U30 Greba Orokorra

Besoko moreak jantzita, greba orokorrera!

Guaixe 2020ko urt. 28a, 18:47

Sakanako mugimendu feministako kideak grebara deitzen.

Sakanako mugimendu feministak hilaren 30erako deituta dagoen greba orokorrarekin bat egin du: “azken bi urteetan martxoaren 8ko greba egunetan mugimendu feministak egindako indar erakustaldia errepikatu dezagun. Eta greban egon ezingo diren emakume preso, etxeko langile, zaintzaile eta indarkeria matxistak eraildako emakumeak presente eduki ditzagun”.

“Emakume feministok ere lan guztiak utziko ditugu eta kaleak hartuko ditugu. Grebarako hamaika arrazoi ditugulako”. Hala adierazi dio Sakanako mugimendu feministak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta gehiengo sindikalak hilaren 30erako deitutako greba orokorrari. Sakanako mugimendu feministak “prekarietatearekin bukatu eta bizitzak erdigunean jarri nahi ditugula aldarrikatuko dugu, zaintza-lanak kolektibizatu nahi ditugula errebindikatuko dugu, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak nahi ditugula ozen eskatuko dugu”. 

Horregatik, Sakanako mugimendu feministak aldarrikapen zehatzak kaleratuko ditu hilaren 30ean. Batetik, etxeko-lanak eta zaintza lanak duintzea, eta gainerako enpleguetan dauden eskubide berberak aitortzea. Bestetik, eskatuko dute zerbitzu publikoak garatzea, eta sektore horretan ezarritako murrizketak indargabetzea. Aldi berean, bereziki emakumezkoei ezartzen zaizkien aldi baterako lanaldi inposatuak ezabatzea eskatuko dute. Horrekin batera, feministek exijituko dute gizonezkoen eta emakumezkoen arteko soldata- eta pentsio-arrakalekin bukatzea. Gainera, mendekotasun-egoeran dauden pertsona guztiei laguntza-zerbitzu publiko, unibertsal eta doakoa legez bermatzea nahi dute. Azkenik, lan arloan dagoen soldata-arrakalaren, diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren kontrako legea onartzea eskatuko dute. 

Datuak 
Sakanako feministek adierazi dutenez, “arazoaren muinetako bat sistemak ezarritako sexuaren araberako lan-banaketa da, hau da, inposatutako genero-rolen araberako zereginen banaketa. Ondorioz, historikoki emakumeok emakumeok zaintza eta erreprodukzio lanez arduratu gara eta, gizonak, berriz, lan produktiboez. Banaketa horrek, gure lan egoera eta lan baldintzak guztiz baldintzatzen ditu, eta ondorioz gure bizitza”. 

Horien adierazle diren hainbat datu eman dituzte Sakanako mugimendu feministatik: Sakana industrializatuan jarduera-tasa % 77koa da, baina emakumezkoena % 31 besterik ez eta, bestetik, Sakanako emakumezkoen langabezia-tasa (% 14) Nafarroako altuenetakoa da. Feministek gaineratu dutenez, lan merkatuan genero-segregazioa dago. “Sakanan, industrian, batez ere gizonezkoak ari dira lanean, emakumeok nagusiki zerbitzuen sektorean egiten dugu lan (ostalaritza, merkataritza, zaintza-lanak…). Lan horietan dagoen prekarizazioa oso handia da (lanaldi luzeak, soldata baxuak…)”. Neska gaztea izanez gero lan baldintzak okertzen direla gaineratu dute: “askok kontraturik gabe tabernetan lan egitea, klase partikularretan, dendetan, haurrak zaintzen…”

Hego Euskal Herriko emakumezkoen errealitatearen argazkia ere azaldu dute: kontraturik gabe lanean ari diren pertsonen % 74 emakumezkoak dira; aldi baterako kontratuak dituztenen % 28 dira;  lanaldi murriztua dituzten % 76 dira emakumezkoa, Altsasun % 86; emakumezkoek urtean gizonezkoak baino % 25 gutxiago kobratzen du bataz beste; emakumezkoen erretiro-pentsioa gizonezkoena baino baxuagoa da (Nafarroan 2015ean gizonena emakumezkoena baino % 70 handiagoa zen); pentsiodun emakumezkoei lan-merkatu arautuan sartzea ukatzen zaie, eta sartzen direnean zaintza-lanei lotuta baliatu dituzten baimen eta lan-murrizketak guztiz baldintzatuko diete erretiroa eta hainbat emakume Gizarte Segurantzaren erregimenetik kanpo eta oinarrizko lan-eskubideen bermerik gabe ari da lanean, etxeko langileak, esaterako. 

Mugimendu feministako kideen iritziz, “azken urteetan emakumeok soldatapeko lanetan hasi gara, baina horrek ez du berrantolaketa sozioekonomikorik ekarri. Zaintza-lanek gizonen eta emakumeen artean modu erantzunkidean antolatu gabe segitzen dute”. Lan-merkatuan ere emakumezkoek indarkeria matxista pairatzen dutela gaineratu dute, emakumezkoen hainbat askatasun urratzen direla gaineratuz.