Euskal Herriko Gizarte Eskubideen Kartak eta ELA, LAB, STEILAS, ESK, HIRU, Etxalde eta EHNE sindikatuek greba orokor deialdia egin dute biharko. CNT sindikatuak ere bat egin du deialdiarekin. Lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatuko dute eta mezu hori sustatzeko Sakanan sei greba batzorde sortu dira: Irurtzunen, Lakuntzan, Arbizun, Etxarri Aranatzen, Bakaikun eta Altsasun. Gainera, 50 langiletik gorako dozena bat lantegietako enpresa batzordeek babesa eman diote greba orokorrari.
Greba batzordeetako ordezkariek azaldu dutenez, “ilbeltzaren 30ean, feministok, gazteok, langileok, pentsionistok, nekazariok, tabernariok, dendari txikiek hitzordua dugu bizitzeko, lan egiteko eta erretiroa hartzeko dugun eskubidearekin”. Batzordeetatik mobilizazio eguneko aldarrikapenetako batzuk gogorarazi dituzte: “2011ko lan erreforma eta 2013ko pentsioen erreforma (67 urtera arte lan egitea) bertan behera uztea, prekarietatearekin eta soldata arrakalarekin bukatzeko neurriak ezartzea (1200 euroko gutxieneko soldata, 1080 euroko gutxieneko pentsioa, 35 orduko lan astea…).
Biharko grebarekin bat egin dutenek gogorarazi dutenez, “2008an abiatu zen krisiak eta bertatik ateratzeko, kapitalak aberastasuna metatzen jarrai zezan hartutako erabaki neoliberalek prekarietatea hedatu dute gurean, kontratuetan, behin behinekotasuna da nagusi, lanaldi partzialak emakumezkoendako dira, zaintza lanak emakumezkoek bere gain hartzen dutelako eta sektore prekarizatuetan lan egiten dutelako, soldatek eros ahalmena galdu dute, egungo pentsioen bideragarritasuna prekarietateak jartzen du auzitan…”
Horregatik, “kapitalaren aurrean bizitza da handiena, eta bizitzaren alde egiten dugu. Burujabetzaz, Euskal Herrian erabaki propioak hartzen joateko garaia da, burujabetzaz aldaketa soziala eraikitzeko garaia da”. Horregatik guztiagatik, greba orokorreko egunean herrietan antolatutako deialdietan parte hartzera deitu dute batzordeetatik, bereziki, 18:00etan Altsasun eginen den manifestazioan.
Greba eguneko mobilizazioak
Goizean goizetik piketeak herri eta poligonoetan.
09:30ean Altsasun, manifestazioa, Eroskitik abiatuta.
10:00etan Irurtzunen giza katea, San Martin eta Bi Ahizpe kaleetan.
10:00etan Etxarri Aranatzen manifestazioa, plazatik abiatuta.
10:00etan Bakaikun, kontzentrazioa eta hamaiketakoa, erdiko iturrian.
10:30ean Lakuntzan, pankartak egitera, plazan.
10:30ean Arbizun kontzentrazioa, plazan.
12:00etan Iruñean manifestazioa, Gaztelu plazan.
16:30ean Etxarri Aranatzen, kafe hartzea plazan, ondoren auto-karabana Altsasura manifestaziora joateko.
16:30ean Bakaikun, kafe hartzea erdiko iturrian, ondoren auto-karabana Altsasura manifestaziora joateko.
18:00etan Altsasun manifestazioa, BMko aparkalekutik.
Atxikimenduak
ELA, LAB, STEILAS, EHNE, HIRU, ERNAI, IA, Sakanako Gazte Asanbladak, Bilgune feminista, Altsasuko feministak, Sasoia, Pentsionistak Martxan, Otsailaren 22ko Plataforma , Ospa, Sakana Trenaren Alde….