"Pailazo maleta ekarri genuen"

Guaixe 2020ko urt. 24a, 13:54
Ainhoa Juaniz clowna 'Tren geltokia' ikuskizunean. ZIRIKA ZIRKUS

Ainhoa Juaniz Zirika Zirkus antzerki konpainiako kidea da. Etzi, igandea, 17:00etan, taldeak 'Tren geltokia' eginen du, Olaztiko kultur etxean. Tren geltoki batean elkartzen diren hiru pertsonen istorioak kontatzen du antzezlanak

Adin nagusitasuna beteko du aurten Zirika Zirkus konpainiak edo hala dela uste du Ainhoa Juaniz taldearen kideak. Hamabosgarren urteurrena ospatu nahi izan zuten, baina konturatu zirenerako, pasa zitzaien urtea. "Hori ona da, denborarik ez genuen ospakizunetarako". Urte hauetan hamaika ikuskizun egin dituzte, eta hamaika istorio kontatu dituzte. Gainera, kideen "izaeragatik" kontakizunek mezu sozialak dituzte. Etzi, igandea, Olaztiko kultur etxean Tren geltokia eginen du Irañetan kokatzen den konpainia. Clown ikuskizun bada ere, "antzerkienetarikoa" dela azaldu du. 

Nola sortu zen Zirika Zirkus?
Madrilen zirkua ikasten ari ginen eta momentu batean Luis Lainez Bolik eta biok pentsatu genuen zerbait sortu behar genuela. Klase batzuetara joaten ginen eta antzerki training-ak egiten genituen baina libre geneuzkan goizetan entseatzen hasi ginen. Saiotxoak sortzen hasi ginen. Garai batean Sierran herri okupatu batean bizi izan nintzen, eta gala bat egin behar zutenez emanalditxo bat prestatu behar genuela esan ziguten. Eta horrela hasi ginen, pixkanaka. Azkenean, ikuskizun bat sortzeko nahiko saio izan genituen. Bolik sortutako clown-ak ez zuen hitz egiten, modu natural batean sortu zen, ez zitzaion hitzik ateratzen eta soinuak eta zaratan egiten zituen. Orduan, ikuskizuna Txantreako Auzotegin mustutzeko proposatu nion. Ez genekien zertarako estreinatu behar genuen, baina nik nire auzoan egin nahi nuen. Bete zen. Urte pila baten ondoren itzultzean, normala da auzoko jendea hurbiltzea. Baina izugarria izan zen. Oso ongi atera zen eta handik beste hiru emanaldi atera ziren, eta horietatik beste hainbat. Etxera bueltatzeko ordua iritsi zela pentsatu  nuen. Horrela planteatu genuen. Oso pixkanaka hasi ginen. Esaten dugun bezala, bakoitzak bere pailazo maleta ekarri zuen, eta hortik aurrera sortu zen. Nik uste gure sekretua hori dela, oso pixkanaka hasi ginela. Sortzen, hazten eta handitzen joan gara. 

Ospea izatea lortu duzue. 
Egia esan, hasieratik bizi gara honetaz. Hasieran klase gehiago eman behar izan nituen eta lan hau beti da ezegonkorra, baina gure hastapenak ziren eta eskola pila bat egiten egon gara. Oso pozik nago lan horretatik. Ez gara oso merchandising edo ospezaleak. Baina zorionez toki bat egitea lortu dugu. Ez dut ezer ospearen aurka, baina ez da nire helburua. Pozik gaude dena gure diruarekin egin dugulako. Lortutako fruituekin. Ez dugu sekula dirulaguntzarik eskatu. Noizbait egin beharko bagenu momentu horretan zerbait handiagoa sortu nahi dugulako edo egin nahi duguna aurrera ateratzeko ez dugulako, egingo genuke. Baina sortzen dugun apur horiekin saiatzen gara aurrera egiten. Oso ongi iruditzen zaigu jendeak dirulaguntzak eskatzea, baina guk beste bide bat hartzea erabaki genuen. Baina dirua programazioak egiteko kudeatu behar dela uste dugu. Gainera, badira proiektu bereziak eta desberdinak dirulaguntzarik gabe ezin direnak egin. Hori argi daukagu. Baina sortu dugun proiektua uste dugu modu honetara egin daitekeela eta edozein antzerki talde bezala ez gara sekula aberastuko eta zailagoa izango dugu, baina bidea hartu genuen. 

