Euskal kulturaren erronkei erantzuten

Guaixe 2020ko urt. 24a, 09:11
Dena prest 'Hari izpia hartzen' jardunaldirako. CASTILLO SUAREZ

'Hari izpia hartzen. Euskal kulturaren erronkak Nafarroan' jardunaldiak egiten ari dira gaur, 09:00etatik aurrera, Iruñeko Kondestable jauregian. Euskal kulturaren eragileek, euskara teknikariek, politikariek eta abarrek parte hartuko dute

Euskal kulturaren transmisioan "eten bat" zegoela ikusita hainbat kezka dituzte Nafarroako euskara teknikariak, tartean Castillo Suarez Sakanako Mankomunitateko euskara teknikariak. "Kezka" horiei buruz hausnartzeko Hari izpia hartzen. Euskal kulturaren erronkak Nafarroan jardunaldia eginen dute gaur, 09:00etatik aurrera, Iruñeko Kondestable jauregian. Jardunaldiak interesa piztu du, izan ere, 90 lagunendako tokia zegoen eta guztiak bete dira. "Jendeak plazarik gabe gelditu da". 

Nafarroako euskal kulturaren eragileak bilduko dira gaur Iruñeko Kondestable jauregian Nafarroako hainbat toki-entitateetako euskara teknikarien sareak, Elkar fundazioak eta Karrikiri elkarteak antolatutako jardunaldian. Castillo Suarezek azaldu duenez, "erronka pila bat daude", eta horiek antolatu beharra dute. Hortaz, jardunaldian hiru gai nagusi landuko dituzten euskal kulturaren erronkak Nafarroan gogoeta gidatuan: transmisioa, ikusgarritasuna eta kontsumoa. 

"Gu euskara teknikariak gara eta udal batzuetan badaude kultur teknikariak edo dinamizatzaileak, baina gure lana berez ez da kultur programazioa egitea". Eskualde txikietan, aldiz, denetarik egiten dute. Horregatik, esperientzia desberdinen kasuak ikusteko aukera izango dute gaur ere: "Gure funtzioa eta besteena zein izan beharko zen ikusi behar dugu, eta elkarrekin lan egin". Hortaz, jardunaldiaren ekimen garrrantzitsuena gogoeta gidatua izanen da. Bertan euskal kulturaren transimioari, sormenari eta eskaintzari buruz hitz egingo dute eta, ondoren, euskara teknikariek beste topaketa bat egingo dutela azaldu du Suarezek. 

Azpeitiko Dinamo sortu berri duten sormenerako espazioa ezagutuko dute, Aiaraldeko ekimen faktoriaren esperientziari buruz hitz egingo dute eta Berako alkateak haien esperientzia kontatuko dute. Aiaraldean kulturatik haratago joaten den espazioa sortu dutela azaldu du Suarezek, normalean "periferian" dauden gaiak lantzen dituztela, feminismoa eta komunikazioa, kasu. Beraren kasua "eredugarria" dela esan du Suarezek: "programatzekok eredu parte-hartzailea dute eta aitzindariak izan dira. Nik uste ez dela kasualitatea hainbeste sortzaile egotea Beran". Jardunaldietan ere Miren Artetxek Iparraldeko bertso eskolen esperientzia "positiboa" azalduko du. "Alde positibotik ikusteko".