Pentsio duinen aldeko mugimenduak bere aldarrikapena kalera atera zuela bi urte bete ziren duela bi aste. Mugimenduak berak pentsioen eremuaz aparte, modu zabalagoan “planto” egiteko beharra plazaratu zuen, euren aldarrietatik harago joateko asmoz. Eta hor bat egin zuten ELA, LAB, STEILAS, ESK, HIRU, Etxalde eta EHNE sindikatuek. Azken horiek eta hainbat gizarte eragilek herritarren eskubide sozialak biltzen dituen Karta osatu zuten duela sei urte. Kartaren sustatzaileen eta pentsio duinen aldeko mugimenduaren konfluentziatik sortu da biharko greba orokorrerako deialdia, “lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituzten neurrien aldeko mobilizazio dinamika”. Deialdiarekin bat egin du ere CNT sindikatuak.
Batzuen zein besteen iritziz, “egoera ikusita beharrezkoa iruditzen zaigu jauzi bat ematea lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokan. Konbentzimendu hirukoitz batek batu gaitu: batetik, pentsioena denon afera da, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa da; azkenik, eskubide sozialak bermatu behar dira”.
Greba deitu dutenen iritziz, “bestelako eredu sozio-produktiboa eraiki behar dugu, bizitza erdigunean jartzeko, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emanez”. Eraiki beharreko eredu horren ardatz nagusiak ere zehaztuak dituzte: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa, eskubideen unibertsaltasuna, euskararen normalizazioa, lurraldeen arteko oreka, jendartearen beharren arabera antolatua (lehen sektorea, azpiegiturak, merkantzien eta garraio sektorea...).
Greba orokorrerako aldarrikapen taula
2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea:
• Erretiroa 65 urterekin.
• Erretiro Aurreratua 61 urterekin, 30 urte kotizatuta izanez gero. Koefiziente murriztaileak arintzea.
• Erretiroa hartu ahal izateko adina jaisteko aukera zabaltzea sektore berrietara, bereziki nekagarriak eta arriskutsuak diren sektoreetara, adibidez, garraio-sektorea.
• Pentsioa kalkulatzeko 15 urte hartzea kontutan.
• Pentsioen eros-ahalmena bermatzea (gutxienez KPIaren pareko igoera)
• Pentsioen jasangarritasun-faktorea kentzea.
Beste neurri batzuk pentsioei buruz:
• 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
• Pentsio sistemaren finantziazioa bermatzea, kotizazio sozialen eta zergen bidez.
• Lanaldi partzialeko kontratuetan kotizazioak zenbatzerakoan zigorrik ez aplikatzea. Lan egindako egun bakoitzeko, kotizatutako egun bat.
Zapateroren eta Raxoiren lan-erreformak bertan behera uztea:
•Hitzarmen kolektiboetan ultraktibitate mugagabea.
•Herrialdeko hitzarmenen aplikazioa lehenestea estatu mailako hitzarmenen gainetik.
•Beheko esparruko hitzarmen batek goragoko esparruko beste baten baldintzak okertzeko aukerarik ez izatea.
• Lan-eskubideetan egindako murrizketak atzera botatzea.
Beste neurri batzuk enpleguari eta pentsioei buruz:
• Gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakala amaitzea.
• Hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata.
• Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioan ematen den iruzurra zigortzea.
• Lanaldia 35 ordura jaistea, soldata gutxitu barik.
• Bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea.
• Azpikontratatutako enpleguan subrogaziorako eskubidea bermatzea.
• Zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera.
• Kontratazioan sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu-identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia-jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea.
• Kontratazioan prekarizazio-formula oro kentzea (etxeko langileen erregimen berezia, autonomo faltsuak, uberizazioa...)
• Klausula sozialak ezartzea administrazioko azpikontratetan.
• Lanera bizirik itzultzeko eskubidea. Lan Ikuskaritzako plantillak handitzea, Europar Batasunekoekin parekatu arte, eta lan-istripuen eta laneko gaixotasunen aurkako ekintza plan zorrotz bat ezartzea.
• Etxeko lanak eta zaintza lanak duintzea eta gainerako enpleguetan dauden eskubide berberak aitortzea.
Eskubide sozialen bermea:
• Menpekotasun egoeran dauden pertsona guztiei laguntza-zerbitzu publiko, unibertsal eta doakoa legez bermatzea.
• Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Errenta Bermatua %100ean parekatzea Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin, eta azken hori %50 igotzea bi pertsonak osatutako ohiko unitateetan, eta beste %50 igotzea 3 pertsona edo gehiagoko unitateetan.
• Alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea legez bermatzea, EHko Eskubide Sozialen Kartaren Herri Ekimen Legegileak ezarritako baldintzetan.
Lan-harremanetarako eta babes-sozialerako esparru propioa:
• Euskal Herriko langileek eskubidea izatea pentsio sistema publikoa eta pentsio duinak bermatzeko modurik onena erabakitzeko.
• Lan-harremanetarako gure eredu propioa eta negoziazio kolektiboko marko propioa erabakitzeko eskubidea, kanpoko esku-hartzerik gabe.
• EAEko eta Nafarroako instituzioei dei egiten diegu euren erantzukizunak onartu eta bide horretan aurrera egiteko neurriak har ditzaten, gisa honetako ekimenekin:
1. Gutxieneko pentsioa legez 1.080 euro arte osatzea, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen bidez.
2. Enplegu publikoari dagokionean (zuzenekoa nahiz azpikontratatua): 1.200 euroko gutxieneko soldata 35 orduko gehienezko lanaldia ezartzea; gutxienez herrialdeko hitzarmen sektoriala aplikatzen dela bermatzea, baita beste klausula sozial batzuk ere.
3. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan eta etxebizitza eskubidearen alde Eskubide Sozialen Kartak sustatutako Herri Ekimen Legegilea onartzea.
4. Lan arloan ematen den soldata arrakalaren, diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren aurkako Lege bat onartzea.