ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuetako ordezkariek atzo jakinarazi zutenez, ilbeltzaren 30eko greba orokorrarekin Nafarroako 150 enpresa baino gehiagotako langileen ordezkariek bat egiten dute. “Nafarroan ehunka langile atxikitzen ari dira hilaren 30ean eginen dugun greba orokorrera. Langileak 30ean kalera aterako direla argi esaten ari dira enpresa batzordeetan onartzen ari diren mozioetan”.
Euskal gehiengo sindikaleko ordezkariek azaldu zutenez, “sindikatu batzuek mobilizazioari uko egitea eskatzen digute. Guk aldiz eznahikoak eta partzialak diren neurriak ez ditugu onartzen. Inoiz ez diogulako uko egingo gurea denari, gure eskubideei”. Heldu den asteko deialdiarekin “oinarrizko” eskaerak eginen dituztela gaztigatu zuten: 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lanaldia, soldata arrakalarekin bukatzea eta subrogazioa azpikontratetan aldarrikapen justuak dira, oinarrizkoak. Beraz, greba orokorrarekin bat egin duten sindikatuendako, “unea egokia da mobilizazioaren bidez gure aldarrikapenak errealitate bilakatzeko. Denon artean lor dezakegu!”
Greba deitzaileen iritziz, “gehiengo sozialaren alde gobernatzeko unea da. Egun onartuak ditugun eskubideak langileok urteetan aurrera eramandako borrokei esker lortu dira. Borrokarako grina hori baldin badugu gurea dena lor dezakegu”. Horregatik guztiagatik langile nafarrei ilbeltzaren 30ean greba egitera eta mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte.
Sakanako enpresen atxikimendua
TASUBINSA
Suhiltzaileak
IAT
Electricidad Ramos y Cia S.L.
Magotteaux Navarra, S.A.
Iberica de Suspensiones, S.L.
Industrial Barranquesa, S.A.
Aceros Moldeados de Lakuntza, S.A.
Andra Mari Ikastola
Guerra Manutencion Guema, S.A.
Iñigo Aritza Ikastola
Lakuntza Calor Group
Neumaticos Iruña, S.L.