Zirika Zirkusen ikuskizunetan mezu sozialak garrantzitsuak dira?
Ikuskizun asko egin ditugu: Zirika Zirkus, Bazen behin zirkua, Zorionak, Zirika Zirkaos, Ilargian, Dantzateke, Txarlestrup, Lalalarika, Eolo, Egunon sikiera, Zinemaz blai berriena... Laster Berrerabizi birziklatzearen aurretik dauden gauzei buruz hitz egiten duen ikuskizuna estreinatuko dugu. Saiatzen gara mezuak subliminalki ematen. Konposteroak ikuskizunean, esaterako, argi ikusten da. Baina Lalarikan izeba bat eta iloba bat dira protagonistak eta guk ez dugu esaten familia mota desberdinei buruzko ikuskizun bat dela. Haur txikiendako egin dugun ikuskizun bakarra da. Besteak publiko guztietarako da. Ez dugu abisatzen, baina jendeak ikusten du. Gai pila bat lantzen ditugu: berdintasuna, ez da ez, etorkinak, arrazakeria... Guk inprobisazioaren bidez gauza asko sortzen ditugu, eta mezu pila bat gehitzen doaz. Ikuskizuna egiten ari garen bitartean sortzen dira. Konturatu gabe. 

Beraz, istorio bat kontatzen duzue, eta horren barruan mezua doa. 
Gu garen moduagatik beti gai sozialak sartzen ditugu. Adibidez, Pantxika Lamur helduei zuzendutako ikuskizun bakarra da. Feminista da ikuskizuna? Pantxika Lamur feminista da. Euskararen alde egiten du ikuskizunak? Emakume euskaldun berria, euskara maite duena eta Euskal Herria maitatzen duena da... beraz, AEKtik, esaterako, deitzen didatenean pentsatu behar dut zertan ari naizen eta orduan sortzen da istorioa. Azaroak 25erako ikuskizun bat dela? Badakit gai zailagoa dela eta tratu txarri buruz umore gutxi egin daitekeen arren, aurretik gertatzen direnak azaleratzen ditut. Inprobisazioan aditua naiz. Baina nik ez dut saltzen Pantxika feminista, euskararen aldekoa eta abar bezala. Kirol gala bat aurkeztu behar duela? Pantxika kirolariz jantziko da eta horri buruz hitz egingo du. Lortu dugu gure bidea gure txokotik egitea. 

CLOWN
Nola erabaki zenuen clown izatea?
Kasualitatez. Berez oso pertsona lotsatia naiz. Inork ez du sinisten. Egoera pila batetan oso isila naiz. Lehenengo kontaktuak, esaterako, kostatzen zaizkit. Izu eszeniko izugarria daukat, baina apurtu nuenean, apurtu nuen. Madrildik itzultzeko aste bat geratzen zenean, lagun batek zirku eskolan izena eman zidala esan zidan. Alcorcongo zirku eskolara joaten nintzen. Madrilago La Carpako irakasle berberak ziren, baina hastapen ikastaroak ziren eta udal eskola zenez, merkeagoa zen ere. Denetara apuntatu ninduela esan zidan. Clowna lokatzara bezala botatzea da. Eta bertan hasi nintzenean... baina terapia bezala hartu nuen. Betidanik izateko moduagatik, egiten ditudan gauzagatik, dantza egitean edo hitz egitean grazia egiten diot jendeari. Baina gaizki hartzen nuen. Izan ere, nitaz barre egiten zuten. Baina bertan ikasi nuen altxor bat zela. Dantza egiten badut eta abesten badut jendeak barre egiten badu, hitz egiteko edo ibiltzeko moduagatik ere jendeari grazia egiten badiot... Baziren gauza batzuk gehiago kontrolatzen nituela eta pixka bat pailazoa banintzen. Baina beste gauza batzuetarako ez. Hor konturatu nintzen pailazo bat nintzela. Azkenean, zuk erabaki behar duzu noiz izan barregarri. Lehenengo egunetik esaten dizute: ez egin barregarriarena, horrek ez du barrerik. Beraz, nik pentsatu nuen xelebrearena egin gabe barregurea sortzen banuen, hori nire tokia zela. Berehala irakasleari nire lana gustatu zitzaion eta hiru klase kiderekin batera aktore training batean parte hartzeko esan zigun. Kristoren oparia izan zen. Antzerki eminentzia bat zen, super zuzendari bat.

Barruan zeneukan. 
Ez dakit. Ondoren, zirku klaseko bigarren astean emakume batek galdetu zidan ea zankoetan ibiltzen nekien eta baietz esan nion. Askotan ibili izan naiz zankotan. Emakumeak antzerki zirku konpainia bat zuen eta larunbatean hasiko nintzela esan zidan. Alde batetik, clown irakasleak training bat egiteko esaten dit eta, bestetik, antzerki konpainia batean aritzeko esaten didate. Bi astetan. Nahiko meteorikoa izan zen. Ezin nuen ezetz esan. Beraz, La fabrica de sueños konpainian lanean hasi nintzen. TVEko La bola de cristal saio horretan El duende del globo saioan lan egiten zuen konpainiak. Bere ikuskizunak oso fantastikoak ziren. Egun batean zerbait amesten zuen eta ikuskizuna goitik behera aldatzen zuen. Nik flipatzen nuen. Oso harreman ona geneukan eta berari nola aritzen nintzen gustatzen zitzaion. Gainera, konpainian erori nintzela esaten zidaten. Izan ere, beste konpainia batzuetan beraien artean inbidiak eta lehiakortasuna zegoen, eta honetan kontrakoa zen. Emakume horrek jendea kontratatzen zuen bere argiagatik. Oso gustura egon nintzen eta entrenamendu handia izan zen. Beste aldetik, gainera, antzerki fisikoa ere entrenatzen nuen zirku eskolan. Carapara joan nintzen azkenean. Baina denbora gutxi egon nintzen. Goizetan ere afro dantzak ikastera joaten nintzen... gauza selektiboagoak egiten nituen. 

