Pilota

Binakakoa: Dena prest Buñuelen Ezkurdia-Martija eta Irribarria-Rezusta norgehiagorako

Guaixe 2020ko urt. 17a, 10:59

Partida gaur jokatuko da, 22:00etan, eta sarrera guztiak salgai daude. Igandean Jakak eta Zabaletak Altuna eta Ladis Galarza izango dituzte aurkari Beotibarren

Binakako hasierako ligaxkako 9. jardunaldia jokatuko da asteburuan. Estreinakoz Buñuelek lehen mailako pilota partida bat hartuko du, gaur, ostiralean Ezkurdiak eta Martijak Irribarriaren eta Rezustaren kontra jokatuko duten partida, hain zuzen ere (22:00, ETB1). Pilota jaialdiak ikusmin handia piztu du, dagoeneko sarrera guztiak saldu dira eta sekulako giroa espero da. 

Asteazkenean egin zuten material aukeraketa, eta ez zen inolako arazorik egon. Julen Martijak Euskadi Irratian aipatu zuenez, frontisa ongi zainduta dago baina zorua “oso azkarra” da. “Gaur frontoia oso hotza zegoen eta ez da arazorik egon, ea ostiralean jende askorekin nola erantzuten duten pilotek” gaineratu zuen Etxeberriko atzelariak. 

Ezkurdia eta Martija bigarrenak dira sailkapenean, 5 punturekin, eta finalerdietarako sailkapena ziurtatzeko euren 6. puntua lortu nahi dute. Irribarriak eta Rezustak, aldiz, 3 puntu dituzte eta Binakakoan aukerak izateko irabazi beharra dute, bai ala bai. Akaso sakandarrak dira faboritoagoak, Irribarriak eta Rezustak ez dabiltzalako bere onenean, baina gipuzkoarrek egoerari buelta emateko gogoa azaldu dute, eta partida ikusgarria espero da gaur Erriberan. 

Altunak jokatuko du
Igandean Jakak eta Zabaletak Altuna eta Ladis Galarza izango dituzte aurkari Eibarko Astelenan (17:00, ETB1). Aurreko astean baja hartu zuen Altunak, ezker eskumuturra mindua zuelako, eta Elezkanok hartu zuen bere tokia. Baina Altunak entrenatu du, “sentsazio onak” dituela adierazi du eta igandean Jakaren eta Zabaletaren kontra jokatzeko moduan dagoela erabaki du Amezketarrak. “10 egun geldi egon naiz eta ez dut uste igandera ehuneko ehunean iritsiko naizenik, baina eskumuturra hobeto sentitzen dut eta hori da garrantzitsuena” azaldu zuen Altunak. 

Jakak eta Zabaletak jokatutako 8 partidetatik 7 irabazi dituzte eta momentuz txapelketako onenak dira. Bide horretan jarraitu nahi dute eta euren 8. puntua bildu. Sasoi betean daude biak: Zabaleta atzean sendo, berme bikaina, eta Jaka erasokor aurrean, eta igandeko partidarako akaso faboritoak dira, baina Altunak eta Ladis Galarzak ez dizkiete gauzak batere erraztuko. “Txapelketa honetan aurkari guztiak dira zailak” nabarmendu zuen Altunak. 
 
Aurreko astean Elezkanok Altuna ordezkatu zuen –“luxuzko ordezkoa”, Altunaren hitzetan– eta partida bikaina egin zuen bizkaitarrak; aldiz, partida dominatuz bikain hasi eta gero, azken txanpan behera egin zuen Ladis Galarzak, eta partida guztian barna eutsiz gero, azkenean Ezkurdiak eta Martijak lortu zuten jokoan zegoen puntu garrantzitsua, eta Altunarekin eta Ladis Galarzarekin puntutara berdindu zuten (5 puntu). Hortaz, sailkapenean egun Ezkurdiak eta Martijak duten bigarren postua eskuratzeko Altunak eta Galarzak igandean jokoan dagoen puntua beharrezkoa dute. Beraz, lehia oso ikusgarria espero da Beotibarren. 

Gainontzeko partidei dagokienez, larunbatean, Mungian, Olaizola II.a-Urrutikoetxeak eta Artola-Imazek elkarren kontra jokatuko dute (18:00, ETB1) eta larunbatean ere, baina Labriten, Bengoetxea VI.ak eta Mariezkurrena II.ak Laso eta Albisu izango dituzte aurkari.