 1,36ko ratioa. Nafarroan ratioa 1,32koa da. Bestalde, oporretan edo aldi batean erabiltzen ez diren etxebizitzak edo hutsik daudenak ere badaude. Sakanan etxebizitza nagusiak ez direnak % 31,7 ziren 2018an, eta 2011tik 0,1 besterik ez zuen gora egin. Nafarroan halako etxebizitzak % 29,5 ziren eta 8 urtean aldeak 0,8 egin zuen behera. 

Horri guztiari aurre egiteko txostengileek proposamenak honakoak dira: gizarte babes sistemak eskualdeen tamainaren eta ezaugarrietara egokitzea, gizarte zaurgarritasun egoera handienendako eta kolektiboendako zerbitzu bereziak sortzea, gainezka egin dezaketen eskualdeetako Gizarte Zerbitzuak indartu, eskualdeen tamainaren eta eskaeraren ezaugarrien arabera banatu enplegu zerbitzuak eta prestazioak, enplegu zerbitzuen definizioa deszentralizatzea, bakarrik bizitzean edota bakarrik bizi diren adinduen kasuan izan daitezkeen arriskuei erantzuteko gizarte babeseko sistemak eskaini, etxebizitza hutsen kopurua murrizteko estrategia publikoak garatzea.

Lehiakortasun eta garapen gaitasuneko desberdintasunak 
Lehiakortasunari dagokionez, Europar Batasunaren arabera Nafarroako estatuko laugarren erkidegoa da. Orokorrean, industria duten eta komunikazio ardatz handietan dauden eskualdeak lehiakorragoak direla diote txostengileek. Ikerketa eta Garapenean (I+G) Nafarroa Europako bataz bestekoaren gainean dago. Baina foru erkidegoko I+Grako gastuaren % 81,6 eta horretan aritzen den langileriaren % 77,1 Iruñerrian daude, han baitute egoitza unibertsitateek eta teknologia zentro gehienek. Sakana barnean hartzen duen Iparraldean, berriz, I+Grako gastua % 3,1ekoa da eta langileria % 4,2. Foru erkidego guztiak energia mendekotasuna duela diote azterketan. Bestetik, lehiakorra izateko, gaur egun ezinbestekoa da banda zabaleko Internet konexioa izatea. Sakanan 30 MB segundoko estaldura dute % 70,7k zuen 2018an.