Zirku ikasketak homologatuak dira?
Carpako goizetako ikastaroak erdi mailako ikastaroak zirela uste dut. Goi mailako eskolara joan zintezkeen gero. Orain ez dakit zein izango den egoera. Bartzelonan badakit zirku eskola homologatua dagoela. Baina nik ez nuen hori egin. Nik ikastaroak eta monografikoak egiten nituen. Goizetan aktore training-a eta ikastaroak egiten nituen: dantza garaikidea, afrikarra... 

Ikastaroak egitea beharrezkoa dela uste duzu? Edo talentu naturalarekin nahikoa da?
Clownak entrenatu behar du. Egia da egin egiten zarela antzezten, baina gutxieneko batzuk jakin behar dituzu. Badira teknika batzuk, gauza guztietan bezala. Aktore teknikak dira eta arau batzuk ere badira. Horrela da eta horrela izan behar da. Huts egin dezakezu, baina jakinda araua horrela dela. Ez duzu aurkituko pailazo bat sudurra ongi jartzen berea ez balitz bezala. Agian publikoaren jartzen du berarekin jolasten ari delako, baina sudurra sakratua da. Edo lehen aipatu dudana, ez zarela barregurea sortzera joan behar. Sortu behar duzu, gertatu behar da. Badago jende asko ez duela ezer egin; bakoitzak jakingo du, nik ez dut inor epaitzen. Baina clowna naiz esateko, gutxieneko bat behar da. Pertsona baten feed back-a behar duzu hortik bai edo hortik ez esaten dizuna. Gainera, irakasle desberdinen iritzia izatea garrantzitsua dela uste dut. Bi lerro bezala daude: gogorra, nolabait esateko, eta leuna. Lehenengoak bilatuko du barruan duzuna kanporatzea eta horretarako edozer gauza egingo du. Mugara jarriko zaitu. Hamabost hasi ginen eta bederatzi bukatu genuen. Hau aguantatzeko kapaza ez bazara, ez naiz zure irakaslea. Eta badira kontrakoak ere. Virginia Imaz edo Ramon Albistur. Oso lasaiak dira. 

Zer da clown izatea?
Clown antzerki teknika bat da. Besteak beste, Stanislavskiren eta Gutowskiren teknikak jarratitzen dira. Emozioak daude jokoan. Ez du zertan barre egin behar, badira clownak negar egiten dutenak ere. Metodo bat da, eta emozioak mugitzen aritzen da. Onerako edo txarrerako. Askotan galdetzen zein den digute clown eta pailazoaren arteko desberdintasuna. Guk antzerki zirkua egiten dugu. Pailazoak saioak egiten ditu. Lagun batek esan zidan, clowna ikasketak dituen pailazo bat dela. Ez da horrela, baina azaltzeko balio du. Hala ere, clown pailazo ingelesez da. Zirkuko saioak izugarriak izaten dira, baina belaunaldiz belaunaldi pasatu diren emanaldia handiak dira. Saio barregarriak egiten dituzte. Nik miresten ditut pailazo horiek. Gu antzerkitik goaz, eta beraiek gehiago zirkutik. Zirku eskola batean ikasi dugu, baina gure metodoa antzerkitik dator. 

Zer da clown izatearen hoberena?
Inprobisazioa. Paradisu bat bilatu dut inprobisazioaren munduan. Pantxika Lamur aurkezpenak egiteko, gala bat egiteko edo sariak banatzeko... izugarria da. Gainera, hainbat gai landu ditut pertsonaia honekin: droga-mendekotasuna, sexualitatea... Hori da hoberena. Gai bat lantzea eta gizarteari laguntzea freskotasun horrekin. Ez da polita zure buruaz gauza onak esatea, baina oso ongi ateratzen zait. Pertsonaia bat da, baina barrutik poza ematen dit. Beste gauza oso polit bat da duela 17 urte klaseak ematen hasi ginela Txantrean, eta horietako bi ikasle gurekin ari direla orain. Datozen bi ikuskizunetan aterako dira.