Ilbeltzaren 30erako deitutako greba orokorrak ez du Nafarroako UGTren babesik izanen, uste baitu “ez duela justifikaziorik”. Sindikatuaren iritziz, “sindikatu banaketa sakontzen duen deialdi sektarioa” da, eta “orain arte pentsiodunen eta bestelako gizarte taldeen mobilizazioen ezaugarri izan den batasuna hausten du”. UGTtik gaineratu dutenez, “deialdi desegokia da, orotarikoa eta nahasia, borroka politikoko eta protagonismo esklusibo eta baztertzaileko estrategia sindikalari soilik erantzuten diona, mugimendu pentsiodunaren bidezko aldarrikapenak eta gizarte-maila handien nahiak erabiliz”.
UGTkoen iritziz greba orokor deialdia “une desegokian egindako deialdia da, Gobernu aurrerakoi batek kargua hartu berri duenean, eta haren lehen erabakia pentsioen balioa KPIaren bilakaeraren arabera handitzea izan da, horixe baitzen erretirodunen eta pentsiodunen erakundeen funtsezko aldarrikapenetako bat”. Eta Espainiako Gobernua eratzeko koalizio programan gizarte eta lan arloko hainbat neurri jaso direla gogorarazi du.
UGTk kritikatu duenez, “sindikatu nazionalistak ohituta daude deialdi partikularretara, desberdintzeko asmoz, eta are greba orokorretarako deia egitera ere, gehiengoa duten sindikatuek aukeratutakoa ez den beste egun batean, lantokietako plantillak hautsiz eta mobilizazioaren ondorioak mugatuz, patronala eta momentuko gobernua nahasteko". Horregatik uste du greba orokorrerako deialdia “beren interes partikularrei begira” egina dagoela, “ez lan- eta gizarte-aurrerapenak lortzeko tresna” gisa. Deitzaileei “langileak eta herritarrak identitate-arrazoiengatik zatitu eta banantzea” eta “Estatuaren eskumena diren guztion arazo eta aldarrikapenak erabiltzea” leporatu die, “bere diskurtso biktimista eta nazionalista elikatzeko”.
Nafarroako UGTk “PPren Gobernuak inposatu zituen lan-erreforma eta pentsioen erreforma indargabetzeko borrokan jarraituko du”. Horretarako, “elkarrizketa soziala eta Nafarroako eta Espainiako gobernu aurrerakoiekin hitzarmena eginen ditugu". Gaineratu duenez, gobernu horiek hartutako konpromisoak beteko ez balituzte, “orduan bakarrik, iritsi da greba orokorrerako deia egiteko unea”.