Pribatua ala publikoa. Patronalaren irabaziak ala langileon eskubideak. Kapitala ala bizitza.
Heldu den urtarrilaren 30ean herri sektore eta langile eskubideen alde gaudenok kalera aterako gara, LAN-PENTSIO-BIZITZA duina aldarrikatzen duen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozial baten eraikuntzan pauso bat emango dugu aurrera.
Sistema kapitalista eragiten ari den lan eta bizi baldintzen prekarizazioaren aurrean, bizitza duina izateko eskubidea errespetatzea exijituko dugu. Izan ere, gaur gaurkoz lana izateak ere ez du bermatzen bizitza duina izatea. Asko dira miseria gorrian bizi diren langileak. Sakanan, Euskal Herri osoan bezala, nabariak dira prekarietatea eta lan eta bizi baldintzen okertzea, esaterako:
- Azken bost urteetan Altsasuko enplegu bulegoan 34.591 kontratu sinatu dira. Horietatik %93,2 behin behinekoak izan dira. Hau da, 32.228 aldi baterako kontratu sinatu dira 20.000 biztanle inguruko eskualdean.
- Gaur egun Nafarroan emakumeen lanaldi partzial tasa %28,53 da. Gizonen lanaldi partzial tasa aldiz % 5,62 da. Zaintza lanak eta jardunaldi partzial inposatua jasaten dute emakumeek.
- Soldatak oro har aurreko hamarkadan baino kaxkarragoak dira. Adibide argia dugu Irurtzungo HYDRO enpresan langileek soldata arrakalaren kontra egindako borroka. Izan ere, lan berdina egitegatik langileen arteko soldata desberdintasuna urtean 5.000€ izatera heldu daiteke.
- Langile, gazte, pentsionista eta abarren eros ahalmena gero eta murritzagoa da.
- Eta abar.
Urtarrilaren 30eko Greba Orokorrak sistema aldatzeko beste pauso bat izan behar du. Azken hamarkadetako prekarizazio prozesua geldiarazi eta herritarron gutxieneko eskubideen aldeko mugarri izan behar du. Gure bizitzen gainean erabakitzeko eskubidea geureganatu behar dugu.
Gure bizitzen alde, U30ean sakandarrok kalera!