Pentsio duinak aldarrikatzen segitzen dute

Guaixe 2020ko urt. 20a, 10:39
Irurtzunen azoka egunetan, astearteetan, egiten dituzten pentsio duinen aldeko kontzenrazioak.

Mugimenduak bi urte bete ditu eta astelehenero bezala, 12:00etan, Altsasuko udaletxe parean kontzentratuko dira. Bihar, 11:00etan, Irurtzungo plazan eginen da bilkura.

Espainiako Gobernu berriak joan den astean pentsioak % 0,9 igotzea erabaki zuen, Kontsumo Prezioen Indizearen araberako igoera. Eta, horrela, PPk 2013an pentsioen erreformarekin onartutako % 0,25eko igoera bertan behera gelditu da. Pentsiodunen mugimenduak, ordea, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan behar duela aldarrikatzeko aterako da kalera gaur. “Neurri horrek miseriatik milioika pentsiodun aterako lituzke” gaztigatu dute mugimenduko kideek. Beste aldarrikapen bat da gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea. 

Bestetik, pentsiodunek gogorarazi dute 2012an PSOEk UGT eta CCOO sindikatuekin adostu zuen pentsioen erreformaren ondorioz, 2027 urterako jubilatze epea 65 urtetik 67 urtera pixkanaka pasatzea erabaki zutela. Aurten jubilatzeko lege epea 65 urte eta 10 hilabetekoa da eta hala egiten dutenen pentsioa kalkulatzeko kotizatutako azken 23 urteak hartzen dira kontuan. Nahiz eta aurten 65 urte izan eta 35 urte kotizatuta dutenek pentsioaren % 100 jasotzeko aukera izanen duten. 

“Lehen 65 urterekin jubilatzen zirenen lanpostuak gazteek betetzen zituzten. Erreforma hori indarrean egotean ezinezkoa da. Gainera, gazteek % 100eko pentsioa eskuratzeko urte gehiagoz lan egin beharko dute”. Pentsiodunek gogorarazi dutenez, Frantziako pentsioen erreformaren kontrako mugimendua eragin duen faktoreetako bat jubilatzea 62 urteetatik 64 atzeratzea izan dela. Horregatik, helburuak lortzeko mobilizatzen segitzera deitu dute. 

Greba orokorra 
Sakanako pentsiodunen mugimenduak ilbeltzaren 30erako deitutako greba orokorrarekin bat egin du. Argudio horien berri bihar emanen dituzte, Irurtzunen eginen duten prentsaurrekoan.