Telebista-antena birsintonizatu beharko da

Guaixe 2020ko urt. 29a, 12:25
Artxuetako antenak.

Ibarrean telebistako frekuentziak otsailaren 17tik aurrera hasiko dira aldatzen. Etxebizitza komunitateek zuzeneko dirulaguntza jasotzeko aukera dute.

Europar Batasunak telekomunikazioetako 5G teknologiako etorkizuneko sareei tokia egiteko eskatu du. Espektro erradioelektrikoko 700 Mhzko bandak garagartzaroaren 30erako erabilgarri egon behar du. Ondorioz, Lurreko Telebista Digital (LTD) bidez ikusten diren estatuko eta erkidegoetako telebista batzuek frekuentziaz aldatu beharra dute. 

Sakanan aldaketa hori otsailaren 17tik aurrera eginen dute. Ondorioz pisu blokeetan talde telebista-antenaren instalazioa egokitu egin beharko da. Hori ez bada egiten ez da telebista katerik ikusiko etxean. Behin telebista-antena frekuentzia berrietara egokituta, urrutiko agintearen laguntzaz telebistak birsintonizatu beharko dira. 

Antena-teknikarien lanak kostua izanen duenez, gobernuak aldaketak ukitzen dituen etxebizitza komunitateei zuzeneko diru-laguntza ematea erabaki du. Eraikinean aurretik zegoen azpiegituraren arabera 104,3 eta 677,95 euro arteko dirulaguntza jasotzeko aukera dute komunitateek. Dirulaguntza eskaerak irailaren 30era arte egiteko aukera izanen da. Eskaerarekin batera faktura eta instalazio buletina aurkeztu beharko dira. Dirulaguntza jasotzeko egokitzapena Telekomunikazio Instalatzaileen Erregistroan izena emanda dauden instalazio-enpresek egin behar dute. 

Argibide gehiago 
www.televisiondigital.es web orria edo 901 201 004 eta 910 889 879 telefono zenbakiak.