Pilota

Sakandarren arteko lehia gogorra espero da Markinan

Guaixe 2020ko urt. 24a, 12:12

Binakako hasierako ligaxkako 10. jardunaldian Ezkurdia eta Martija Jakaren eta Zabaletaren kontra ariko dira larunbatean Markina-Xemeinen (18:00, ETB1). Borroka estua espero da, lehenek seigarren puntua nahi dutelako, bigarren postura igotzeko, eta bigarrenek, aldiz, bederatzigarren puntua,  lider sendo izaten jarraitzeko

Binakako hasierako ligaxkako 9 jardunaldi jokatu eta gero, Jakak eta Zabaletak 8 puntu dituzte eta 5 puntu dituzten 4 biko daude: Artola-Imaz, Ezkurdia-Martija, Altuna III.a-Ladis Galarza eta Laso-Arbizu. Beraz, Jaka eta Zabaleta lider sendoak dira, eta hiru puntu ateratzen dizkiete atzean dituzten lau bikoei. Eta bigarren postua oso garesti dago. Bestalde, Irribarria-Rezustak 4 puntu dituzte, Olaizola-Urrutikoetxeak 3 eta Bengoetxea VI.a-Mariezkurrenak 1. Hasierako ligaxka despeditzeko 4 jardunaldiren faltan, oraindik asko dago erabakitzeko. 

Asteburu honetan Binakako 10. jardunaldia jokatuko da, eta pilotari sakandarrak elkarren kontra lehiatuko dira larunbatean Markina-Xemeinen (18:00, ETB1). Jose Javier Zabaletak eta Erik Jakak bikote oso orekatua osatzen dute, bikaina. Erik Jakak gora egiten jarraitzen du eta pilotaririk onenen aurka jokatzeko moduan dagoela erakusten ari da. Eta Etxarrengoa egungo atzelari onenetakoa da. “Lan ona egiten ari gara biok, elkar ondo hartzen ari gara eta horrek konfiantza hartzeko eta jokoa hobetzeko asko laguntzen du” azaldu du Jakak. Lider sendoak dira, jokatutako 9 partidetatik 8 irabazita eta galdutakoa 21 tantorekin galdu eta gero. Beraiek dira faborito nagusiak larunbaterako, baina Binakakoan ez dago arerio errazik. 

Ezkurdia eta Martija Buñuelen porrot handia jasotzetik datoz. Arbizuko aurrelaria gripearen ondorioak nabaritzen aritu da azken bi jardunaldietan eta nabaritu da. 5 punturekin, Binakako sailkapeneko 2. postua lortzeko seigarrena lortu nahi dute Jakari eta Zabaletari irabazita, Binakako finalerdietarako sailkatzeko bidean puntu garrantzitsua litzatekeena. Baina jakina, Jakak eta Zabaletak gauzak gauzak oso zail jarriko dizkiete, lider sendo izaten jarraitu nahi dutelako. Printzipioz faboritoak dira Jaka eta Zabaleta, baina Ezkurdiak eta Martijak konfiantza handia dute, Buñuelen gertatutakoari buelta eman nahi diote eta, beraz, estu-estua egongo da Markinan larunbatean jokatuko den partida. Pilota aukeraketa asteazkenean egin zuten, eta larunbaterako prest eta gogotsu daudela adierazi zuten bi bikoek, sakandarren arteko derbia izango den partidan. 

Gainontzeko partidei dagokienez, Baikok “kirol erabakiak” argudiatuz Bengoetxea VI.a Victorrengatik ordezkatzea erabaki du. Horrela, Victor eta Mariezkurrena II.a Artolaren eta Imazen kontra ariko dira, ostiralean, Hendaian (ETB1). Larunbatean Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak Laso eta Albisu izanen dituzte aurkari Labriten (17:45) eta igandean, Tolosan, Irribarriak eta Rezustak Altuna III.aren eta Ladis Galarzaren kontra jokatuko dute. 

Jaka eta Zabaleta, ikusgarri
Jakak eta Zabaletak igandean Altuna III.a eta Ladis Galarza izan zituzten aurkari Astelenan, eta beste errezitaldi bikain bat eskaini zuten Lizartzakoak eta Etxarrengoak pilotaren katedralean. Zabaleta ikusgarri aritu zen atzeko koadroetan, goitik behera agindu zuen eta pilota gozo-gozoak utzi zizkion Erik Jakari, Lizartzakoak bikain aprobetxatu zituenak. Aldiz, Jokin Altunak eta Ladis Galarzak ez zuten beren maila eman eta, azkenean 22 eta 9 gailendu ziren Binakako Txapelketako liderrak, partidan nagusi izan eta gero. 

Aldiz, ostiralean Buñuelen jokatutako partidan Ezkurdiak eta Martijak ez zuten bere egun onena izan. Bai, ordea, Irribarriak eta Rezustak. Aspaldiko moduan bezala jokatu zuten gipuzkoarrek, eta ikusgarri aritu ziren. Irribarriak min handia egin zuen bere erremate ikusgarriekin, eta atzeko koadroetan Rezustak Martija dominatu zuen eta Etxeberriko atzelaria ez zegoen aurrekoetan bezain fin. Gauzak horrela, lehen zatian ongi eutsi zioten sakandarrek, baina gutxika euren erresistentziak behera egin zuen eta Irribarria Rezusta gailendu ziren, 22 eta 9.