Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ilbeltzaren 30erako greba orokorra deitu du. Lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatu nahi dituzte mobilizazioaren deitzaileek. Greba prestatzeko herrietan batzordeak sortzen ari dira. Sakanan, esaterako, Irurtzunen, Etxarri Aranatzen, Lakuntzan, Arbizun, Bakaikun eta Altsasun sortu dira greba batzordeak momentuz.
Deialdiak ere egin dituzte. Lakuntzan, gaur, 18:30ean, Haizea elkartean jarri dute hitzordua. Sakanako gazte asanbladek ostiralean, 19:00etan, Altsasuko Foru plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dute. Ostiralean, 19:30ean, Irurtzungo Larrazpi elkartean Gazteondako lan eskubideen gida aurkeztuko dute eta Hydroko grebaren arrazoiak azalduko dituzte. Etxarri Aranatzek bere kintada egunetako bat ospatuko du larunbatean. Hori dela eta, etxarriarrak grebaren aldeko argazki jendetsu batean parte hartzera deitu dituzte, larunbatean, esan bezala, 13:30ean, plazan.
Greba deitzaileek, bestalde, sare sozialetan greba egitearen aldeko arrazoiak emanez bideoak zabaltzea eta #GukEreGrebaOrokorra traola erabiltzera deitu dute.