Euskarazko irakaskuntza, urrutira joateko!

Guaixe 2020ko urt. 27a, 08:56
Haurrak eta gurasoak Arbizuko plazan.

Hainbat toki-erakundek ikastetxeetako matrikulazio garaian D eredua aukeratzeko deialdia egin dute.

Nafarroako hainbat udalek eta mankomunitatek, Sakanakoak barne, D ereduaren berri emanen dute. Horretarako, “Aspalditik gatoz, urrutira goaz” leloa duten kartelak, bideo bat eta sare sozialetan zabaldutako komunikazioak baliatuko dituzte. Guztia familiei azaltzeko “euskarazko irakaskuntza oso interesgarria” dela. Toki-erakundeetako ordezkariek azaldu dutenez, D ereduak”hizkuntza aniztasuna kontuan hartzen duen hezkuntza teknikoa eta humanoa izateaz aparte, gertuko kulturaren gozamenaren bidez mundu zabalari begiratzeko aukera ere eskaintzen baitu”. 

Horregatik, familiei eskatu diete euren seme-alabak ikastetxean matrikulatzerakoan euskarazko irakaskuntza hautatzeko, “bizitzako bidaiarik ederrena oparituko diezu”. Toki erakundeetako arduradunek gaineratu dutenez, “helburua kontuan harturik, Euskara Zerbitzuen bidez, era askotako baliabideak eskaintzen dizkiegu familiei euskararen ezagutza eta erabilera bizkortzeko”.