Haur eta Gazteen Kantari Jaialdiak martxoan

Guaixe 2020ko urt. 22a, 09:44

Lakuntzan egin zuten iaz jaialdiaren kontzertu bat. ARTXIBOA

Aurten ere Nafarroako haurren eta gazteen abeslarien kontzertu sorta izanen da. Martxoko larunbatetan izanen dira Antsoainen, Lesakan, Zarrakaztelun eta Lizarran. Parte hartzeko epea hilaren bukaerara arte irekita dago. Jaialdi nagusia Barañaingo auditorioan izanen da apirilaren 4an

Urtero bezala, haur eta gazte kantariak oholtzara igotzen dituen jaialdia martxan da. Amaia Dominguez Gonzalo Tafallako ikastolako musika irakaslea antolatzailea da, eta kontzertu sortaren azken ukituak ematen ari da. Hortaz, Nafarroako haur eta gazte kantariek oraindik izena eman dezakete. Horretarako abeslarien izena, abestia zein den aipatu behar dute, baita instrumentu laguntza izango duten ere. Hiru kontzertu eginen da: lehenengoa martxoaren 7an izanen da, Antsoaingo antzokian: matxoaren 14an Lesakako kultur aretoan eginen da; martxoaren 21ean Zarrakazteluko kultur aretoan, eta martxoaren 28an Lizarrako Los Llanos kulturgunean. Izena ematea zabalik dagoen, oraindik ez daude egitarauak eta taldeak itxita.

Nafarroako Haur eta Gazteen Kantari Jaialdiaren berezitasuna da abeslariek euskal kantak interpretatzen dituztela a capella edo instrumentu baten laguntzarekin. 1992. urtetik ospatzen da jaialdia.