Txirrindularitza

Rural Kutxa txirrindulari taldearen aurkezpena izan zen atzo

Guaixe 2020ko urt. 24a, 12:31

Josu Etxeberria iturmendiarra izanen da taldeko sakandar bakarra

Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak 2020ko aurkezpena egin zuen atzo Iruñean. Bi taldeak, talde profesionala eta talde amateurra edo afizionatua aurkeztu zituzten. Talde profesionalaren helburu nagusietako bat maila ona ematea da, Espainiako Vueltan aritzeko gonbidapena jasotzeko, eta afizionatuek ere bikain aritu nahi dute, amateurren mailan goian egoteko.

Rural Kutxa-Seguros RGA talde afizionatuan taldean sei euskaldun daude, tartean Josu Etxeberria Azpilikueta. Iturmendiarrak afizionatuen bigarren denboraldiari ekingo dio. Iaz debutatu zuen, eta Palentziako Itzuliko etapa bat irabazi eta 15 lasterketetan Top-10 edo lehen hamar postuetan sailkatu zen, primerako balantzera, beraz. Josu Etxeberriak 19 urte ditu eta bere helburua ahalik eta denboraldi onena egitea da, profesionaltasunera saltoa egiteko bidean. “Profesionaletara heltzea da nire ametsa, baina aurten ahal ditudan lasterketa gehien irabazten saiatuko naiz” azaldu zuen iturmendiarrak.